Ondarezko masak.
Nahiz eta, printzipioz, ezkontideen ondasun guztiak komunitate bakar baten baitan bildu, horrek ez du esan nahi ondasunen arteko ezberdintasun guztiak ezabatzen direnik, eraentza finkatzen den ala ez kontuan hartuta, posible baita berau zatitzea. Horregatik, esan dezakegu ezkontza-loturak indarrean dirauen bitartean sui generis komunitate unibertsal baten aurrean gaudela. Ondasun masak ezberdintzea Legearen 97. artikuluak aurreikusten du:
"Foru-komunikazioan, irabazitako eta ezkontide bakoitzak ekarritako ondasunen arteko bereizkuntza, legeria zibil orokorrak irabazpidezko ondasunetarako eta bakarrekoetarako ematen dituen arauei jarraituz egingo da."
Finean, eraentza indarrean dagoen bitartean, hiru ondasun masa bereizten dira, eta euren konposaketa Kode zibilak irabazpidezko ondasunen eta ondasun pribatiboen artean egiten duen bereizketa berak zehazten du: 1) Irabazitako ondasunak; 2) Emaztearen ondasun pribatiboak; 3) Senarraren ondasun pribatiboak.
Zergatik bereizten dira hiru ondasun-masa, ordea, komunitate unibertsal baten aurrean bagaude? Erantzuna ulergarria da dibortzioaren hipotesia abiapuntu hartuta. Kasu honetan, esan dudan bezala, eraentzaren likidazioa komunitatea irabazpidezkoa balitz bezala egiten da. Ezkontide bakoitzak berreskuratzen ditu ezkontzara ekarritako ondasunak eta dohainik eskuratutakoak. Operazio hau egiteko, beharrezkoa da ezkontzak indarrean dirauen bitartean ere, ondasun mota ezberdinak bereiztea. Bestela, likidazio fasean ez genuke jakingo ondasun bakoitzak zein izaera duen, pribatiboa edo irabazpidezkoa. Gainera, ezkontzak indarrean dirauen bitartean, eta likidazio eta banaketa sistema posibleak kontuan hartuz, kudeaketari eta zorrengatiko erantzukizunari buruzko arauak ez dira berdin-berdinak izango irabazitako ondasunei edo eta pribatiboei bagagozkio.
Komunitatetik baztertutako ondasunak.
Printzipioz, komunitateak "unibertsaltasun" joera daukala jakina da. Hala ere, aipatu beharra dago ondasun zehatz batzuk komunitatetik kanpo geratzen direla (nahiz eta komunikazioa finkatu eta ezkontideen ondasun "guztiak" bertan bildu). Bazterketa hori bi arrazoi dela medio gerta daiteke: lehenik, ondasun batzuen izaerak berak ekiditen du beroiek komunitate baten baitan kokatzea (kasu honetan, komunitate unibertsala). Ondasun hauek pertsonari atxikitakoak dira, adibidez, nortasunaren ondasun bat urratzeagatik jasotako kalte-ordaina. Bigarrenik, kontuan hartu behar da interesdunen borondateak (ezkontideenak zein hirugarren pertsonenak) ondasun batzuk komunitatetik kanpo geratzea ahalbidetu dezakeela. Posible da, beraz, ezkontideek ezkontza-kapitulazioetan ituntzea, adibidez, emazteak oinordetza bidez eskuratutako etxebizitza haren ondare pribatiboan geratzea, nahiz eta gerora eraentza finkatua gelditu.
Foru-komunikazioari dagokionez, bizitza aseguruaren arazoa jartzen da mahai gainean. Zein puntu arte da onargarria bizitza aseguru baten bitartez ezkontideen ondasun guztien gainean legez ezarritako banaketa eraentza ekiditea edo desbideratzea? Neurri batean, bizitza aseguru bat kontratatzeak ezkontide bat onuraduna izanik, banaketatik erdibana ondasun batzuk baztertzea ekar dezake, foru-komunikazioaren eraentzaren ideia orokorraren aurka. Hala ere, badaude pisuzko argudioak bizitza aseguruak onargarriak direla estimatzeko, beti ere ezkontideek familiari ziurtasun ekonomikoa eskaintzearren burutzen badituzte. Bizitza asegurua aurreikuspeneko egintza gisa konfiguratzen da, baina ez luke efektu hori lortuko eraentzaren banaketan sartu beharko balitz ezkontide alargunak -aseguruaren onuradun gisa- jasotako ordaina.