Kontzeptua

Ttun-ttun

Uste denez, Frantzia hegoaldetik iritsi zen Ttunttuna Euskal Herrira. Diderot eta D'Alemberten entziklopedian txirula eta soinu edo Ttunttuna jatorri euskaldun edo proventzala duen musika-tresna modura agertzen da (nahiz eta gaur egun soinua euskaraz, batez ere, akordeoia izendatzeko erabiltzen den eta, izatekotan, txirulaz eta Ttunttunaz sortutako soinu-konbinazioari egiten diola erreferentzia ulertu behar da). Pirinio iparraldeko txirulariaren funtzioak izan ziren Penintsulako danbor-jotzaileen ispilu, baita dantzaz aparteko funtzioei dagokienez ere. Bi tradizio horiek Frantziako Iraultzaren ondorioz urrundu ziren. Hori aski nabaritu zen udalekotze-prozesuan, ekialdeko lurretan eman ez zena.

Herellek nolabaiteko arretaz jarraitu zuen ttunttun edo soinua eta gainerako musika-tresnekiko ezberdintasunaz mintzatu zen. Angel de Apraizen arabera:

Herellerentzat soïnua "Gaskoniako" izendapenez ezagutzen den danbolina da, Proventzako danbolinarekin alderatuta oso ezberdina zena, izan ere, egile berak dioenez, Proventzakoa kaxa luzatua duen danborra besterik ez da eta Gaskoniakoa egurrezko erresonantzia-kaxa bat da, ia angeluzuzena, luzera gehiago duena zabalera baino, bost bider gehiago; eta haren gainean sei soka paratzen dira larakoak baliatuta tenkatzen direnak. Soinua ez dela musikariaren gerrian lotzen dio, ez dela tirante bat baliatuz haren bizkarretik eskegitzen, aitzitik, musikaria zutik dagoelarik besaurre eta saihets artean eusten du instrumentua, eta esertzen denean eskuin sorbaldaren eta ezker hankaren aurka paratzen du trabeska. Modu horretan, eskuin eskua beti libre geratzen da txirula eusteko eta ezkerra makina batekin soinuaren sokak kolpatzeko (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

XVI. eta XVII. mendeetan Nafarroa osoan zehar zegoen hedatuta eta baita Lapurdiko zati batean ere. Aitzitik, ez dago Gipuzkoan, Bizkaian edo Araban erabili zela erakusten duten dokumentu askorik. Manuel Larramendi Corografía lanean haren erabilera aipatu zuen, XVIII. mendean. Gipuzkoan danbolinarekin egiten ziren dantza arruntak aipatzean Lapurdin ematen zitzaion erabilerarekin zegoen aldea aipatu zuen, soka lodiz hornitutako harpa, makila batekin higatuak, soinu marrantatsua irristatzen da eta gure danbolintxoaren zaratarik gabe (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

XVI. mendean salterio edo ttunttuna txirularen lagungarri den perkusiozko musika-tresna modura erregistratzen da Tuteran, Baztanen eta Behe Nafarroan. Musika-tresna hori Zangozako merindadeko Pirinioetako haranetan erabili zen berandu arte eta litekeena Erronkariko haraneko usadiozko dantza herrikoiaren izenaren jatorrian instrumentu hura egotea, hau da, Ttunttuna, izan ere, hori zen dantza horretan erabiltzen zen musika-tresna nagusia. Orobat, Nafarroan, Oitzeko Jauregian dauden XVI. mendeko pinturetan aingeruen friso bat ikus daiteke. Horietako bat ttunttuna eta txirula joz ageri da.

Udalak San Fermin jaietarako kontratatutako musikarien zerrendan atal berezitua zegoen salterioa jotzen zuten haientzat; hala, zerrenda horietako goiburuak hauek ziren XVI. mendetik XIX. mendera arte: Danbolinak (egungo txistulariak), biolinak, salterioak, bihuelak eta dultzainak. Horietan musikarien identitate eta jatorria eta haiei egindako ordainketak azaltzen dira.

Abbadie zientzialari eta mezenasak, Arturo Campionek eskatuta eta penintsulako Euskal Herriko jardunekin bat eginez, 1893an xirula eta Ttunttun lehiaketa deitu zuen Uztaritzen.