Kontzeptua

Nafarroako Hobekuntza

Autonomia estatutuak erreformatzeko prozesu berri bati eman zaio hasiera 2004-2008 legegintzaldian. Kataluniak eman zion hasiera prozesuari eta Valentziak eta Andaluziak segi diote, eta beste batzuk erreforma izapidetzeko zain dauden orain.

Nafarroako Parlamentuan, Foru erregimenari buruzko Batzordeak, 2003ko azaroaren 6ko bilkuran, Ponentzia bat sortzea erabaki zuen, Nafarroako autogobernuari buruzko gaietan proposamenak aztertu eta balioesteko; Ponentzia 2004ko otsailaren 17an eratu zen. Egin duen lanetik, 2006ko martxoaren 20ko bilkuran jasotakoa azpimarratu behar da, Hobekuntzaren zenbait gauza erreformatzeari buruz gutxieneko adostasunik badagoela agerian jarri baitzen:

  1. Foru Komunitateko erakundeen artean, Parlamentuak sortutako Nafarroako Kontseilua eta Arartekoa sartzea.
  2. Nafarroako Auzitegi Nagusia, foru-zuzenbidearen alorrean, azken instantzia judizial bihurtzea, kasazio-funtzioetan doktrina batzeko Auzitegi Gorenak duen zeregina deusetan ukatu gabe, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa erreformatuz.
  3. Kontuen Ganberaren eskumenak indartzea, Foru Komunitateko alor publikoaren gainean eskumen osoa emanez; Kontuen Auzitegiarekin lankidetzan aritzea, estatu osora iristen den jarduera publiko jakin bateko eremu sektorial oro ikuskatzeko; Kontuen Auzitegiari, Kontu Orokorrei buruzko eta Nafarroako toki-sektore publiko osoari buruzko txostenak bakarrik igortzea; eta Fiskaltzarekin nahiz Kontuen Auzitegiarekin harremanak izateko baliabideak artikulatzea, kontabilitate-erantzukizunik badagoenaren zantzuak ikusiz gero Kontu Ganbarak, egokiak diren jurisdikzio-funtzioak baliatu ahal izateko haien bidez.
  4. Toki Administrazioa sendotzea, Lege Organikora ekarriz, "haren autogobernua sustatuz eta areagotuz eta bere autonomia eta beharrezkoa duen finantziazioa bermatuz, emandako eskumen-maila egokiaren osotasunean beti ere".
  5. Administrazio bakarra eratzea; modu horretan, "Nafarroan, Foru Komunitateko Administrazioa izango da Estatuko Administrazio arrunta haren lurraldean; hori lortzeko, Foru Administrazioari transferitu behar zaizkio Estatuaren Administrazio periferikoari eta haren lurralde-erakundeei dagozkien funtzio betearazleak".
  6. Estatuarekin, beste Autonomia Erkidegoekin eta Europako Batasunarekin harremanak. "Estatuaren eta Nafarroaren arteko aldebikotasunezko harremana, foru-eraentzaren izaera eta funtsaren arabera sendotzea" proposatu zen. Beste Autonomia Erkidegoei buruz, berriz, hau proposatu zen: partekatutako eskumenen gainean, alde anitzeko harremanak sustatzen dituzten foroetan parte hartzea eta, bereziki, Estatuaren borondatea osatzeko daudenetan". Xedetzat jo zen ere, "Nafarroak presente egon beharra Europako Batasuneko instantzietan, beti ere Foru Komunitatearen eskumenak ukitzen badira eta eskumenaren izaerara eta irismenera egokituz parte hartzearen neurria".

Hobekuntza aldatzeko bidean jarraitzeko borondate politikorik ez zuten agertu talde handienek eta, ondorioz, ponentziak bere jarduna eten egin zuen akordiorik gabe itxi zen arte legealdiaren azken egunetan. Hori gertatzeko, zerikusirik izan zuen Estatuan Kataluniako Estatutuaren proiektuaren inguruan sortu zen eztabaidak eta bertan jasotzen zen kontzeptuen aldaketak sortutako dinamikak. Bestalde, oso zaila gertatzen zen gehiengo nahikoz adostasuna lortzea autogobernuari buruz talde politiko desberdinek azaldutako proposamenen artean, askotan iritzi oso kontrajarriak baitira; eta are gehiago foru-hauteskundeak egiteko garaia hurbiltzen denean.

Azaldutako topaleku hori aztertuz gero, erraz nabaritzen da edukiz oso urria dela eta bakar batek ere ez duela autogobernuaren inguruko arazorik ukitzen, ez eta ere Hobekuntzak errekonozi baina oraindik transferitu gabeko eskumenak betetzeari buruz. Adostasunik osoena maila horretan geratzen bada, "konstituzio-batasuna", Foru Komunitatearen berezko muga gisa, errespetatu bitartean dagoen autogobernua garatzeko aukerari ekitea ezin da pentsatu ere egin. Muga hori, eskumenen alorrean, Estatuaren eskumen osoko gaiek jartzen dute, esate baterako naziokotasunak eta atzerritartasunak, nazioarteko harremanek, defentsak eta indar armatuen antolaketak (EKko 149.1.2, 3 eta 4 art.). Gainerako eskumenak ez dute zerikusirik subiranotasunarekin , integrazio sozial eta ekonomikoarekin eta Estatu osoaren kohesioarekin baizik; horietatik asko, gainera, Europako batasunaren eremuan eratzen dira, Estatuak esklusibotasuna galdu baitu.

Beraz, NFEBHLOa erreformari ekin aurretik zehaztu beharreko ikuspegia zehaztea zintzilik dagoen arazoa da oraindik. Horretarako, adostasun nahikorik ematen denean egin beharko da, kontuan izanda azaldu direla "aldaketa-boladak" autonomia-erregimenaren araberako eskumen askori buruz, Konstituzio Auzitegiak ebatzi zain daudenak.