Kontzeptua

Ostiral Santua

Ostiral edo Bariku Santua urte liturgikoaren gune eta muin gisa agertzen da, Jesus, munduko bekatu guztien barkatzearren hil zeneko eguna baita, kristautasunaren ikuspegitik. Honengatik, Pasioaren misterioaren segida eta eliztarren inplikazioa gune gorenera iritsi ohi da egun honetan.

Hortaz, penitentzia-kofradiek antolatutako antzinako prozesioak eta pasio bizidun bitxienak edozein tokitan dira ugari. Honetara, Ostiral Santuko egunsentian hasten da "isiltasunaren edo Gurutzearen prozesioa", ilunpeetan babesturik eta isilaren isilean direla, ezelako imajinarik gabe, penitenteak ibiltzen dira, nora ezean baileuden. Barrabasen irudia oroituz, askatasuna ematen zaio, prozesioan anonimoki parte hartuko duen preso bati, gurutzea lepo gainean eroango duena. Urduñako bizkaitar hirian, bi tubaren doinu motz eta lehorrek hausten duten gaueko isiltasun hau .

Goizeko lehendabiziko orduetan, fidel saldo oparoek "via crucis" edo gurutze-bide klasikoa egin ohi dute, bide honetako 14 egonaldietan geldituta eta "kalbario" izenekoetara igoten diren bitartean; Kristok gurutzea soinean hartuta egindako bidean jasandako sofrikarioa oroituz. Eguerdi aldera, "Elkartzearen prozesioa" egiten da (gurutze-bidean ama topatu zuenekoa gogoratuz). Goizean zehar, pasio bizidun herrikoi bezain ikusgarriak egiten dira han-hemenka, ohiko prozesioen antzezpen zehatz edo eskena puntualak ziren.

Egun honetan, eguerdiko hamabietan hasi eta arratsaldeko hirurak arte, "zazpi hitzen predikua" ospatzen da tokiko parrokietan, eta une horretatik aitzina, zurruna izaten zen oso Kristoren heriotzarengatiko dolua, kanpainen isila eta tenpluetako kandela eta argizari itzaltze orokorra horren lekuko. Jesus gurutzetik jaisten dute ondoren (Kristo asko irudi artikulatuak dira) eta kristalezko hilkutxa batean utzi gero.

Ehorzketa Santuaren prozesioa izaten da prozesiorik luze, sailkatu eta erritualizatuena, Pasioaren Aste honetan diren prozesio guztietan, gureak hartzen duen eremu geografiko eta kultural osoaren baitan. Bertan bata bestearen atzean gertatzen dira prozesioko pauso edo "bultu" ikusgarri eta didaktikoak, mendetako kofradia penitentzial ordenatuak (horietan zaharrena, Vera Cruz santuarena kasu), penitente edo diziplinanteen taldeak, heriotzaren kontzeptua (bai gizakiona, nola jainkoarena, Kristoren irudian), bekatuen kalteak sendotzen dituzten doluak, arkanjeluen zaintza eten barik aipatuz edo gizarte-egituratzea edo botere zibilari jainkotiar betierekotasuna aldi baterako gailentzen zitzaiolako irudikatzea plazaratuz.