Oinkari Dantza Taldea 1975. urtean sortu zen Villabonan (Gipuzkoa), Euskal Herriko dantzak jaso, ikasi eta erakusteko asmoz. Elizan abesten zuen gazte talde bat urte horretako azaroak 20an bildu zen lehenengo aldiz, dantza taldea osatuz..
1976ko maiatzean Parrokiko elkarteak dirua biltzeko "Gurea" zineman antolatu zuen jaialdian egin zuen bere estreinua Oinkari Dantza Taldeak. Orduz geroztik inguruko hainbat herritan eskeini zituen emanaldiak: Atallo, Lizartza, Tolosa, Irura, Aduna, Sorabilla, Zizurkil, Amasa, Urretxu, etab..., baita urrutiago zeuden beste herri batzuetan ere. Urte horietan zehar, dantza egiteaz aparte, taldeak euskararen aldeko ekintzetan parte hartu zuen ere. Urte bat beranduago, 1977an, haurrentzat klaseak ematen hasi ziren.
1979an, taldeko zenbait mutil soldadutza egitera joaten hasi zirenean, dantza taldearen etorkizuna kolokan jarri zen lehen aldiz. Hala ere, taldeak aurrera egin zuen. Baina, zenbait eztabaidaren ondoren, ezkondu ondoren zenbait dantzariek taldea utzi zutenez eta, 1983ko abuztuko 24ko uholdeek eragindako kaltearen ondorioz (arropa eta gainerako tresnak hondatu zituen), taldea desegin zen.
1992 urtea iristera itxaron behar izan zen taldearen berpizkundea ikusteko. Urte horretako herriko jaietan, Iñude eta Artzaien konpartsa antolatu zuten Oinkari dantza taldeko kide batzuk. Konpartsa herrikoian herritar ugarik hartu zuen parte eta konpartsa hau izan zen, hain zuzen ere, Oinkari dantza taldeko hurrengo belaunaldia abian jarri zuena. 1997ko irailean haur ikastaroak jarri ziren berriro martxan eta honi esker, Oinkari dantza taldeak ordura arte jasandako dantzari faltari aurre egitea lortu zuen. Emanaldiak ere ez ziren gutxi izan, honela herriko jaietako alarde arrakastatsu haietan parte hartu zuten, hala nola Amasa, Sorabilla, Aldude edo Aiako Santio auzoko jaietan.
1992. urtetik Oinkari dantza taldeak bere ibilbidearekin aurrera jarraitu du etengabe, zailtasunak gaindituz eta bere lanarekin gozatuz.
