Kontzeptua

Olentzero

Urte amaiera edo neguaren amaiera irudikatzen duela dirudien kristautasunaren aurreko pertsonaia sinbolikoa. Bere izenak aldaerak ditu herrialdeko herriaren arabera: Olentzaro Orexa, Lesaka eta Arakilen; Olentzero Bera, Irún, Oiartzun eta Donostian; Orentzaro Zarautzen; Onentzaro Andoainen; Orantzaro Berastegi eta Larraunen. Bere aldaeradun izen honen eremua beraz, kostaldea, Gipuzkoako Beterri eta Nafarroako zati batean datza. Izen honen inguruan biltzen diren gai batzuk beste leku batzuetan beste izen bati lotuta doaz :Xubilaro (Arakil), Suilaro (Sara), Xiularo (Uhart-Mixe), Suklaro (Zaraitzu), Galerre (Agurain eta Alegia), Kalerre (Uribarri-Ganboa), Putierre (Amarita). Lezoko Isasti historiagilearen arabera, Onenzaro esaten zitzaion Eguberriari XVII. mendean eta hitz honek "onen aro" esanahi duela dio.

Resurreccion Maria Azkuek esanahi bera ematen dio. Beste interpretazio batzuk O-en Antifonen garaia izendatzeko erabiltzen zela diote edo "Olerien aroa" (Caro Baroja) edo "Noelen aroa" (Severo Altube). Satrusteguik bertakoagoa den esaera batean sinesten du:

"Halere, hitz honen bilakaeran atzera jotzeko azken aukera bat dago,iturri bitxietan bilatzen aritu gabe. Oles, euskal tradizioan oso sustraituta dagoen termino ezaguna da. Erronda kanten sinboloa da eta eskean ibiltzea esanahi du. Gaur oraino, Bizkaiko herri batzuetan (Oleta, Otxandio, e.a.) olez-olez ibili espresioa darabilte mutikoen eskeak adierazteko. Nafarroan ere adiera hau ezagutu zeneko arrasto frogagarriak badira. Urdiainen jasotako Olentzeroren abestian, ageri da":

Olez, olez,
bakallu jalez,
bost eta sei hamaika
txorixorik ez balin badago
igual dela lukainka
.

JMB