Kontzeptua

Txerreroa

Honela deitzen zaio Zuberoako Maskaradaren taldean agertzen zaigun lehenengo pertsonaiari.

Txerreroa Maskarada Gorriko kidea da, eta baita Aintzindarien taldekoa, eta, haren eskuetan daraman zaldi buztaneko erratza astinduz jendea baztertzen du, beste dantzariei bidea irekiz; beste batzuentzat erratza astinduz espiritu gaiztoak uxatzen ditu.

Pertsonaia hau, egile batzuen iritziz, txerrizaina da, izenaren etimologiari jarraituz. Beste batzuentzat, mezularia da edo zaldiaren (zamaltzaina) mezularia. Haren dantza eginkizunean ez dago ez bata ta ez beste zereginaren inolako aztarnik.

Ez dago zehaztuta noiztik agertzen da Txerreroa maskaradetan, bainan, XIX. mendearen erdialdean, Maskaradak deskribatu duten idazleek, hain zuzen, A. Chaho-k, J. Bade-k eta F. Michel-ek dagoeneko aipatzen dute.

Txerreroak daraman jantzia hauxe da: jaka gorria, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka beltzak belaunetaraino, beheko aldean urrezko parpailetan amaiturik; galtzerdi eta zapatilla zuriak eta haien gainean zangozorro beltzak zinta gorri eta berdez apaindutak, loretxo moduan. Buruan txapela gorria darama, belarri parean jausten zaion borla zuri batekin.

Eskuan, esan bezela, zaldi ileko erratza moduko bat darama, eta gerrian, ezkilaz beteriko gerrikoa jazten du, dantzatzen duenean soinu erritmikoa sortzen duena.

1914. urtean Txerreroak jantzi berdina zeraman. Horrela, G. Herellek-k urte hartan egindako deskribapenean, ezberdintasun txiki batzuk besterik ez ditugu aurkitzen. Adibidez, berak aipatzen duen artilezko hirukoloredun borla txapelan, eta baita prakaren muturretan, belaunetan, eramaten ziren borlatxo gorriak, Azkenez, Txerreroaren erratza, metro ta erdikoa Herellerentzat, laburtu egin da, gutxi gora behera metro batera pasatuz.

A. Chaho-k, ordea, beste jantzia deskribatzen du 1865. urtean: kapela edo buruko lumaduna, jantzia kolore askotako oihal zatiekin egina, gerrikoa ezkilekin eta euli-hiltzeko bat zintzilikatuta, dantzarien eboluzioak jarraitzen zuela; galtzerdiak, bata zuria eta bestea gorria. Eskuan erratza darama.

Harrigarria da bakarrik berrogeita hamar urtetan jantzia hainbeste aldatzea; Chahok deskribatutako jantzitik, txerri zaintzaile batek eramango zutenaren antza haundiagoa duela, bakarrik heldu zaigu ezkiladun gerrikoa eta zaldi ileko erratza.

Lehen esan dugunez, Txerreroak, Maskaradako taldearen lehenengo pertsonaia izanik, bidea garbitu eta lekua zabaldu egiten duela, beraren atzean datozen dantzari guztiak dantzatzeko leku nahikoa eduki dezaten, jendea baztertuz.

Funtzio hori oso agerikoa da barrikadeetako ibileran eta arratsaldeko plazaren sarreran, baina Kerestuen funtzioan ere agertzen zaigu. Honetan, Kherestuak Txerreroaren atzetik plazaratzen dira, honek erratza astinduz ohi den moduan. Behin plazan sartuta, Txerreroa ateratzen da plazatik Kerestuek haien funtzioa antzestu dezaten.

Hortaz aparte, Aintzindarien partaidea izanik, talde honek egiten dituen dantzetan parte hartzen du: muxiko edo jauzietan (ostalersa, aintzina phika, moneinak, xibandriak...), Aintzindariei erreserbatutako borobilean dantzatzen du; beste dantza berezietan: Gabota, Godaleta edota Braletik Jauzian bere lekua dauka, talde osoarekin edo bakarka dantzatuz; barrikadetan ere, bere bakarreko dantzaldia egiten du, barrikadaren aurrean; bera da ere, lehena izanik, barrikada hausten duena.