Arkitektura

Santa Marina sanatorioa. Bilbo

Aguinagak eraikin konpaktu, baina aldi berean artikulatu eta asimetrikoa sortzea zuen helburu. Kasu honetan, arkitektoaren nahiaz gain, asimetria bi sexu ezberdinentzat elementuak errepikatu behar ezak justifikatzen zuen, gizonezkoak soilik egongo baitziren bertan. Honela, nahiz eta orduko osasun-etxeen T bikoitzeko eredua mantendu, simetria hautsiaz tipotik urruntzen den gutxitako bat da eraikin hau. Eraikinaren konpaktutasunaren ideia altueran eraikitzearekin bete bazen ere, artikulazioaren eta asimetriaren ideia galdu egiten ziren: lehena, bi bolumenek altuera berdina izateagatik eta bigarrena, aldiz, plantak eta altxaerak itxuraz nahiko simetrikoak direlako. Horrela, eraikina bi bolumen lauki-luze paraleloz osatua dago, bost solairukoak biak baina bata bestea baino luzeagoa. Aaltoren ereduari jarraituz, bi bolumenak sarrera eta komunikazio, bertikal nahiz horizontal, lanak egiten dituen beste beirazko gorputz zentral batek lotzen ditu. Bi bolumenetan txikienean, iparraldekoan, zuzendaritza eta bulegoak, eta zenbait zerbitzu mediku kokatu ziren behe oinean, eta gainontzeko zerbitzu medikuak eta gaixo larrien gelak goiko oinetan. Hegoaldeko gorputz luzean, aldiz, X-izpien gela, sukaldea eta garbiketa gunea zeuden behe oinean, sendaketa galeriara irekitako gelak guztiak goiko oinetan eta langileen etxebizitzak azken oinean.

Haurren eraikinaren proiektuan ernatzen hasitako ideiari jarraituz, gaixoaren beharretan eta horietarako behar zituen espazioetan (gela, galeria eta egongela) oinarritu zuen proiektua, gela unitatearen azterketan, alegia. Bi gela modulu ezberdin diseinatu zituen eta hauen inguruan antolatzen zen beste programa guztia. Bata txikiagoa zen -2 ohekoa- gaixo larrientzat, eta bestea handiagoa -8 ohekoa- sendaketa beharrak zituztenentzat. Gela txikiak gorputz txikian kokatu ziren, modu isolatuan, galeriarik gabe. Gorputz luzean, aldiz, gela handiak kokatu ziren modu jarraian, kanpoaldera irekia baina estalia zen sendaketa galeria batez komunikatuta. Bakoitza gorputz ezberdinetan kokatu zen korridore linealen bidez beraien arteko espazio antolaketa egokia lortu eta soberako espazio gehiegirik ez sortzeko.

Aguinagarentzat, gela unitateen ondoren, zerbitzu medikuen gunea zen osasun-etxearen proiekturako elementu garrantzitsuena. Hauek unitate independente bezala funtzionatu beharra zuten, baina beti ere inguruko elementuekiko komunikazio egokiekin. Horregatik, Santa Marinako eraikinean nahiz eta zerbitzu medikuak hiru solairuetan banatuta egon, bloke bakar bat osatzen zuten. Gainerako funtzio eta zerbitzu guztiak aurreko bien arabera eta zerbitzura antolatu behar ziren arkitektoaren aburuz.

Eraikinaren lengoaiari dagokionez, erregionalismoaz gain, arrazionalismoaren ezaugarriak ere erabiltzen ditu, garaiko arkitektura europarrari erreferentzia eginaz. Fatxadek eta eraikuntza ñabardurek arkitektura arrazionalistaren soiltasuna adierazten dute: ongi erabilitako ohiko materialak, burdinazko arotzeria minimalistak... Orokorrean, itxura modernoa zuen eraikinak, garaiko autarkiako arkitekturari aurre eginez honela. Osasun-etxearen altxaerek itsas estiloa jarraitzen bazuten ere, proiektuaren epe laburrek, alde batetik eta bestetik hartutako erantzunen ezberdinen gainjartzea ekarri zuen.