Kontzeptua

Ttun-ttun

Musika-Tresna.

Kordofonoa, egurrezko erresonantzia-kaxa bat da. Haren gainean ongi tenkatutako hainbat soka paratzen dira, makila bat baliatuz kolpatzen direnak.

Erresonantzia-kaxa luzea da eta aurrealdean zizelkatutako bizpahiru irekiune geometriko ditu, soinua ateratzeko leiho modura. Bertako zura baliatuz egiten da, gehienetan gereziondoaren edo intxaurrondoaren zura baliatuz. Orokorrean sokadun danbor izenez ezagutzen da eta erdi aroko perkusioaren salterioen aldaeratzat hartzen da.

Baionako Euskal Museoan lau dira ikus daitezkeen ttunttunak. Horietako bi sei sokadunak, bat bost sokaduna eta beste bat hamar sokaz hornitua. Egurrezko esekigailua du eta 77-84 zentimetro arteko luzera. Bruselako Musikako Errege Kontserbatorioaren Museoak duen katalogoan, Mahillonek dioenez, kaxaren luzera 91x20 zentimetrokoa da.

Ttunttun izendapenak ateratzen duen soinuaren onomatopeia iradokitzen du. Dena den, Euskal Herrian beste izendapen batzuk ere izan ditu, besteak beste, danburia, soinu, rabete, salterio, tambourin eta baita tympano ere. Goi Aragoi inguruan chicotén izenez ezagutzen da eta txilibituarekin batera interpretatzen da. Pirinioen iparraldean, berriz, tambourin basque edo tambour de Béarn izendapena da nagusi. 1701eko aipu batean "tambourin de Biscaye" ere irakur daiteke. Pierre de Lancre Euskal Herrira sorginkeria-izurritearen aurka ekitera iritsi zen inkisidorea zen. Hark idatzitako liburuaren arabera, sorginen arteko bilkura edo akelarre ezagunetan ez zen musika falta izaten. Musika hori danbolinarekin, biolinarekin edo salterioarekin sortzen zen. Azken horrek "larrurik gabeko Bizkaiko danbor" izendapena hartzen zuen.

Pirinioetako musika-tresna da erabat eta Euskal Herriko ahozko tradizioari esker erabilera hedatu bazen ere, ekialdeko zonaldera mugatu zen, zehatzago izatera, Zuberoara. Txirula edo txistua izaten zuen lagun. Eskualde horretako azken fabrikatzaile ezaguna Pierre Errekalt izan zen.

Dokumentazio historikoan irakur daitekeena eta Zuberoan ikusitakoa aintzat hartuz, tradizionalki txirularen laguntzarekin interpretatu ohi zen Ttunttuna. Hala, musikari berak, txirulariak, bi musika-tresnak jotzen zituen aldi berean. Orokorrean txirula ezker eskuaz jotzen zuen eta, alde horretako besoa baliatzen zuen Ttunttuna saihetsen aurka eusteko. Libre geratzen zitzaion eskuarekin musika-tresna jotzeko makila erabiltzen zuen. Makila hori, zenbaitetan, ehuna, larrua edo belusa erabiliz gaineztatzen zen. Makilarekin markatzen da erritmoa, pordoia esekitokira eramanez. Horrenbestez, bi funtzio ditu. Alde batetik, txirulaz ateratako doinuaren erritmoa laguntzeko baliatzen da eta, beste batetik, bi noten arteko oinarri harmonikoa ezartzeko, etengabeko baxu modura, nota pedal, baxu eta erritmikoa sortuz.

Usadioaren arabera sokak kintaren tonuaren arabera jarri behar dira (tonikoa eta gailena txirulan). Sei sokaz hornitzen denean, hiru baxuak dira eta beste hiru altuak. Eta zazpi sokaz hornitzean baxuak dira nagusi (lau). Burdinazko edo zurezko larakoekin jartzen dira tonuan. Ttunttuna jotzeko modua oso oinarrizkoa da. Jotako sokaren erantzun mekanikoz, tenkatutako partxearen ezberdina, ttunttunaren erritmoak ez dira txistulariaren danbolinarekin sortzen den erritmoa bezain landu edo apainduak. Hala, esate baterako, txistulariak modu ezberdinetara (konplexutasun maila ezberdinekoak) markatzen duen 6/8 konpaseko aire ezaguna, kortxea-beltza oinarrizkoa izan ohi da txirulariarentzat. Musikariak soka guztiak kolpa ditzake edo soilik kintaren edo tonikaren tonuan jarritakoak. Zuberoako dantzaren tradizioan txirulariarekin batera tabalaria izan ohi da, danborra edo tabala jotzen duena eta kutsu ezberdinetako eskema erritmiko anitzak sortzen dituena, esate baterako, maskarada edo pastoraletako kutsukoak. Tabal hori txistularien bandako atabala baino handiagoa da.