Kontzeptua

Sorgin

"Sorginak ziren ama-alaba bi. Morroia zuten lanak egiteko.Sarritan joaten ziren bariku gauean orraztuta polito paratuta. Morroiak ikusten zituenean horrela preparatuta zelatan egiten zien. Suaren azpian edukitzen zuten lapikotxo batean euren ukendua, eta ukendu horixe zangoetan eman eta esan "txiki txikien gainetik eta handi handien azpitik" eta joaten ziren. Haiek joan ziren batean morroiak ere ukendua jarri zuen. Baina oker aditu zuen besteek esan zutena eta honek esan zuen: "txiki txikien azpitik eta handi handien gainetik" Joan zen sasi guztien azpitik Eta tantai guztien gainetik dena urratuta Muxikako Eperlandara. Han zegoen Luzifer haien nagusia. Haiek ohitura zuten han Luziferri ipurdian muin egiteko. Denek egiten zioten banan bana. Morroiari izena ipini zioten "Sorginbarri". Honek eraman zuen burdinezko abarka-eztena (abarkak egiteko jostorratza) zorrotz-zorrotz eginda. Muin egitera joan zenean abarka-ezten huraxe sartu zion Luziferri. Honek esan zion: -"Sorginbarri, bizarrak gogorrak dituzu". Mutilak ikusi zuenean funtzio hau esan zuen: -" Jesús eta Credo, qué culo más negro!" Hau entzun zutenean denak eskapatu ziren. Etorri ziren etxera ama-alabak, morroia ere bai. Honek eman zion parte herriko parrokoari zer pasatu zen. Parrokoak deitu zien etxera ama-alabari eta ondu egin zituen.

Behin, beste askotan lez, atso bat egoten omen zen goruan ezkaratzean (sukaldean) eta gauero katu bat tximiniatik etortzen omen zitzaion, eta atsoa ikaratu egiten omen zen eta gizonari kontatu omen zion zer pasatu zitzaion. Gero, bada, gizonak esan omen zion atsoari bera paratuko zela andrearen jantziez, buruan painelu zuri eta guzti (buruko painelu zuria ezkonduen seinale da). Gizona goruetan zegoela etorri omen zen katua; baina gizona bizarrarekin zegoen eta katuak ezagutu egin omen zuen hura ez zela beste egunetako andrea; eta gero katuak esan omen zion goruetan zegoen gizonari: -"Gizona izan eta goruetan?" Eta gizonak katuari: -"Katua izan eta berriketan?" Eta gizonak sutondoko burruntzia hartu eta akabatu egin omen zuen katua, eta gero bota omen zuen ezkaratzeko leihotik ortura. Hurrengo egunean auzoko atso bat agertu omen zen, bere gona-gorri motz eta guzti hilda ortuan" (Barandiaran, 1972-73).