Kontzeptua

Sorgin

Sorginen inguruan egin beharreko lehen oharra, haien istorioen balio mitologiko urriari dagokiona da. Izan ere, sorginen legendak eta folklorea paganismo zaharraren aztarnak bailiran begiratzeko joera zabaldua dagoen arren, legenda eta folklore horietan kontatzen denak oso gutxi esaten du herri tradizio jatorrei buruz, eta asko esaten du berriz, sorgin ehiztariek erabiltzen zituzten gogoetez. Horien atzean ezkutatzen dena ez dira paganismo zaharrak sortutako gogoetak, kristau sermolari eta sorgin ehiztariek asmatutakoak baizik. Hauek asmatu eta herriak onartutakoak. Horregatik sorginak berdinak dira eta gauza berberak egiten dituzte Europako herri guztietan ezberdintasun edo ñabardura handirik gabe. Sorginen inguruko ikerketaren balio etnografikoa ez datza beraz, hari horretatik tiraka eskura dezakegun paganismo zaharrari buruzko informazioan. Aitzitik, sorgin ehizaren garaiko eta honen ondorengo gizarteko hainbat argibide luzatzea da eskaini diezaguken ekarpen nagusia.

Sorginen inguruan mito berri ugari bildu ohi da. Lehena, aipatu berri duguna, sorginen legendetan euskal paganismo zaharraren hainbat gako garrantzitsu egotearena. Hurrena, oso ezaguna eta zabaldua berau ere, sorgin ehizaren ingurukoa: Sorgin ehiza, Erromako Elizak eta bere Inkisizioak antolaturiko ekimena litzateke, herriaren baitan zegoen paganismoa erauztearren, eta euskaldunen kasuan gainera beste hainbat helburu politiko ere leudeke tartean. Gaiaren inguruan egin diren azken ikerketen argitan halere, gauzak ez dira modu honetan ageri.

Sorgin ehizak Europa osoan eta Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen dira, XV eta XVIII. mende bitartean. Euskal Herrian, XVII. mendearen hasieran iristen du goi maila, Pierre De Lancreren ekimenaz Lapurdin eta Logroñoko auziarekin Hegoaldean. Baina hastapena ia bi mende aurretik gertatzen da Italian, eta garai hartan bertako Inkisizioak ez daki zer egin behar den haiekin. Erromako Elizak erakunde moduan ez zuen sorgin ehiza prestatu ekimen antolatu gisa, baina kristautasuna izan zen sua piztu zuena. Ikerketa historiko berrienak XV. mendeko Sienako Bernardino Donea italiar sermolari ospetsuaren jardunean ikusten du, sorgin ehizaren sua piztuko duen lehen garra. Urte luzaz jendetza handiak bildu ohi zituen Bernardino honen sermoietan apurka-apurka histeria egoera zabaltzen eta errotzen lagunduko zuten elementuak aurki daitezke. XVII. mendean sorgin ehiza puri-purian dagoen garaian, Alonso de Salazar espainiar inkisidoreak berak, besteak beste, zenbait apaizen sermoiei botatzen die oraindik sorginkeriaren inguruko histeria piztu eta zabaltzearen errua. Espainiako Inkisizioa eta aipaturiko Alonso de Salazar hau batik bat, nahiko kritiko ageri dira sorginen epaiketak egiten diren moduarekin, eta azkenik, hori bai, sorgin ugari erre ondoren, aitzindari dira Europan auziok modu objektibo eta enpirikoan planteatzen, esplizituki ukatuz inor sorginkeria delituagatik kondena daitekeenik bere edo besteen deklarazioak froga bakartzat hartuta. Praxi berri horri eskerrak Espainian sorgin auziak oraindik urte askotan luzatuko diren arren, kondenak nabarmenki urritu eta zigorrak arindu egingo dira.

Sorginkeria eta sorgin ehiza agerkari konplexuak dira, ulerbide bakarrez argitu ezin daitezkeenak. Kristau fanatismoak piztu zituen, baina ez zen Inkisizioaren ekimen antolatu bat izan. Inkisizioak torturatu eta erre zituen hainbat eta hainbat errugabe, baina baita heriotzatik salbatu ere aginte zibilek herio ematera zihoazen hainbat ustezko sorgin. De Lancre frantziar sorgin-ehiztariaren eskuizkribuak aztertu dutenek dioskutenez, lapurtarren aurkako aurre iritziz beteriko gizona da, hauen bizimodu eta ohiturei gehienbat oso ezkor irizten dielarik, baina ez da ordea euskararen aurkako aurreiritzi izpirik aurkitzen ahal. Histeria egoera orokor bat dago oinarrian, baina horren gainetik, parte hartzen duten aginte erakunde eta gizabanakoen ekimenak ez daude lerrokatuta norako berean eta sarritan kontraesanak daude beren artean.

Sorgin ehizaren azterketaren aspektu interesgarrienetako bat ehiztarien aurreiritziak ezagutzea da. Hein honetan, oso ongi dokumentaturik dago Lapurdin terrorea zabaldu zuen Pierre (Rostegui) de Lancre euskal jatorriko sorgin ehiztariaren kasua: misoginia da nagusi bere diskurtsoan. Garaiko lapurtar emakumezkoen ezaugarri asko gogaikarri ditu, bai eta gizonezkoek bere ustez izan beharko lituzkeen funtzioak ez betetzea. Esate baterako abizena aitak ez transmititzea baizik eta etxeak iruzkin harritu gaitzespenekoa eragiten dio. Emakumeak libreegi aurkitzen ditu, ohituraz, itxuraz eta autonomiaz. Gaizki irizten dio gizonezkoak Ternuan hainbat hilabeteko arrantzaldian ibiltzeari, andreak bakarrik uzten dituztelako, jareginda eta beren buruaren jabe. Neska gazteak biluzik sartzen direla itsasoan, dio, eta noiznahi gonak jaso eta ipurdia erakutsiz ibiltzen direla. Emakume ezkonduen buruko zoronga klasikoari berriz, falikoa deritzo. Sagarrak jan eta sagardoa edateari ere gaizki deritzo halaber, Paradisuko sagarra eta Evaren istorioa gogora araziz. Bazter guztietan gaitza ikusten duen gizon hau, seroren jarduna bera ere gaitzestera iristen da, Deabrua eliza barrenean sartzeko bidea izan daitekeela iritziz. Hauek guztiak Lapurdiko jendea Deabruaren eskuetan erortzeko kinka larrian jartzen dituela uste du.

Pentsa daiteke, sorginkeria salaketen atzean zegoen oinarri egiazkoa, garai bateko paganismoari loturiko ohitura eta erritoak izan zitezkeela. Halere, errito hauetan garrantzitsuenek, kristau arropa berriak jantzita iraun ahal izan dute, erlijio nagusiarekin liskar handirik eragin gabe: apaizek egindako Mariren konjuruak, etxeko hildakoei egindako opariak, auzo baitako limosna bilketak, hainbat helburuz egindako erromeriak, e.a. Agian gorputza eta osasunaren esparruko egiazko hainbat kontu egon zitezkeen ustezko sorginen ukendu istorioen atzean. Edota sexu usadio librexeagoak garaiko apaizek nahi lituzketenak baino. Sorgin hitzak berak eman diezaguke horri buruzko pista bat. Sorgina, gaur emagina esaten dugunaren izen jatorra litzateke, eta honek nahiko ondo ematen du garaiko kristau fanatismoak bereziki gorrotagarri dituen hainbat aspekturekin. Sorgintzan bilduko lirateke hainbat ezaugarri: sexuarekiko lotura, emakumeen agindupeko esparru itxia izatea, ukendu eta sendagaiekiko lotura, jarduerak berarekin ekar litzakeen aspektu magikoak agian, ...

sorgin hitza garaiko euskal apaizen egindako hautua da, garaiko euskaldunek haien mezua uler zezaten, nonbait transmititu nahi zen irudiaren antzekoena sorginak bide zirelako. Euskal toponimiari begiratu ezkero pentsa daiteke halaber sorgin hitzarekin lotu aurretik erabili zen terminoa lamia edo lamiña izan zela, hori baita Europa osoan sorginaren sinonimo gisa maizen erabili ohi den hitza.

Sorginen eta sorgin ehizaren eragina euskal mitologian garrantzi handikoa da. Euskal paganismoa neurri handian kristau itxurapean gorde bada ere, zalantzarik gabe sorgin ehizaldiko ia bi mendek ondare etnologiko handi baten galera ekarri behar izan zuen. Hau logika hutsez ondoriozta daiteke, baina bada gainera Europako beste zokotan horrelako galeraren berri esplizituki ematen duen albiste idatzirik. 1688an eta 1712an Eskoziako mendebaldeko irlak bisitaturiko M. Martin ingelesak bertako igarkuntza ohitura zahar eta oso zabaldu bati buruz dioskunez, bi egonaldien artean hamarretik bakarrera jaitsi zen haren presentzia.

Ondare etnologikoaren galerarekin batera, ondare horren hondakinen pobretzea ere ekarri zuen zalantzarik gabe. Bai lamiñak eta bai sorginak, izen mailako nahasmendu handia eragin zuten euskal mitologian, jentilaroko izaki guztien ezkortasun orokor berriaren adierazgarri. Mari Anbotoko Sorgina bihurtzen da, jentil edo mairuei lamiña esaten zaie hainbat eskualdetan, sorgin etxe izenaz bataiatzen dira trikuharriak, ... Aurreko pertsonaien nortasun garbi eta ongi finkatuak lausotu egiten dira nahaste-borrastea eraginez.

Sorginen inguruko sermoietan eta sorgin ehizaren errepresioan dute sorburu sorginen mitologiaren inguruko hainbat eta hainbat motibo. Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik formula ezaguna (sorginak batzarrera teletransportatzeko erabiltzen omen zutena alegia), frantses formula antzekoan du jatorri, nahasmendua dessus (gaina)eta dessous (azpia) hitzen arteko hurbiltasun fonetikoan oinarritzen delarik. Lehenago aipatu dugun Alonso de Salazar inkisidorearen gomendioz histeria egoera baretzeko sorginei buruz hitz egitea debekatzen denean, agindu hori eta ordurako sendo sustraitutako sineskerien arteko liskarra sortzen da, eta horren ondorioz agertzen dira, herriak luzaroan gordetako hainbat adierazpide. Esate baterako, Barandiaranek jasotako hau: Direnik ez da sinetsi behar; ez direnik ez da esan behar. Honekin lotuta legenda ziklo zabala sortzen da, zera erakusten duena, alegia, sorginen izaera ukatzen duena, gero sorginek eragindako kalteak nola nozitzen dituen (Ez garela eta bagarela ohi diote sorginek istorio hauetan, beren izaeraren aldarrikagarri). Euskal mitologian gorde den legenda ziklo modernoenetako bat da, ermiten leku aldaketenarekin batera. Auzi horretatik dator halaber hainbatek esaera filosofiko kategorian ipini duten beste hau: Izena duen guztia bada. Esaldiari nolabaiteko misterio kutsua iritzi dakiokeen arren jatorria hori bezain prosaikoa du. Inkisizioaren aginduari nola edo hala saihesbidea asmatzea, eta esplizituki esan gabe ere, sorginak badirela egoskorki aditzera ematea.