Unibertsitateak

Udako Euskal Unibertsitatea

UEUak aurrera eramaten dituen jarduera eta proiektu guztietan kalitatea du helburu. Hizkuntzaren zaintza, eduki, metodologia, material, baliabide eta gainontzeko bitartekorik hoberenak erabiltzen ditu azken emaitza onena izan dadin.

Onura publikoko izaera edukirik, gizartearen goi-mailako prestakuntzan dituen beharrak zeintzuk diren jakin eta horiei erantzuna ematen saiatzea da UEUren eginbeharra. Gainera, eskainitakoa mundu guztiaren eskura modu erraz eta erosoenean jartzen saiatzen da ahal den neurrian.

Euskara da UEUren ardatz nagusietako bat, bere izatearen arrazoietako bat. Unibertsitate-mailako garapena euskararen bitartez egitea du helburu. Euskara da Udako Euskal Unibertsitatearen komunikazio zein lanerako hizkuntza, eta euskaraz sortzen, antolatzen eta gauzatzen ditu jarduera guztiak.

Berrikuntza eta aurrerapenen aldetik, Unibertsitateak gizartearen motorra izan behar du. Gai berritzaileak lantzea, mamitzea eta ondoren, gizarteratzea da UEUren egitekoa, aditu onenen, erakunde zein elkarte puntakoenetan oinarritzen delarik.

UEUren izaera, soziala da, oinarria bazkideek osatzen dute eta barne-egitura guztiak irekiak ditu lan egin nahi duenarentzat. Sare zabal horrek proiektua etengabe aberasten du.

Bere izaerarengatik, gizartearentzat lan egiten duen heinean, elkarlana sustatzen du, honela proiektuak bideratuz eta euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotuz.

UEU gizartetik zein beste erakundeetatik gertu dagoen elkartea da. Harreman zuzen horri esker, proiektua urtez urte sendotuz doa, eta gizartearen eskaerak zuzen-zuzenean jaso eta erantzuteko aukera ematen die.

UEUn ez dago erakunde, egitura edota talde konkretuen izaera eta interes edo jokabideen menpe. Mendekotasun bakarra bere helburuekikoa da, eta hauek lortu ahal izateko erabakiak UEUko bazkideek osatzen duten Batzar Nagusian hartzen dira.

Hezkuntzan ematen diren aldaketak direla eta, ikasketa unibertsitarioak ikasturtero moldatzen dira. Lana bilatzeko zein hobetzeko, etengabe prestatzea ezinbestekoa da, teknologia berriek ere zeresan handia dute honetan. Egoera honi aurre egiteko moldatzeko gaitasuna duen erakundea izatea beharrezkoa da.

Inguruan lan egiten duten pertsonen atxikimenduak ahalbidetzen du egun UEUren proiektua sendoa izatea eta hezkuntza-alorreko erreferente bilakatzea.