Orain arte agertu dugun sekuentzia Euskal Herriaren moduko eremu murritzaren kasuistikara egokitzeak, sintesia eskatzen du. Euskal eremuko sekuentzia paleolitikoa gehienean bat dator Europa hego-ekialdearen erregistroarekin, nahiz eta ez diren oso ongi ezagutzen giza okupazioaren fase antzinakoenak. Berez, testu hau idazten den urtean (2011) gizakia Pirinio mendebaldean egon dela egiaztatzen duten datu zaharrenak duela 300.000 urtekoak dira. Haatik, Euskal Herria geografikoki Penintsula Iberikoaren eta Europako kontinentearen artean kokatzen denez, hain justu, gizakien eta taldean ibiltzen ziren animalien igarobidean, ziurtasunez esan daiteke eremu hori gizakiek askoz ere antzinagotik erabiliko zutela. Penintsula Iberikoan gizakien populatzea erakusten duen mapan duela 1,2 milioi urte jadanik gizakiak bazirela ikus daiteke eta ia baztertu egiten da gizataldeak Gibraltarko itsasartetik iritsi zirenik. Horrenbestez, Pirinioen mendebaldeko eta ekialdeko igarobideak hartzen dira Penintsula Iberikoan Kuaternarioan zehar bizi izan ziren giza espezie ezberdinen sarbide gisa.
Euskal Herrian oso berandu eratu zen behe-paleolitikoa. Pirinio mendebaldearen bi isurialdeetan (Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentua, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa) Achelensearekin lot daitezkeen aurkikuntzak azaldu badira ere, ia kasu guztietan testuinguruz kanpoko material litikoen agerpenak dira. Testuingururik gabeko material arkeologikoek ez dute ekarpen handiegirik egiten iraganeko gizarteen bizimodua historikoki eta arkeologikoki berregituratzeko asmoan. Multzo horien sakabanaketa espaziala euskal eremu guztian antzeman daiteke, nahiz eta badiren metatze-gune bereziak, esate baterako, Arga ibaiko arroa Iruñetik igarotzen den gunea, Urbasako mendilerroa, Behe Nafarroan Bidaxune izeneko udalerriaren ingurunea edo Adur, Errobi eta Urdazubi ibaietako behe-ibilguetan osatutako terrazak Lapurdin. Tipologiaren ikuspegitik, Le Tambaou (Bidaxune) eremuan edo Iruñeko bailaran bifaze eta triedro lote ugari aurkitu izan dira. Horren ondorioz, erdi-achelensearekin lotu izan dira eta gainerako materialak Achelenseko aurreragoko eta azkeneko fasetan multzokatu dira. Hala ere, arestian aipatu bezala, kokapen sakabanatuetan aurkitutako multzoek informazio garrantzitsu gutxi ematen dute.
Hori dela eta, euskal behe-paleolitikoaren ikerketari buruz azken hamarkadetan agertu diren berrikuntza nagusiak antzinako gordailuetako dokumentazioekin lotzen dira, testuinguruzko informazio aberatsaz hornituak. Nagusiki Gipuzkoako aztarnategiak dira, esate baterako, Lezetxiki eta Artazu II (Arrasate), Astigarraga (Deba) edo Irikaitz (Zestoa). Dena den, badira Bizkaiko aztarnategiak ere, adibide batera, Mendieta (Sopela) edo Arlanpe (Lemoa). Aztarnategi horietako bakarra ere 200.000 urtetik askoz haratagokoa ez bada ere, aniztasun interesgarria ageri dute (Irikaitz eta Mendieta aire zabalekoak dira, gainekoak haitzuloak) eta testuinguruzko informazio aberatsa ematen dute (sedimentu-azterketak, azterketa arkeozoologikoak, arkeobotanikoak edo datazio numerikoak). Horri esker, epealdi horretako zenbait ezaugarri zehatz daitezke, duela hogei urtera arte gure eskualdean ia ezagutzen ez zirenak. Homo heidelbergensis delakoak Europan neandertal tipora eboluzionatu zuenez, zaila da aztarnategi horietan espezie protagonista jakin bat ziurtatzea, nahiz eta gehienetan Heidelberg motarekin lotzen den, Euskal Herrian epealdi horri dagokionez ezagutzen duten aztarna fosil bakarra bezalaxe, Lezetxikiko besahezurra. Aztarnategi horretan datazio gutxi dira duela 300.000 urtekoak. Ezagutzen ditugun gehienak, azterketa-prozedura ezberdinak aintzat hartuz, duela 200.000 eta 140.000 urte bitartekoak dira.
Behe-paleolitikoan zehar egoera klimatiko oso kontrajarriak izan ziren, horietako zenbait egungoak baino epel eta hezeagoak, nahiz eta gehienak egungoak baino dezente hotzagoak izan ziren. Klima horietan guztietan kontrako biozenosiak izan ziren, hala botanikoak nola animalienak. Euskal Herrian izan ziren animalien artean errinozero, mamut, lehoi, hartz eta, are, tximu espezie ezberdinak erregistratu dira. Gizakiek jokamolde oportunista erakutsi dute bitartekoaren aprobetxamenduari dagokionez, baliabideetarako sarbide berehalakoari (espazioan eta denboran) lehentasuna emanez, Erdi-paleolitikoan zehar pixkanaka finkatu ziren erabilera kontzienteagoen aurrean (esate baterako, kalitatezko lehengaien bilaketa, desplazamendu luzeagoak eginez).
Pirinio mendebaldeko Erdi-paleolitikoan hedapen zabalagoa antzeman daiteke arlo guztietan. Lehenik eta behin, askoz gehiago dira ezagutzen diren aztarnategi arkeologikoak. Hala, epealdiaren berregituraketan ekarpen urria egiten duten kokapen sakabanatuko gordailuen eraginak aztertzeke utz daitezke. Gutxi gorabehera 140.000-45.000 urte bitarteko epealditan, erregistro onak aurkitzen dira goian deskribatutako administrazio-unitate bakoitzerako. Horren adibide garrantzitsuak dira Olha (Kanbo), Axlor (Dima) edo Zerratuko (Mutriku) harpeak; Lezetxiki (Arrasate), Amalda (Zestoa), Urkulu (Deba), Abauntz (Arraiz) edo Arrillorreko (Murua) haitzuloak; eta aire zabaleko multzo garrantzitsuak, adibidez, Murba (Trebiño) edo Kurtzia (Sopela). Horrez gain, lurraldeko beste gune batzuetan bigarren mailako garrantzia duten beste zenbait aztarnategi ezagutzen dira. Finean, erregistro hornituagoa askoz ere iraupen urriagoa duen epealdi baterako. Horrek zera erakusten du, epealdi horretako biztanleen, neandertalen demografia handiagoa zela. Espezie hark aztarna fosilak utzi zituen haitzulo ugaritan (Arrillor, Axlor, Lezetxiki). Dena den, kasu horietako bakar batean ere ezin da hilobiratzeekin lotutako jokabiderik ziurtatu. Gure eremuan bizitzen gizatalde gehiago izan zirela ondorioztatzeaz gainera, badirudi gizatalde horietan kide kopurua ere handiagoa zela. Horrek egundaino iritsi diren aztarnategiak aurkitzeko aukerak nabarmen areagotzen ditu.
Behe-paleolitikoarekin lotuta gordailu estratifikatu xumeak (Astigarraga, Arlanpe edo Irikaitz) agertzen badira ere, Erdi-paleolitikoan sedimentu-metaketa handiak agertzen dira, aldi berean, gizakien okupaziorik izan zein ez. Bada Axlor, Arrillor, Zerratu edota Lezetxikiko aztarnategiak uztartzen dituen ezaugarri bat, hain zuzen, sedimentu metro ugariren (sei metro) metaketa. Horien artean, giza okupazioaren aldiak (iraupen luze edo murritzekoak) tartekatzen dira. Esan berri dugunez, eremuko bailara gehienetan neandertalen presentzia ziurtatzen duten froga irmoak daude. Gertuko salbuespen bakarra Ebro ibaiaren ibilgu nagusian (Arabar Errioxa, Nafarroako Erribera) dago. Badirudi zonalde horretan berriki gauzatutako terrazen (eta bertako arkeologia-aztarnen) huste-prozesuek eragin bortitza izan dutela, aztarnategi gehienak suntsitzeraino. Berez, txoko ekologiko ugariren gainean industria musteriensea egon zitekeela adierazten duten zantzuak daude, Urbasako goi-ordokitik (900 m.s.n.m.) Jaizkibel edo Kurtziako itsasertzeko zabalguneetara. Aire zabalean, harpe harritsuetan edo haitzuloetan egon zitezkeen, hala goi-ibarretan nola ibaiaren ibilguaren erdialdera edo ibai-ahoan. Hedadura hori aintzat hartuz, espazio eta baliabide horiek ustiatzeko neandertalek zuten modua ondoriozta daiteke, ehizarako, arrantzarako edota bilketarako erabiliz. Cro-magnon espezieak baino sofistikazio-maila apalago batean bada ere, euskal aztarnategietan jarduera horiek guztiak izan zirela adierazten duten frogak daude, pixkanaka estrategikoagoa zen planteamendu batekin: ehiza pixkanaka ungulatuen taxonomia hertsiago batera bideratzen da; ibaiko nahiz itsasoko espezieak arrantzatzen dira, itsasokoen kasuan hondarretara urreratzen diren arrainak izanik, kostaldean agertzen direnak; aztarnategietan itsas moluskuen maskorrak agertzen dira, nahiz eta itsas lerroa orain baino urrunxeago egon epealdiaren zati handi batean; silexa erreferentziazko lehengai litiko modura agertzen hasten da argi eta garbi, horrela, Musteriensea amaitzean, eremuko gordailu guztietan industria-hondakin erdia baino gehiago silex-hondarrak dira.
Ikuspegi tekniko eta materiala hartuta, euskal musterienseko serieak Kantauriko isurialdearen multzoan barneratzen dira, hots, mendebaldeko Europako ingurune dinamikoenetako batean. Kanpoaldeko aztarnategiak topatzeko zailtasunak direla medio, erregistratuta dagoen ia guztia haitzulo edo harpetan kokatutako finkatzeak dira. Azken horiek, orokorrean, datatzen errazagoak dira eta eskuarki testuinguruzko informazio aberatsagoa ematen dute. Sekuentzia luzeetan, esate baterako, Axlor edo Lezetxikin, multzoak goi-paleolitikoari dagozkion parametroetara eboluzionatu dutela erakusten duten zantzuak ikus daitezke. Ildo horretatik, xafla motako euskarriak agertzen dira gero eta gehiago, Leptolitikoan ohikoak diren tresnak (arraspak, burilak, zulagailuak edo harrizko labanak) azaltzen dira eta, arestian aipatu bezala, pixkanaka silexaren erabilera nagusitzen da kalitate gutxiagoko bestelako lehengai batzuen aurrean. Halaber, hezur-industriaren arrastoak hautematen dira, hau da, teknologia zahar baten arrastoak. Hala, hezurrezko moldatzaile edo konpresoreak, puntzoien bat edo beste eta tresna litikoen erara moldatutako hezurrak.
Pirinio mendebaldeko goi-paleolitikoan dinamismo kulturala nabarmena da. Dagoeneko gure espezieko gizakiak dira protagonistak, Cro-magnon izakiak. Horiek lurraldea talde handitan zeharkatu zuten, beren arrastoa ehun aztarnategi baino gehiagoan utzi zutelarik. Arrasto materiala, ez fosila; izan ere, soilik Isturitz (Donamartiri), Unikote (Iholdi), Alkerdi (Urdazubi), Erralla (Zestoa) eta Aitzbitarte III (Errenteria) haitzuloetan berreskuratu dira epealdi luze horri (gutxi gorabehera 45.000-11.000 bitartean) dagozkion giza arrastoak, gainera oso garai ezberdinekoak. Pirinio mendebaldearen geografian barna halako gordailuak oso modu desorekatuan sakabanaturik daude, aurreko garaietan baino modu desorekatuagoan. Goi-paleolitikoan klima kontrajarriak bizi izan baziren ere, fase hotzak nagusitu ziren. Horrenbestez, kostaldeko lurraldeetan edo garaiera gutxiko zonaldetan kanpatzeko joera nagusitzen zen (Gipuzkoa, Bizkaia eta Ipar Euskal Herria). Ziurrenera arrazoi beragatik garaiera gutxiko lurraldetan haitzuloen erabilera nagusitzen da (babes termikoa ematen dute). Bestalde, barnealdeko eta garaiera dezenteko lurretan ezagutzen ditugun aztarnategi urrietan aire zabaleko kanpamentuak nagusitzen dira (agian klima-baldintza onetan okupatuak) eta izaera funtzional argi batekin (sarritan, silexezko zainak ustiatzeko lantegi modura).
Euskal goi-paleolitikoaren sekuentzia osoa nahikoa zehatza da. Hala, elkarren segidako hiru epealdi edo garai barneratzen dira, hots, hastapeneko goi-paleolitikoa, Solutrensea eta Magdaleniensea. Alde batetik, hastapeneko goi-paleolitikoan (duela 45.000 urtetik duela 20.000 urtera) kultura hauek barneratzen dira: Chatelperroniense, Protoauriñaciense, Auriñaciense zaharra, Auriñaciense aurreratua eta Gravetiensea. Hauek dira hastapeneko goi-paleolitikoko aztarnategi nagusiak: Isturitz (Donamartiri), Gatzarria (Zühara), Le Baste (Senpere), Alkerdi (Urdazubi), Aitzbitarte III (Errenteria), Amalda (Zestoa), Labeko Koba (Arrasate), Bolinkoba (Abadiño) edo El Polvorin (Karrantza). Solutrensea da goi-paleolitikoko faserik laburrena (duela 20.000 urtetik duela 17.000 urtera). Hala ere, nolabaiteko oparotasuna ageri du aztarnategiei dagokienez: Isturitz, Azkonzilo (Irisarri), Aitzbitarte IV (Errenteria), Amalda (Zestoa), Ermittia (Deba), Bolinkoba, Antoliñako Koba (Arteaga), Abauntz (Arraiz) edo Koskobilo (Olazti). Azkenik, Magdaleniensea (gutxi gorabehera, duela 16.800 uretik duela 11.000 urtera) ere oparoa da aztarnategiei dagokienez: Isturitz, Bourrouilla (Erango), Aitzbitarte IV, Erralla (Zestoa), Ekain (Deba), Urtiaga (Deba), Ermittia, Santa Katalina (Lekeitio), Lumentxa (Lekeitio), Santimamiñe (Kortezubi), Arenaza (Galdamitz), Abauntz, Berroberria (Urdazubi) edo Zatoia (Abaurrea) Goi-paleolitikoko taldeek finkaleku modura hautatutako lekuez gain, Cro-magnon espeziearen grabatuak edo pinturak agertzen dituzten hainbat haitzulo aipa daitezke, nahiz eta haitzuloa ez erabili bizileku gisa. Hauek dira: Venta Laperra (Karrantza), El Rincon (Karrantza), Arenaza (Galdames), Santimamiñe (Kortezubi), Askondo (Mañaria), Bolinkoba (Abadiño), Praileaitz (Deba), Ekain (Deba), Astigarraga (Deba), Altxerri (Aia), Alkerdi (Urdazubi), Isturitz (Donamartiri), Otsozelaia (Donamartiri), Erberua (Donamartiri), Sinhikoleko Karbie (Zühara), Etcheberriko Karbie (Zühara) eta Xaxixiloaga (Zühara).
Leku guzti horiek, zenbaitetan kronologikoki sekuentzia ezberdinetakoak, giza finkatze konplexu baten froga dira, nahikoa txikia zen eremu baterako. Cro-magnon taldeek estrategia sofistikatua baliatzen zuten eremuan eskuragarri ziren baliabideak modu intentsibo baina iraunkorrean ustiatzeko. Goi-paleolitikoak aurrera egin ahala taldeak ungulatu espezie bakarraren (orokorki, bisonteak, elur-oreinak, oreinak, sarrioak edo ahuntzak) ehizan espezializatu ziren. Animalia horiek ustiatzerakoan parametro iraunkorrak erabiliko zituzten ziurrenera, izan ere, milurtekoz milurteko luzatu zen usadio hori. Halaber, badira arrantza nahiz moluskuen eta landare-produktu ugariren bilketa erakusten duten zantzuak, isolatuak baina sendoak. Goi-paleolitikoan zehar silexa zen erabiltzen zen lehengai litiko ia bakarra, nahiz eta horretarako ezinbestekoa izan eskualdeko zonalde urrietara (Mugerre, itsasbazterreko Flyscha, Trebiño eta Urbasako mendilerroa) edota gertuko beste eskualde batzuetara joatea. Goi-paleolitikoko ehiztari eta biltzaileek beren ibilbideetan kalitatezko lehengaiez hornitzeko desplazamenduak egiten zituzten. Hala, zenbait kasutan, beren arrastoak gordetzeko baliatzen zuten gordailutik 300 kilometro ingurura kokatutako lurraldetara joaten ziren.
Garai hartako teknologia litikoari esker, euskarri luzatu eta oso arinak (xafla edo xaflatxo deituak) erauzteko mekanismo oso landua garatu ahal zuten. Euskarri eder horiekin arma eta tresna ugari egiten zituzten, bakoitza berezko morfologia eta funtzionaltasun oso espezifiko batekin. Horietan, jaurtigaien punten (gezia, azkona edo dardoa) edo harrizko punten garapena nabarmendu behar da, haien hipertrofia aintzat hartuta. Horiek ziren, harrizko xaflatxoekin batera (ez puntadunak), goi-paleolitikoko kulturen egiazko faktore bereizgarria. Harrizko elementuekin batera burilak, arraspak, dentikulatuak, zulagailuak, ebakigailuak, xaflak eta xaflatxo ukituak, ezpaldun piezak eta bestelako gailuak agertzen ziren. Elementu ugari eta anitzak, hainbeste ezen goi-paleolitikoko teknologia-multzoak euskarri motaren araberako kulturetan banatu baitaitezke (agian gehiegi).
Halaber, Europako goi-paleolitikoko beste ezaugarri bat materia organikoaren bidezko industria garrantzitsu baten garapena da (moluskuen maskorrak, zerbidoen adarrak, hezurrak). Halaber, pentsatzekoa da egurra landuz garatzen zen industria garrantzitsu bat egongo zela. Dena den, lehengai hori iraunkortasun urrikoa denez, urte gutxiren buruan desagertu egiten da eta, horrenbestez, ez da horren ezaguna. Industria litikoan bezalaxe, hezur-industrian ere ohikoa zen jaurtigaien edo zagaien puntak egitea, garaiko multzoak kronologiaren nahiz kulturaren arabera sailkatzeko oso garrantzitsuak. Zagaiekin batera, adarra baliatuz egindako beste tresna batzuk ere agertuko dira pixkanaka (puntzoiak eta moldatzaileak jadanik baziren), esate baterako, leungailuak Auriñaciensean, hagaxkak edo orratzak Solutrensean edo arpoiak (hortz sinple edo bikoitzeko lerrodunak) Magdaleniensean.
Euskal goi-paleolitikoko gizataldeetan jadanik gure espezieko izakiengan aurreikus daitekeen portaera sinboliko konplexu bera agertzen da. Hiletekin lotutako portaeraz gain (gure bizilagunen arteko adibideei esker ezagutzen duguna), aski garatzen dira gorputz-apaingarriak eta artea. Zintzilikariak egiteko itsas moluskuen maskorrak eta haragijale nahiz ungulatuen letagin zulatuak (eta zenbaitetan apainduak) dira erabiltzen diren gailu nagusiak. Bestalde, adierazpen artistikoarena da gure espezieari dagokion portaera esklusibo nagusia, hala higigarrietan (adar, hezur edo harria baliatuz), nola hormetan (labar-grabatu eta -pinturak). Azken bi hamarkadetan aurrerapen nabarmenak erregistratu dira labar-artearen datazioari (zuzenekoa edo ondorioztatua) dagokionez. Modu horretan, euskal haitzulo nagusiak magdaleniense garaikoak direla ziurta daiteke. Horrela, oso gutxi dira (Venta Laperra, Arenaza, Askondo, Praileaitz eta Astigarraga) Magdaleniense aurreko ziklo grafikoen adibide diren Euskal Herriko haitzuloak.