Ipuia

Olaizola Lazkano, Jesus Mari

Helduentzako literaturari dagokionez, 90eko hamarkadaren amaieran kaleratu zituen Txilikuk lehenengo lanak. Hontzaren orduak (Elkar, 1999) ipuin-bildumarekin sartu zen irakurle helduen esparruan. Liburuak Anjel Lertxundik idatzitako hitzaurrea eta lau ipuin ("Hontzaren orduak", "Adur gaiztoa", "Bentara noa, bentatik nator" eta "Hontza uluka") biltzen ditu. Ipuinotako pertsonaiak armekin liluraturik daude, eta ipuin guztietan dago hilketaren bat (hontzaren uluak iragartzen ditu gertakizun tragikoak), ezohiko hilketak badira ere. Kontakizunak elkarrekin lotuta daude, bata bestearen jarraipena direla ematen du batzuetan, eta horrek nabarmen egiten du obraren batasunaren alde. Paradoxaren erabilera zabala (umorea ere ez da falta) nabarmendu izan dute kritikariek.

101 gau (Elkar, 2000) lanean, bestalde, 101 gautan idatzi omen diren testuak bildu zituen egile zarauztarrak: ipuin eta narrazio laburrak, pentsamenduak, aforismoak, saiakera laburren antza duten testuak, etab. Era guztietako gaiak ageri dira liburuan, horietako batzuk (natura, esate baterako) baten baino gehiagotan errepikaturik, baina idazleak liburua eguneroko ez bihurtzea bilatu omen zuen. Lan honetan, Anjel Lertxundiren eta Joseba Sarrionandiaren eragina ikusi dute kritikariek.

2006an argitaratu zen Txilikuren Bizitza eredugarriak (Elkar) lana. Hogeita bost biografia bildu zituen lan horretan egileak, benetan existitutako pertsonaien biografia fikzionalizatuak, umorez eta ironiaz jositakoak (izenburua bera begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko, biografiatuak ez direlako, egiazki, batere eredugarriak). Pertsonaia marginatuen biografiak ageri dira, oro har, gehienak ere joan diren mendeetakoak, ordena alfabetikoan emanda. Aipatu den ironiarekin batera, aipatzekoa da egilearen sarkasmoa eta gai beldurgarriak jorratzeko daukan joera. Biografia bakoitzaren amaieran, kanta bat aipatzen da, biografiaren eta kantaren artean lotura egon daitekeelakoan. Borgesen eta Sarrionandiaren eragina aipatu izan du kritikak lan honi dagokionez.

Bizien gaubeilan (Elkar, 2011) da orain artean Txilikuk helduentzat kaleratutako azken lana, eta, bertan, hogeita hiru narrazio biltzen ditu.