Arkitektura

Santa Marina sanatorioa. Bilbo

1948 eta 1949 artean Aguinagak sukaldearen handitzea proiektatu zuen, osasun-etxe multzo osoaren elikadura zerbitzua elkartu eta sukaldea handitzeko beharra sortu baitzen. Eraikin berria pabilioi moduan diseinatu zen, iparraldeko gorputzari atxikia eta pasadizo baten bidez gorputz handienarekin komunikatuta. Estalkiak forma kurboa du, hormigoizko ganga batez osatua, eta 15.7m-ko Vierendell habe batek zutaberik gabeko eremu zabala sortzen du.

Urteak pasa ahala, beste hainbat aldaketa izan ditu eraikinak. Alde batetik, eta proiektuaren exekuziorako aurrekontu baxuak eraginda, material askoren narriadura gertatu da. Honen adibide da gaur egun fatxadak duen xaflazko estaldura. Bestetik, osasun erabileraren etengabeko beharrek ere eraikinaren kanpoko itxura eraldatu dute, barne azalera handitzeko asmoz hasierako hegoaldeko terrazak itxiaz esaterako.

Santa Marina

Aguinagaren Santa Marina eraikinak estatuko "lehenengo osasun hiri antibuberkulosikoa" osatzea suposatu zuen eta Patronatuak hurrengo urteetan ezarriko zuen osasun politiketan aurrekari izan zen honela. Tuberkulosia gutxitzen joan zen eran, ordea, era ezberdinetako gaixotasunak tratatzen hasi ziren bertan, nola neuropatiak, hala kardiopatiak edo biriketako kantzerra esaterako. Gaur egun ordea, multzo osotik erabilera sanitariorako dagoen eraikin bakarra Aguinagaren azken hau da.