Kontzeptua

Politika

Barbara Goodwinekin (1988: 10) bat gatoz, izan ere, hark adierazten duenez, teoria politikoaren esentzia, boterearen erabilera azaltzeko, justifikatzeko edo kritikatzeko ahalegina da. Jazoerak abiapuntutzat hartuta, teoria politikoak modu abstraktu eta orokor batean azaltzen du politika. Ikuspegi horren arabera, hain zuzen horregatik, teoria politikoa

"gobernariak eta gobernuak legitimatzeko eta boterearen fenomenoa justifikatzeko etengabeko ahalegina"

egiteko tresna da.

Dena den, Goodwinek aitortzen duenez, teoria politikoaren egitekoa eskola behavioristak abiarazitako azterketa funtsean objetibista baino haratagokoa da. Hala da, era berean, teoria politikoak:

"askatu egiten gaitu modu espekulatibo edo idealistan pentsatzeko, existitzen denaren deskribapen kritikoaren amarruan erori gabe, aldagaitza bailitzan betiko."

Hau da, eratutakotik haratago, iguripen berriak sortzeko oinarriak finkatzen ditu, ematen duen "irudimen kritikorako aukera zabalari" esker. Bestela esanda, teoria politikoa baliagarri izan daiteke boterearen forma errepikariak aztertzeko (izatea), baina, orobat, boterea pentsatzeko beste forma batzuk (izan beharra) bistaratzeko tresna izan daiteke.

Alde batetik eratutakoaren eta izatearen eta, beste alde batetik, eratzailearen eta izan beharraren arteko hurbilketa kontraesankor hori erraz uler daiteke Politikaren definizio berezkoei so. Lehen ikuspegi batetik -objetibista izenda dezakeguna- Vallesek (2000: 35) honela definitzen du politika:

"komunitate bateko kideek gatazkak ebazteko gauzatzen duten jarduera, kide horiek derrigorrez -beharrezkoa bada indarra erabiliz- bete behar dituzten erabakiak hartuz."

Irmoagoak dira beste iritzi batzuk, adibidez, Makiavelok politika pertsonak eta baliabideak kontrolatzeko tresna modura identifikatzen zuen; hala, besteenganako botere edo menderakuntza forma ororekin lotutako edozein fenomeno politikotzat jotzen zuen, berehala onartuko ez ziren jokabideak inposatzen zituelarik. Ikuspegi organikoago bat hartuta, Weberrek politika instituzio publiko egonkor batzuk garatutako jardueratzat hartzen zuen, instituzio horiek komunitatea hertsatzeko baimena dutelarik. Azkenik, Spencerrek kanpoko mehatxu bati aurre egiteko komunitatearen defentsarekin lotutako edozein jarduera politiko gisa interpretatzen zuen; modu horretan, gerraren prestaketa eta antolaketa militarra (hierarkia, diziplina, baliabide fiskalak eta hertsatzea) dira jarduera politikoaren iturburu.

Ikus daitekeenez, autore horiek politikari buruz emandako definizioan, politikaren ardatza, boterea, kontzeptu jakin batzuekin lotzen da, besteak beste, indarra, menderakuntza, inposaketa, hertsa, defentsa edota diziplinarekin; finean, politikaren definizioan errealitatea aipatzeko joera izaten dute, izatearekin gertu diren definizioak dira, agertoki gehienetan agertzen zaigun errealitatea aipatzen dutenak. Boterea, politikaren oinarrizko objektu modura ulertuta, ikuspegi hauetan Hobbesez geroztik kausalitatearekin lotuta erabiltzen den ikuskera batean iltzatzen da, baldin eta politika: "eragile batek emaitza arrakastatsuak lortzeko duen gaitasuna" bada, botere politikoa "eragile batek beste batek bestela egingo ez lukeena eginarazteko duen gaitasuna" da (Maiz, 2001: 64).

Egiaz, boterearen ikuskera horiek guztiak, praktika politikoan ikuspegi progresista nahiz kontserbadoreetan gauzatzen dira; statu quoa mantendu edo aldatzeko balio dute; baliagarri dira gobernari batentzat eta gerrillari batentzat. Baliagarri dira Estatuarentzat eta baliagarri dira ETArentzat. Hala ere, badute zerbait bietan berdina dena: politikaren ikuspegi (errealista) jakin bat dute ardatz, modu batera edo bestera, boterea menderakuntzarekin identifikatzean datzana. Dena den, boterearen ikuspegi horietan, izatea finkatzeko ahalegin horretan, teoria politikoan barnera daitekeen arauen aukera alboratzen da. Are gehiago, egiteko performatibo agerikoa dutela uste dugu, azken buruan, beste botere logika batzuen (izan zitezkeenak nahiz eta oraindik, izan beharrarekin lotzen diren) aukera ukatzen dutenak.

Jarrera konformista har genezake bestelako joera bat hartzeko arrazoirik izango ez bagenu. Baina badira arrazoiak. Eta baditugu tresnak. Halaxe da, teoria politikaren barnean bada boterearen beste ikuskera bat (gutxiengoa izan arren). Hala, arauetara urreratuz, boterea erabiltzea:

"hitzetik ekintzara jotzeko gaitasuna da, ongiaren ikuskera jakin bat eguneratzeko gaitasuna izatea, bizitza onaren ideia jakin bat eratzeko gaitasuna izatea da" (Maiz, 2004: 65).

Ikuspegi horretatik, politikari buruzko aurreko definizioen aurrez aurre, teoria arauemailearen osagarri modura, Iris Youngen definizioa har genezake (gutxienez):

"politikak beharrizan eta oinaze pribatuak gainditzea ahalbidetuko duten oinarriak finkatzea du xede, horretarako, bizitza kolektiboa egituratuko duten, gatazkak ebatziko dituzten eta haien nondik norakoak zehaztuko dituzten lege eta instituzioak sortu behar dira" (Young, 1999: 693).

Youngek politika xede batekin lotzen duenean, izan beharra iradokitzen du, Hannah Arendten postulatuak baitaratuz, zeinaren arabera, politika giza bizitzaren adierazpen zintzoena da, asekagoa eta originalagoa delako. Arendten iritziz, politika da, bizitza kolektiboak jendeak bere beharrizan eta oinaze partikularrak alde batera uztea inplikatzen duelako unibertso publiko bat sortze aldera, non bakoitza bere espezifikotasunean agertzen baita besteen aurrean, baina guztiak bat eginda publikoki. Youngek gogorarazten digunez, Arendten ustez:

"gizarte-bizitzak boterea eskuratzeko lehia krudelaren astindua pairatzen du, gatazken eta murriztapenen astindua, beti eremu publikoa suntsitzea mehatxatzen duen indarkeriarena. Baina aldizka ekintza politikoa berpiztu egiten da eta, polis zaharraren idealaren oroitzapena izateari esker, askatasunaren eta giza nobleziaren ikuspegia mantentzen dugu partaidetzazko ekintza politiko modura" (Arendt, 2003).

Aurreko definizioek ez bezala, halako urreratze politikoek anbiguotasunak saihesten dituzte: inoiz ezingo dira izan statuo quoa mantentzeko baliabide. Beti izan beharraren sostenguari oratuta izango dira. Eta azken buruan, boterearen ikuskera jakin batera garamatzate, ikusiko dugun moduan, menderakuntzarekin baino harremanarekin edo berdintasunean oinarritutako elkarrekintzarekin lotzen dena. Horrenbestez, Arendt berdintasunezko partaidetzan oinarritutako politikaz ari da, gizarte-bizitza astintzen duen menderakuntza gisa ulertzen den boterea otzandu edo arindu behar duena.

Politikara eta boterera hurbiltzeko bi forma horien arteko kontraesana sinplifikatzeko zera adieraz genezake, hots, funtsean, politika "zilegi dena onargarri bilakatzeko arte" modura nahiz "ezinezkoa dena zilegi bilakatzeko arte" modura interpreta daitekeela. Argi dago, hautua egiterakoan, lerro hauek idazten ari garenok bigarrenaren aldeko apustua egiten dugula. Eta bide batez zera aitortzen dugu, teoria politikoak gizartearen izatea hautematea ere ahalbidetu behar digula onartzen badugu, ez da statu quo hori mantendu nahi dugulako, aitzitik, onartu egiten dugu, substratu ezkor horrek, Bordieuk proposatzen duen moduan, izan beharraren utopiaraino eramango gaituelako itxaropenetik abiatzen garelako.

Gazteei politika zein gastronomia motarekin identifikatzen duten galdetzen diegunean, erantzun anitz jasotzen ditugu, baina ez zentzu negatiboan. Zenbaiten ustez arrain-taket (txaka) sandwich baten modukoa da: itxura erakargarria du, uniformea da, ia aseptikoa, baina ez du zaporerik; beste batzuen ustez, jaki txinatarren modukoa da, azkar betetzen zaituen arren beti gosez uzten zaituena; beste batzuen arabera, entsaladilla errusiarra bezalakoa da, izan ere, antzeko osagai askoz osatzen da eta emaitza osagai horien baitakoa da. Beste batzuek janari mexikarrarekin alderatzen dute, hots, prest ez bazaude aho-zapore txarra uzten dizu. Horri buruz ari direlarik, noski, politika izatea modura ari dira pentsatzen. Politika beharrezkoa da bizitzeko, baina ezatsegina dastatzeko. Gauzak aldatu egiten dira politika plater batekin alderatzeko galdetuta. Jaki etnikoak, slow food delakoa, gure amonaren indabak aipatzen dira orduan. Eta zer esanik ez euskal sukaldaritza tradizionalari buruz...

Politikaren esentzia da betebehar modura... premia bertute bilakatzea, ezinezkoa zilegi bilakatzeko artea da. Marmitakoarekin gertatzen den antzera... gure iguripen gastronomiko mugagabeak asetzeko plater oso gozoa asmatzea, horretarako baliabide mugatuak izanik, zinez mugatuak! Arrantzaleek eskuragarri dituzten baliabideak... itsasoko ura, atuna eta patata (garraiatzen erraza, iraunkorra eta elikagarria...)

Hori da herrialde honek duen erronka. Politika zilegi den hura onargarri bilakatzeko arte gisa identifikatzen jarraitzea, azken batean, politikaren energia guztia indarraren inguruan ardaztuta; edo, logika hori gainditzen saiatzea, ezinezkoa dena zilegi bilaka dadin saiatzea, herrialde honek bere etorkizuna deliberazioaren bidez, partaidetzaren bidez erabaki dezala lortuz, finean, boterea menderakuntza gisa ez, baizik eta elkarrekintza modura ulertuta; etsaiaren logikari muzin egin eta aurkariaren logika baitaratu, antagonismoa alboratu eta agonismoan oinarritzea (Mouffe, 2001), bestea beste legitimo gisa onartzen duena (Maturana, 2008).