Kontzeptua

Olentzero

Ez dirudi zalantzak dagoenik, Olentzerok urte amaiera irudikatzen duela esaterakoan, aldaerak aldaera. Irudikapen ohikoena Gabon Gauean agertzen den gizon irrigarri batena da. Oiartzunen bere emaztearekin bizi den ikazkina da; Zarautzen, begi gorriak ditu, odolduak; Elduain, bere aurpegia beltza da, ikatzez zikindua; Larraunen, urteak egun adina begi ditu, gehi beste bat; Berastegin, ote sortak bizkarrean ageri da eta igitaia eskuan; Zarautz, Lizarra eta Oiartzunen jatuna da; Elduain, Lizarra eta Berastegin Gabon Gauean etxetako tximiniatik sartzen da eta hori dela eta ongi garbitu behar da bide hori; Oiartzunen sukaldera joaten da familia lotara joan denean eta gau horretan etxea goxatzen duen Olentzero enborra berotzen da sutan; Berastegin bere ote sorta erretzen du eta horrela berotu egiten da. Oiartzun, Lesaka, Leitza, Goizueta eta Arakil bezalako herrietan Olentzero lastoz eta trapuz egindako panpina moduan irudikatzen dute eta aulki batean kokatzen dute; modu horretan eramaten dute etxez etxe Eguberritako eskea egitera; umeek egunez, helduek gauez. Oiartzunen mutiko bat ikazkin jantziz janzteko ohitura dago eta aulkian eramaten duten etxez etxe panpina eraman beharrean.

Gauza bera egiten zuten lehen Beran, Pasaian, Andoainen eta Elduain. Larrauneko herrietan tximinian Olentzaroren irudia zintzilikatzen duten txapela buruan eta igitaia eskuan, gauerdiko meza igaro arte; Lesakan, Leitzan eta Arakilen leiho batean izaten dute. Beran eta Oiartzunen Olentzaro Kristoren jaiotza iragartzen duen pregoilaria dela diote. Begira zer abesten duten Oiartzunen Olentzerorekin eskean ibiltzen diren gazteek:

"Olentzero juantzaigumendira laneraIntentziyuarekinikatz egiterAdittu duenianJesus jayo delalasterka etorri daparte ematera".

.

Azkenik, Lesakako gazteek herriko plazan Olentzaro irudikatzen duen panpina erretzen dute, jale aseezin hori:

Olentzero guriaeziñ degu ase,bakarrik jan dizkiguhamar zerra gazte;sayeski ta solomotripazayak haste,Jesús jaio dalakokonsola zatezte

Antzeko zerbait egiten dute Goizuetan:

Olentzero,buru haundia,entedimentu gabia,bart arratsian,eran omen dubost arruado Zagia.

ay urde tripa haundia!Orra, orra, gure Olentzeropipa hartzen duelaexerita dagokapoiak ba dituArrautzatxuakinbihar berendatzekozato arduakin.

Jayo da, jayo daJaungoikuaren semia,jayo da, jayo dagure pozgarria.

Belengo portaliangabaren erdian,gayo da gure Jesúsestalpe batian...

Jayo da, jayo da...etc.

Arabako zenbait herritan Gabon Zahar egunez sutzarrak pizten dituzte eta amaitzera doan urtea irudikatzen duen zahagia erretzen dute eta kalez kale eramaten dute piztuta abesten duten bitartean: Erre pui erre, ipurdia erretzera. Putierre (Amarita). Izen horietako batzuk, Gabon Gaueko eta Gabon Zaharreko sutzar eta panpinak bezala, Gabon Gauez erretzen den egur berezi batekin dute zerikusia herrialdeko leku askotan. Subilaro hitzak, bere osagarrietako bat. -subil "zuhaitz enbor"- duela dirudi, argi eta garbi egur hori erreferentzia egiten diolarik. Izenen artean hauek aurki ditzakegu: Olentzero-enbor (Oiartzun), Onontzaro-mokor (Larraun), Gabon-subil (Antzuola eta Abadiño), Gabon-mukur (Bedia), Gabon-zuzi (Zegama), Gabon (Trasponte), Porrondoko (Agurain), Subilaro-egur (Aezkoa), Suklaro-egur (Zaraitzu) eta Sukubela (Liginaga). Egur hau etxeko sutondoan jartzen da Gabon Gauez. Ekintza hau egiten da Euskal Herriko etxe askotan Laudio, Trasponte, Agurain, Bedia, Otxandio, Arratia, Abadiño, Soraluze, Antzuola, Zegama, Oiartzun, Ezkirotz, Eraso, Arakil, Zaraitzu edo Liginagan, besteak beste.

Ezkirotz eta Elkanon hiru egurrek pizten dute sua gau horretan: bata Jaungoikoaren omenez, bestea Santa Mariaren omenez eta hirugarrena etxetiarren omenez. Eraso eta Arakilen gainera, makila bat jartzen dute etxetiar bakoitza babestuaz eta beste bat jartzen dute eskaleak babesteko. Trasponten. Gabona edo Gabon Gaueko enborra oso luzea izan ohi zen eta etxean egoten zen urte guztian; Larraunen sutondoan izaten zuten Gabon Gau egiunez, egun eta gau; Laudio eta Agurainen Gabon Zaharrera arte; Arratia, Otxandio eta Zaraitzun Gabon Gauez soilik. Oletan Gabon Zaharrean pago enborra pizten dute etxean eta berarekin batera aurreko urtean soberan geratu zenaren zatia erretzen dute. Gabon enborra Gabon Gauez erretzen zenez, bertute bereziak zituela uste da. Oiartzunen bere sutan prestatzen dute gau horretako afaria. Antzuola eta Abadiñon ere gauza bera egiten dute eta gainera, afalostean familia kide oro suaren inguruan biltzen da berotasun bila.

Elduain gau horretan sutzar handi bat egiten saiatzen dira; bestela, Olentzaro tximiniatik sar daiteke igitaia eskuan eta guztiak akabatu ditzake. Ezkirotzen Gabon Gauean Jaungoikoari eskaini zitzaion enborra jartzen dute etxeko atarian Urte Berri edo San Antonio Abad egunez eta haren gainetik igaroarazten dituzte etxeko animalia guztiak: hala, hauek ez dira istripuz hilko urte berrian zehar. Ohitura bera zegoen lehen Oiartzun eta Arakilen. Agurainen etxean jartzen dute zarata handiko ekaitza gerturatzen den aldiro, laino arriskutsu hori uxatu asmoz. Otxandio eta Arratian hazitarako zezen bat dagoen etxetan, Gabon Gaueko afarian zehar etxeko sutondoan bi makila jartzen dituzte mutur batetik erre daitezen. Atera ondoren, bitako bat printzatzen dute eta bestea printzadura zeharkatuz kokatzen dute, biekin gurutze bat eginez. Ondoren, gurutze moduko hau zezenaren ukuiluan kokatzen dute urte horretan animaliak maminpartidu izeneko gaixotasuna har ez dezan. Aezkoan enborra edo haren ikatzak gordetzen dituzte, hauek piztuz behiak gaixotasun honekin kutsatzen direnean errapeak pairatzen duen gogortzea senda dezakeen fumigazioa sortzeko. Oletan Gabon Zaharrean erretako egurra, familiarteko afariaren ostean ukuilura eramaten da, azienda gaixotasunetatik babestu asmoz. Zornotzan, etxean Gabon Gaueko enborra sutan jarriz gero, erbinudeak etxetiarrak eta hazienda ez dituela kaltetuko uste da.

Gau horretan ez diote suari itzaltzen uzten; bestela urte beteren buruan familiako kideren bat hilko denaren beldur dira. Bedian, Gabon Gaueko enborra edo haren ikatzak gordetzen dituzte, izan ere, tokiko sinesmenaren arabera etxea bedeinkatzen dute. Liginagan Gabon Gaueko enborrari artaldean emeak jaiotzearen ahalmena ematen diote. Ibarrurin Gabon Gauean sutan sortzen den errautsak lursail edo soroetara eramaten dira San Esteban egunez eta bertan gurutze forman askatzen dira animalia kaltegarriak sail haietatik at bidaltzeko. Erason, inor hiltzen den aldiro, Gabon Gauen bere izenean erre zen makila kokatzen dute aldamenean. Olentzarori dagozkion ekintzok -aro, pertsonaia, Gabon Gaueko enbor eta sutzar- San Juan edo udako solstizioaren parekoak dira eta erlijio indoeuroparretan ohikoak diren ospakizun eta erritu sinboliko edo magikoak, kristau kutsukoak, islatzen dituzte. Pertsonaia ahazmenean erortzear zegoen gerraondoan eta bere indarraldia, beste folklore gai batzuekin gertatu den bezala, 60. hamarkadan altxa zen euskal nazionalismoari zor zaio. 70. hamarkadan bere etorrera Gabon Gaueko Santa Klaus eta Papa Noelen etorrerarekin lotu zen. Etorrera hori irrikaz itxaroten zuten umeek, izan ere, lehen Errege Magoak nola, hala etortzen zen orain pertsonaia hau opariz eta misteriozko elementuz beteta. Berritasun hau ere nazionalismoak sartu zuen, batez ere, ikastolen bitartez.

José Miguel Barandiaran Ayerbe