Dramaturgoak

Soroa Lasa, Marcelino

Omar-Celin-Oasor, M.S.L., Plancha Baser, Tarra eta El Suscriptor primitivo.

Donostian jaio zen 1848ko apirilaren 27an, Puyuelo kalean, gero Fermin Calbeton. 1902ko uztailaren 20an hil zen Donostian.

20 urte zituela Donostiako prentsan agertu zen dagoeneko (1868). Valladolideko Unibertsitatean abokatu-ikasketak egin zituen. Ez zuen horretan lanik egin. Donostiako Udal Gimnasioko Soinketa irakasle izan zuen ogibide.

Dirudienez, lehen bertsoak Amadeo de Saboya monarkaren aurka idatzi zituen. Ziburura (Lapurdi) jo bide zuen, eta han bigarren karlistada amaitzean erbesteratutako beste donostiar batzuekin elkartu zen. Horien artean zen Toribio de Alzaga. Denbora pasatzeko eta atsegin izateko sortu zuten "El trueno" elkartea izan zuten topagune. Haien antzezpenak "Las Tempestades" izendatzen ziren. Donostiarrak eta beste errefuxiatu euskaldun batzuk elkartzen ziren gune horretan sortu zen euskal antzerkigintza apalaren beste kimu bat. Soroak Iryarena konposatu zuen gaztelaniaz, nahiz eta tartean euskarazko zati batzuk ere barneratu zituen. 28 urte zituela Ziburun (Lapurdi) Iryarena antzeztu zuen, zarzuela moduan.

Gerra amaitu zenean Soroa Donostiara itzuli eta "Unión Artesana" herri-elkartera joateko ohitura hartu zuen. Horrez gain, han elkartzen zirenek bazuten beste egoitza bat Lasala plazan, "La Fraternal" izenekoa. Han antzeztu ziren Soroaren euskal antzerkiak. 30 urterekin Donostiako "La Infantil del Gimnasio" sortu zuen (1878).

Maiatzaren 12 eta 19an Iriyarena kale nagusiko Antzoki Zaharrean antzeztu zen lehen aldiz. Arrakasta izan zuen eta libreto eran editatu zen. Kronikariak dioenez: "liluragarria izan zen, arrakasta zaratatsua, deskriba ezina: lehen aldiz oholtza gainean euskara entzun zen" [["Euskal-Esnalea", 1902]. Euskarazko esaldiak tartekatzean izandako arrakasta ikusita, Soroak euskara hutsean idatzitako lehen lana idatzi zuen: Anton Kaiku 1880ko azaroaren 6an, 32 zituela Soroaren hirugarren lana (Gabon) antzeztu zen, iragarpen-orrian jartzen duenez "Donostiko Biltoki Lenendikoan" [Principal Antzokia]. Bi urte beranduago, 1882ko urtarrilaren 25ean bigarren antzerki-lana antzeztu zen antzoki berean, Anton Kaiku jostailu barregarria. Gero, otsailaren 12an Tolosan antzeztu zen.

Hainbat kolaborazio egin zituen: "El eco de San Sebastián" ["Entre sábados" eta "Cartas a Gazigeza" orrialdeak], "El Urumea", etab.

36 urte zituela ekitaldi bateko komedia bat kaleratu zuen Au Ostatuba! izenburupean (1884). Hurrengo urtean Euskal-naparren joaera edo emigrazioa argitaratu zuen, H. Colak egindako lanaren itzulpena (1885). Urte horretako Lore Jokoetan saria jaso zuen ¡Lapurrak, lapurrak! ekitaldi bateko komediari esker eta, urte berean Alkate berriya! jostailu barregarria argitaratu zuen (1885). Hurrengo urtean, Urnietako Lore Jokoetan estreinatu zen Barrenen arra eta Durangoko euskal-festetan saria jaso eta 1886ko abenduaren 26an Donostian estreinatu zen Urrutiko intzaurrak argitaratu zituen. 40 urterekin argitaratu zuen Gorgonioren estuasunak edo boltsa galdu, Juan Guimonek musikatu zuen ekitaldi bateko zarzuela (1888). 46 urte zituela ¡Abek istillubak! ekitaldi bateko komedia argitaratu zuen (1894) eta 47 urterekin Azak eta naste espainieraz eta euskaraz emandako artikulu-sorta (Donostia, 200 orrialde, 1895). 51 urterekin Zumarragako euskal-festetan saria jaso zuen Ezer ez ta festa argitaratu zuen eta 1899ko abenduaren 21ean estreinatu zen. Hamar urte beranduago, 1909ko abenduaren 21ean, Donostiako Principal Antzokian Bañan zein naiz ni'? komedia estreinatu zen. Halaber, Aushen da eguna ekitaldi bateko sainetea egin zuen. Lopez Alenek dioenez "jatorriz karlista bazen ere aspaldi galdu zuen politikarekiko interesa" (Euskal-Esnalea), 1902, II, 53. or.].