Kontzeptua

Nafarroako Hobekuntza

Konstituzioaren arabera hitzarmen berria gauzatzeko modua izan da 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa (NFEBHLO). Nafarroa horren arabera txertatzen da Konstituzio demokratikoa, parlamentu-monarkia eta Estatu deszentralizatua ezarri duen Espainian, egoera berri horretan errekonozitzen baitzaio komunitate politikoa badela eta bere eskubide historikoetan jasotako autogobernu-eskubidea baduela (1 eta 2. artk.). Hitzaurrean azaltzen da trantsizio-prozesu hori, foru-erregimen liberaletik eskubide historikoen araberako konstituzio-erregimenera. Legearen izena haren objektutik ateratzen da, berez autogobernua berreskuratu eta hobetu egiten baita, negoziaketen eta legea promulgatu aurretik zen egoerarekin alderatuz gero bederen. Horregatik, Nafarroako Foru Orokorrari 1330. urtean eta 1418an Carlos III el Noblek egindako aldaketei emandako izen zaharra erabili zen: "hobekuntza".

Legearen eta erakundeen izenek, eta bildutako kontzeptu askok agerian uzten dute bazela historiarekiko kezka eta eskubide historikoei jarraipena emateko asmoa, beste eduki eta formulazio batekin bada ere. Foru-sisteman funtsezkoak diren kontzeptuak errepikatzen dira, hala nola eskubide jatorrizko eta historiko uko ezinak (1. XG), hitzarmentza (45, 64, 69 eta 71. artk.), tributu- eta finantza-autonomiaren titularitatea errekonozitzea (45. art.), eta adostasun eta hitzarmen bidez bakarrik sistema aldatzea (64 eta 71. artk.). Eskumenen eremuan, eskubide historikoak errekonozitzea dakar, haien edukien zati bat bederen, hau da, indarrean zen foru-errealitatea, eskumen-edukia zabaltzeko aukera irekita utziz, konstituzio-batasuna baita muga bakarra (3 eta 39. artk.).

Konstituzioko 1. XGan du oinarri NFEBHLOk eta, berau egiteko eta tramitatzeko bidea ez bada tipikoa izan ere, foru-erregimena gaurkotzeko Konstituzioak jarri duen bidea dela ulertu da, historiarekin lotura egiteko asmoa apropos bultzatu nahi izan baita. Horrela, foru-erregimen liberalak emandako autogobernu mugatua gainditu eta "Foru Autonomia Erkidegoa" eratu da, EKko 151. artikuluan aurreikusitako "Estatutuen" parekoa ezarriz, eskumen desberdinak eta gehiago jasotzen baditu ere NFEBHLOk, bere titulu propio eta berezia eskubide historikoak baititu. Horiek konstituzioaren aurrekoak izateak, legitimitate historikoa Konstituzioan txertatzea ekarri du eta, halaber, azken horrek konstituzio-legitimitatea eman die haiei.

Atariko tituluan, Foru Erkidegoa definitzeari eta bere eskubide historikoak, konstituzio-batasunaren mugarekin, 1839 eta 1841eko legeen bidez jarraitzeari buruzko xedapen orokorrak jasotzen dira.

Hau dio 1. artikuluak: "Nafarroa Foru Komunitate bat da, araubide, autonomia eta erakunde berekiak dituena, banaezina, Espainiako Nazioaren barnean sartua eta solidarioa haren herri guztiekin". Erakundetutako hiritar-erkidego horrek, legeko sarreraren arabera, badu berariazko autogobernu-sistema, formaz garatzen joan dena. Erkidego sozio-kulturalak, historian zehar, forma juridiko-politiko eta erakunde desberdinekin osatutako goi-egitura eratu du; forma hori, egun. "Foru Erkidegoa" da, aurreko "Foru eta Probintzia-Diputazioaren" forma gaindituz, azken horrek "Erreinu" izatea gainditu zuen bezala. Horrela, "jatorrizko eskubide historikoak" (2.1 art.) ez dira goi-egiturarenak, ez eta forma juridiko-politikoarenak, erkidego sozio-kulturala osatzen duen nafar herriarenak baizik (1. XG). Foru-lurraldeen eskubide historikoak errekonozitu izana (EKko 1. XG) da horren funtsa; gainera, foru-erregimena 1978ko EKra egokitzeak, Nafarroaren eskumen-aukerak zabaltzea ekarri du.

Foruak berresteari buruzko 1839ko Legetik sortu zen egoerarekin du erlazioa Nafarroaren egungo estatusak. Lege hura eta 1841eko Lege Itundua indarrean dira oraindik, Konstituzioko arau derogatzaileek ez baitituzte haiek ukitu. Haietara igortzen da, espresuki, 2. artikulua, "jatorrizko eskubide historikoen" erreferenteak baitira, eta "Nafarroako Foru Komunitatearen jatorrizko eskubide historikoen" mugatzat jarriz "Estatuaren erakunde, ahalmen eta eskumenak, konstituzio-batasunari badatxezkio".

Estatuaren printzipioek, erakundeek, ahalmenek eta eskumenek bermatzen dute konstituzio-batasuna, beren izaeraz Estatuarenak izan eta hari modu banaezinean loturik dauden heinean. Baina, gauza bat dira jatorrizko eskubide historikoak, konstituzio-batasunaren muga errespetatuz autogobernurik zabalena bideratzen dutenak, eta beste zerbait da 1841eko Legetik eratorritako foru-sistema. Horrela, "foru-erregimen liberalak" eta horren arabera lortutako autogobernuak ez dute aukerarik ixten, ez eta jatorrizko eskubide historikoei (1. XG) uko egitea ekartzen. Asmoa da momentu historiko jakinean artikulatzea eskubide historikoak, 1978ko Konstituzioak ezarritako konstituzio-batasunarekin bat, eta 1837ko Konstituzioak eta 1841eko Legeak jarritako mugak gaindituz. Batasun hura artikulatzeko bidea da eskubide historikoak gaurkotzea, egun indarrean dagoen Konstituzioak Estatuaren lurralde-antolamendu zentralista aldatu eta beste eredu bat bultzatzen baitu.

Foru-erregimenak duen izaera errespetatuz, hitzarmen berri baten bidez foru-erregimena Hobetzea da Lege berriaren helburua, konstituzio-batasunarekin bateragarriak diren ahalmen eta eskumen guztiak bertan sartuz, Foru Erakundeak demokratikoki antolatuz eta haren ahalmen eta eskumen bereki guztiak bermatuz (3. art.).

Merinerrien barnean dauden udalerrien bidez zehazten da lurraldea, entitate juridiko-administratiborik gabeko erreferentzia historikoa erabiliz (4. art.). Nafartasun politikoa eta nafarren eskubide, askatasun eta betebeharrak 5 eta 6. artikuluek arautzen dituzte; foru zuzenbide zibilaren araberako nafartasuna, Foru Zuzenbide zibilaren Bilduma edo Nafarroako Foru Berriaren arabera zehaztuko da. Erkidegoaren ikurrak, 7. artikuluan deskribatutako armarria eta bandera dira, eta hiriburua Iruñeko hiria da (8. art.). "Gaztelera da Nafarroako hizkuntza ofiziala" eta "euskarak ere hizkuntza ofizialaren maila izanen du Nafarroako eskualde euskaldunetan" (9. art.). Euskararen erabilpena 18/1986 Foru Legeak, abenduaren 15ekoak, arautzen du.

Foru-erakundeak eta beren erregimena ezartzen dira legeko I. tituluan: "Parlamentua edo Nafarroako Gorteak, Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioa, eta Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria" (10. art.). Parlamentuak emandako lege bidez, gainera, Hobekuntzan aurreikusi ez ziren beste erakundeak ere sortu dira, hala nola Nafarroako Arartekoa eta Nafarroako Kontseilua.

A) Parlamentua edo Nafarroako Gorteak

Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du, legegintzarako ahalmena erabiltzen, Nafarroako aurrekontuak eta kontuak onesten, Gobernuaren jarduera bultzatzen eta kontrolatzen, senadoreak hautatzen (11 eta 12. artk.), bere Erregelamendua ezartzen, bere aurrekontuak onesten (16. art.) eta EKko 4. XIak aipatzen duen ekimena erabiltzen (2. XG). Parlamentuko kideen kopurua ez da berrogei baino gutxiago ez eta hirurogei baino gehiago izanen, eta haiek bozketa unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatuko dira (15. art.); foru-parlamentari izateak duen immunitatea gozatuko dute (14. art.). Parlamentuaren jarduna osoko bilkuretan eta batzordeetan gauzatuko da; ohiko bilkurak egiteko bi batzarraldi izanen ditu eta ohiz kanpoko bilkuretan ere batzar daiteke (17. art.).

Diputazioaren eta Parlamentuaren arteko harremanei buruz, berriz, printzipio hau ezartzen da: Lehendakaria eta Foru Diputatuak erantzule solidarioak dira Parlamentuaren aitzinean beren kudeaketa politikoaz, beren kudeaketan duten erantzukizun zuzena deusetan ukatu gabe. Parlamentuak, gainera, bere eginkizunak aurrera eramateko beharrezkotzat jotzen dituen argibideak eta haren kideen agerpena eskatzen ahal dizkio Diputazioari. Foru parlamentariek Diputazioari eskaera, galdera eta jabeldurak egin diezaizkiokete, baita mozioak aurkeztu ere, hori guztia Biltzarreko Erregelamenduak adierazten duen gisan.

Diputazioko lehendakariak eta diputatuek Parlamentuko osoko bilkuretara eta Batzordeen bilkuretara agertzeko eta hantxe entzunak izateko eskubidea dute. Bere jarduketa-programari buruzko konfiantza-eskea egin ahal izanen du eta konfiantza emantzat hartuko da baldin eta parlamentarien gehiengo soilak haren aldeko botua ematen badu. Parlamentuak bere konfiantza ukatzen badio, Lehendakariak berehala aurkeztuko du dimisioa, eta ondotik beste lehendakari bat hautatuko da.

Parlamentuak Diputazioaren erantzukizun politikoa exijitzen ahal du zentsura-mozioa onetsiz, zeinak nahitaez Lehendakaritzarako hautagai baten proposamena ekarri behar du berekin. Zentsura-mozioa Parlamentuko kideen bostetik batek proposatu beharko du gutxienez. Zentsura-mozioa onesten ez bada, haren sinatzaileek ezin izanen dute besterik aurkeztu batzarraldi berean. Parlamentuak zentsura-mozioa onesten badu, haren lehendakariak berehala aurkeztuko du dimisioa, eta onetsitako mozioan proposaturiko hautagaia izendatuko da Diputazioko lehendakari.

Parlamentuaren menpeko organo bat da Kontuen Ganbera, Foru Erkidegoko sektore publikoaren eta funtsa publikoen kudeaketa ekonomikoa eta finantzak ikuskatzeko (19/1984 Foru Legea). Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa Parlamentuaren goi mandataria da, eta Konstituzioak eta NFEBHLOk babesturiko eskubide eta libertateak defenditzeko eta hobeki babesteko hautatuko du Nafarroako Parlamentuak; hiritarrak Administrazioaren balizko abusu eta akatsen aurrean babestea izango du eginkizun nagusi (4/2000 Foru Legea).

Legegintza-ekimena ondoko hauei dagokie: Foru Diputazioari, Parlamentuari lege-proiektuak aurkeztuz; Foru parlamentariei; eta udalei, beraiei dagokien merinerriko udalerri kopuruaren herena eta bertako zuzenbidezko biztanleriaren ehuneko berrogeita hamar ordezkatzen dutenean, 4/1985 Foru Legearen arabera. Herriaren legegintza-ekimena errekonozitu eta 3/1985 Foru Legearen arabera egikarituko da.

Nafarroako Parlamentuaren arauek foru-lege hartuko dute izena eta gehiengo soilez onetsiko dira. Erabateko gehiengoa beharko dute onetsiak izateko, proiektu osoaren gaineko azken bozketa batean, honako gai hauek arautzeari buruzko foru-legeak: euskara (9.2 art.), hauteskundeak (15.2 art.), Kontuen Ganbera (18.2 art.), udalen eta herriaren legegintza-ekimena (19.1 eta 2 art.), Gobernua (25. art.), Lehendakaritza (30.2 art.), ondarea (45.6 art.), toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola (46.2 art.), eta Foru Zuzenbide Zibila (48.2 art.). Foru Legeen gaineko kontrol bakarra, Konstituzioarekin bat heldu ote diren, Konstituzio Auzitegiak eginen du (37. art.).

Lehenbiziko bozketan erabateko gehiengoa lortu beharko du hautagaiak Lehendakari hautatua izateko (29.3 art.) eta zentsura-mozioa onetsi ahal izateko (35. art.). Parlamentuko Erregelamenduak ere hala eskatzen du Lehendakaria hautatzeko lehenbiziko bozketan (8.7 art.) eta Estatuarekin egin beharreko hitzarmen ekonomikoa onesteko (168.2 art.).

Bigarren XGaren arabera, Parlamentua foru-organo eskuduna izanen da EKko 4. XGan aipatutako ekimena erabiltzeko eta, Nafarroa beste Komunitate Autonomo batean sartua izanez gero, handik bereizteko ekimena erabiltzeko (NFEBHLOko 2. XG).

B) Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa

Foru Erkidegoko botere exekutibo gisa eratzen da eta ondoko eginkizun hauek dagozkio: betearaztekoa, erregelamenduzkoa eta administraziozkoa barnean direla; ahalmen ikuskatzailea gai administratibo eta ekonomiko-administratiboetan, judizialaren aitzin; NFEBHLOk esleitzen dizkion eskumenak; eta bestelako legeen ariora dagozkiokeenak. Diputazioak Nafarroako foru-erregimenaren osotasunaren defentsa bereziki zainduko du, eta Parlamentuari eman behar dio gerta litekeen edozein kontraforuren berri (23 eta 24. artk.).

Foru Diputazioaren eskumenak, eskurantzak, eraentza juridikoa, funtzionamendua eta gobernuko kideen estatutua arautzen dituzte 14/2004 Foru Legeak, Gobernu eta Lehendakariari buruzkoak, eta 15/2004 Foru Legeak, Foru Komunitateko Administrazioari buruzkoak.

Foru Diputazioak Parlamentuaren aldez aurreko baimena beharko du zor publikoa jaulki, abal eta bermeak eratu eta kredituak egiteko; Estatuarekin eta komunitate autonomoekin hitzarmenak gauzatzeko; Estatuaren eskumenak eskualdatzeko edo eskuordetzeko ekimena erabiltzeko (EKko 150.2 art.) (26. art.).

Foru Diputazioak kargua utziko du Parlamenturako hauteskundeak egindakoan, horrek bere konfiantza ukatu edo zentsura-mozio bat onesten duenean, edota lehendakariaren dimisioagatik edo haren heriotzagatik. Kargua uzten duen Diputazioak jardunean jarraituko du, Diputazio berria karguaz jabetu artean (28. art.).

C) Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria

Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakaria, Parlamentuak hautatuko du bere kideen artetik eta Erregek izendatuko, 29. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera (1/2001 Lege Organikoak emandako idazketa da indarrean). Programa aurkeztu eta eztabaidatu ondoren, hautatua izateko, hautagaiak, lehenbiziko bozketan erabateko gehiengoa lortu beharko du, edo bigarren bozketan gehiengo soila. Lehenbiziko bozketatik 30 egun natural iragan eta hautagairik bat ere hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira. Parlamentu berriaren agintaldiak, hala ere, lehengoaren agintaldia bukatuko zen arte iraunen du.

Diputazioko lehendakariak Foru Komunitatearen ordezkaritza gorena du, baita Estatuaren ordezkaritza arrunta ere Nafarroan; foru diputatuak hautatu eta kargugabetzen ditu; Diputazioaren ekintza zuzentzen du eta 14/2004 Foru Legean zehaztutako eginkizunak betetzen ditu. Aurrez Gobernuak hala deliberatu duela, zilegi izanen du Parlamentua desegiteko erabakia hartu eta hauteskundeen deia egitea, legealdiaren berezko amaiera baino lehen. Hori egitea ez du zilegi izanen lehenbiziko bilkuraldian, eta ez legealdia bukatzeko urtebete baino gutxiago gelditzen bada, eta ez zentsura mozio bat tramitatzen ari deino, eta ez Estatuko hauteskunde prozesu bat deiturik dagoeino eta ez orain hurrena Parlamentua prozedura horren bidez desegin zenetik gutxienez urtebete iragan arte. Hartara, hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak jatorrizko legealdiaren berezko amaiera bitarteko agintaldia izanen du (30. art.).

Hobekuntzak Legeak konstituzio-batasuna aipatzen du, berau egungo konstituziokotasunean sartzeko eta eskubide historikoen muga gisa jartzeko. Foru Komunitateak izan ditzakeen eskumenen sabaia hura bada, autogobernuak badu tarte bat muga haren eta momentu historiko bakoitzean NFEBHLOk zehaztutako eskumenen artean. Hain zuzen ere, horregatik ezartzen da erreserba hau: "Lege Organiko honetan ezarritako araubidea onartzeak ez dakar Nafarroari dagozkiokeen beste eskubide jatorrizko eta historikoei uko egiterik. Horiek ordenamendu juridikoan sartu nahi izanez gero, 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio" (1. XG); erreformaren ekimena Foru Diputazioari edo Nazioko Gobernuari dagokio, baina biek bat etorri beharko dute horretan.

Hobekuntzak errekonozitutako eskumenak, berez, eskubide historikoak zertzeko baliabide moduan hartu behar dira; alegia, ez dira parekatu behar momentu historiko jakin batean komunitate politiko batek duen autogobernuarekin, izan Antzinako Erregimenean, konstituzio liberalean aldian, frankismoan, edo konstituzio demokratiko aldiaren aurreko garaian, zerbait estatikoa, aurrez jarria eta aldaezina bailitzan. Aitzitik, eskubide historikoak errekonozitzeak, aurrez komunitate politiko bat bazela errekonozitzea esan nahi du, lehen erabat subiranoa zena, eta beste subiranotasun batean txertatzen dena modu berezian, hain zuzen identitatea gordetzeko eta autogobernua izateko berez eta jatorriz dagokion eskubidea errespetatuz. Autogobernuaren edukia eboluzioz modu dinamikoan aldatzen da, gizarteak eratutako antolaketa politikoa, soziala eta ekonomikoa eredu zehatz eta historiko jakin batera egokitzeko. Eredu historiko estatiko eta gainditu batera ezin da lotu, hala nola Antzinako erregimenera edo liberalismora, horrek autogobernuaren edukia blokeatu eta beste errealitate politiko, sozial, instituzional eta ekonomiko desberdinetara egokitzea eragotziko bailuke; zaharkitzeak berez desagertzea baitakar.

Eskumenen artean, jatorri historikoaren arabera errekonozitutakoak eta Estatuaren lurralde-antolaketa berriaren arabera berrezarritakoak bereizten dira. Legearen Sarrera irakurriz gero, segida historikoa eman nahi dela ikusten da eta baita zenbait artikulutan erreparatuz gero, foru-xedapen eratzaileak (2, 4.1, 39.1, 46.1, 48.2 eta 64. artk., eta 1. XG) edo titulu historikoa, "bere foru araubidearen ariora" (45, 49 eta 50. artk.), aipatzen baitira. NFEBHLOk, Konstituzioaren barruan, eskubide historikoak berrezartzea bideratu eta aurretik zegoen foru-erregimena hobetzea ekarri du, Konstituzioko estatutu-eredutik behar den hartan bananduz izan bada ere; hala egin izan ez balitz, eskubide historikoek ez zuten aurrerapenik izango, eta indarrean zen foru-erregimena besterik ez zen ezarriko. Hori guztia, Sarreratik eta 1. XGtik ondorioztatzen da.

Konstituzio-batasuna aipatuz zentzua ematen zaie EKko 1. XGari, eta NFEBHLOko 2. art.ari eta 1. XGari. Behin eta berriz adierazten denez, Nafarroako Foru Komunitateko eskubide historikoak uko ezinak dira eta Konstituzioaren VIII. Tituluan jasotako estatutu-eremua ez da muga haientzat; aitzitik, konstituzio-batasunak eratutako funtsezko edukia da haien muga (3.1 art.). Ideia hori 39. artikuluan gauzatzen da, Nafarroak erabiltzen zituen ahalmen eta eskumenez gain, bere eskubidez beste batzuk gaineratzen baitira, lehen errekonozitu gabe izan eta baliatzen ez bazituen ere. Gainera, Nafarroak izango ditu estatutu bidez beste Erkidegoek, izaera orokorrez, dituzten eskumenak, eta bere kabuz negoziazio bidez bereziki hitzartu ditzakeenak Estatuarekin, beti ere konstituzio-batasuna urratu gabe.

Eskumen horiek guztiak, eremu desberdinetan artikulatu dira. Batetik, eskumen osoko gaiak, hau da, Foru komunitateari ahalmena dagokio legegintzarako, erregelamendugintzarako, administrazioa, ikuskaritza barne dela, eta berrikustekoa administrazio bidean. Ahalmen horiek, Hobekuntza Legean eta 40. artikuluaren arabera berorrek aipatzen deun Estatuko legerian aurreikusitako eran erabiliko dira. Nafarroako zuzenbidearen lehentasuna ezartzen da, EKko 149.3 artikuluarekin bat, eta Estatuko zuzenbidearen ordezkotasuna zuzenbide berekirik ezean. Gaiak garatzeko eskumenari dagokionez, Nafarroari dagozkio legeria garatzekoa, erregelemendugintzarakoa, administraziokoa, ikuskaritza barne dela, eta berrikustekoa administrazio bidean, Estatuak ematen dituen oinarrizko arauei jarraikiz (41. art.). Beste gaiak betearazteko eskumenak ere baditu Nafarroak,eta eremu horretan erregelamendugintzarakoa bere zerbitzuen antolaketarako, administraziokoa, ikuskaritza barne dela, eta berrikustekoa administrazio bidean (42. art.). Betearazteko ahalmen horiek, izaera orokorrez Estatuak emandako xedapenei jarraikiz baliatuko dira.

Hobekuntza Legeak aurreikusitako eskumenak, hiru multzotan sailkatzen dira. Eskumen historikoak edo foralak (2.2, 3.3 eta 39.1.a artk.), Nafarroak erabiltzen zituen eta aurretik indarrean zen foru-erregimenaren barruan zeudenak. Bestalde, autonomia-eskumenak (3.1 eta 39.1.c artk.), hau da, Hobekuntzak ex novo jasotzen dituenak Konstituzioko 148 eta 149. artikuluen arabera; horiekin, eskumenik gehien dituzten erkidegoen egoera berdinean jartzen da Nafarroa (151. art.). Azkenik, aurreko bi irizpide horiek biltzen dituzten eskumen mistoak daude; gutxieneko eskumen-eduki bat bermatzen da, foru erregimenaren barruan aurrez zegoenari eutsi eta autonomia-eremu berriak beste eskumenak gehitu baitizkio.

A) Eskumen historikoak edo foralak

Hobekuntza Legean, hitz hauekin atzematen dira: "bere foru araubidearen kariaz" (45, 49 eta 50. artk.), "gaur egun dituen" (46, 51 y 53. artk.), edo eskumen osoa zuzenbide zibilaren alorrean (48. art.). Modu horretan, beren jatorria Konstituzioaren aurretik dutela eta beren existentzia autonomia-erregimenari ez baino EKko 1. XGari eta konstituzio-batasunari loturik dagoela azpimarratzen da (3.1 art.). Berezitasuna arrazoitzeko eta Konstituzioaren VIII. Tituluaren eskumen-sistematik kanpo dagoela azaltzeko modua da.

  1. Tributuak eta finantza
    Tributu- eta finantza-jarduera da lehen eskumena; "hitzarmen ekonomikoaren tradiziozko sistemaren bidez arautuko da<" (45. art.). "Nafarroak bere zerga-araubideari eusteko eta hura ezarri eta arautzeko ahalmena du, behar den Hitzarmen Ekonomikoan xedatzen dena deusetan ukatu gabe". Horrek izaera itundua du eta, Nazioko Gobernuaren eta Diputazioaren arteko negoziaketatik sortu ostean, lege arruntaren bitartez onetsiko da.
  2. Toki Administrazioa
    Nafarroari dagozkio gaur egun dituen ahalmen eta eskumenak, 1841eko Lege Itunduan eta 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Lege Itunduan erabakitakoaren babespean (46. art.). Gainera, "Nafarroako udal, kontzeju eta toki entitateen jarduketen legezkotasunaren eta interes orokorraren kontrola eramanen du". Noski, "Nafarroako udalek, gutxienez, Nazioko gainerako udalei izaera orokorrez onartzen zaien autonomia izanen dute". Hain zuzen ere, halaxe jaso da 7/1985 Legeak, apirilaren 2koak, toki erregimenaren oinarriak arautzeari buruzkoak, bere 3. Xedapen Gehigarrian, eta 6/1990 Foru Legean eta 279/1990 Foru Dekretuan.
  3. Foru Zuzenbide Zibila
    Nafarroak eskumen osoa du Foru Zuzenbide Zibilaren alorrean; horrekin bat, "indarra duen Foru Zuzenbidearen Bilduma edo Nafarroako Foru Berriaren zainketa, aldaketa eta garapena, foru lege bidez eginen da behar izanez gero" (48. art.). Forutasuna erakunde gisa bermatzeko araua da, eskubide historikoetan errotutako eskumen-titulu batean oinarritua; hala errekonozitu zen bilduma-lanak egin zirenean, eta jasoa geratu da Foru Berrian edo Bilduman.
  4. Antolakuntza, funtzio publikoa, prozedura, eta abar
    Eskumen foral edo historikoaren arabera, Nafarroari dagozkio Foru Erakundeen osaketa, eskurantzak, antolakuntza, jardunbidea eta araubide juridikoa arautzea, hala nola haien kideen hautaketa egitea, eta baita funtzionario publikoen estatutu-eraentza ematea, Estatuko oinarrizko legeriak haiei onartzen dizkien funtsezko eskubide eta obligazioak errespetatuz. Foru-eraentzaren beste alor bat da administrazio-prozeduraren arauak edo, bestela, prozedura ekonomiko-administratiboarenak, zuzenbide sustantiboaren edo antolakuntzaren alorrean Nafarroak bere dituen berezitasunetatik heldu direnak.
  5. Administrazio kontratu eta kontzesioak
    Foru-eraentzatik datozen eskumenak dira ere administrazio-kontratu eta kontzesioei buruzkoak, gai horretan Estatuak duen oinarrizko legeriaren funtsezko printzipioak errespetatuz; egun, Europako Erkidegotik datorren legeria jaso beharra dagoenez, berezitasunak topatzeko aukera gutxi dago. Nork bere buruari jarritako muga gisa agertzen da merkatuaren batasunari eta konkurrentzia askeari lotutako oinarrizko printzipioetara egiten den igorpena.
  6. Errepideak, bideak, trenbideak eta garraioa
    Beren ibilbidea osoki foru lurraldean duten trenbide, errepide eta bideak eta era berean, bide horietaz baliatuz egiten den garraioa, hala nola ibai eta kable bidezkoa; kontratazio-zentroak eta garraio-gaien terminalak, eta abelbideak; Estatuko legeria betearaztea salgai eta bidaiarien garraioa antolatzeko gaietan, abiapuntua eta helmuga foru lurraldean badute.
  7. Nekazaritza, abeltzaintza, mendiak eta abar
    Nafarroak, bere foru-eraentzaren kariaz, eskumen osoa du ondoko gai hauetan: nekazaritza eta abeltzaintza; ehiza; ibai eta aintziretako arrantza; larre, belar eta galondoak; natur gune babestuak; mendialdeen trataera berezia; Nafarroako Foru Komunitatearen edota udal, kontzeju eta gainerako administrazio entitateen titularitatekoak diren mendiak.
  8. Foruzaingoa
    Legeko 51. artikuluaren arabera, "Foruzaingoaren araubidearen arauketa Nafarroari dagokio. Hark gaur egun dituen eginkizunak betetzen segituko du Foru Diputazioaren agintaritza gorenaren pean"; toki-polizien koordinazioa ere badagokio. Foruzaingoaren helburu eta zerbitzuak zabal ditzake, behar den Lege Organikoan erabakitzen denaren barnean. Foruzaingoaren eta Estatuko segurtasun kidego eta indarren jarduketa koordinatu nahi izanez gero, Segurtasun Batzordea eratuko da.
  9. Barne osasuna eta higienea
    Barne osasuna eta higiene alorretan, "gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak dagozkio" Nafarroari (53. art.). Gai horren gain foru-eskumenak erabili izan direla egiaztatzen da eta ez laguntza- eta ospitale-gaietan bakarrik, osasun publikoaren alorrean ere bai, 1841eko Legearen, 1925eko azaroaren 4ko Errege Dekretu Legearen eta 1935eko urtarrilaren 8ko Legearen arabera.
  10. Irakaskuntza
    Legeko 47. artikuluak hau dio: Nafarroak eskumen osoa du irakaskuntzaren arauketa eta administrazioan, bere zabalera, maila eta gradu, mota nahiz espezialitate guztietan, deusetan ukatu gabe gai honi buruzko manu konstituzionaletan ezarritakoa, ez horiek garatzen dituzten lege organikoak, ezta ikasketa nahiz lanbide tituluak eskuratu, eman eta baliokidetzeko, hala nola berauek bete eta bermatzeko Estatuak duen goi-ikuskaritzaren baldintzak arautzeari dagokionez Estatuak dituen eskumenak ere.

B) Autonomia-eskumenak

Autonomia-eskumenen kategorian, Nafarroak erabili izan ez baina berezko gisa errekonozitzen zaizkionak sartzen dira (39.1.b art.). Estatuak baliatzen zituen eskumen hauek, estatuko zerbitzuak transferitzeko prozesu bidez emanak izan zaizkio Foru komunitateari, laugarren xedapen iragankorraren arabera.

Izaeraren arabera, hiru eskumen-mota hauek bereizten dira: eskumen osoak (44 eta 56.1 art.), 57. artikuluaren arabera Estatuko oinarrizko legeriaren xedearen barnean legez garatzekoak (47, 50.2, 54, 56.1 eta 57. artk.) eta betearaztekoak (52; 53.1.b, 2 eta 3; 56.3; 58; 60; eta 63. artk.). Azken bi mota horietan, estatuko oinarrizko legeria garatzera edo estatuko legeria eta politikak betearaztera mugatuko da Komunitatearen gaitasuna. Horrela, eskumen historikoak berreskuratzen edo autogobernuari berez dagozkion eskumen-eremu berriak errekonozitzen dira; oraindaino Estatuak baliatzen bazituen ere, orain Nafarroari berrezartzen zaizkio beren izaeragatik.

Eskumen horiek baliatzeko, behar diren baliabideak ere transferitu zaizkio Foru Komunitateari. Dena den, NFEBHLOk Nafarroaren berezko eskumen gisa errekonozitutako gai hauek oraindik transferitzeke daude:

  1. Guztirik: interes orokorrekoak ez diren aeroportuak: heliportuak; metereologi zerbitzua (44. art.). Trafikoa eta zirkulazioa (49. art.), estatuak baliatu beharrekoa izan arren elkarrekin baliatuko baitute eskumen historikoa denez. Gizarte Segurantzaren eraentza ekonomikoaren kudeaketa (54. art.). Espetxeak eta interes orokorreko aireportuak (58. art.).
  2. Zatiren bat: Kasinoak, jokoak eta apustuak (44. art.). Kreditu, banka eta aseguruen antolamendua (57. art.). Lan mundua (58. art.).

C) Eskumen mistoak

Eskubide historikoen eta estatutuaren araberakoen artean kokatzen dira eskumen mistoak; foru-oinarriren bat izanik, zabaltzen diren eskumenak dira. Esate baterako, barne-osasuna eta higiene alorretan (53. art.); salgai eta bidaiarien garraioa antolatzeko gaietan, nahiz trafikoari eta zirkulazioari buruzkoetan (49.2 art.), Estatuaren oinarrizko legeria garatzeko eta betearazteko dagokion guztian. Aurrekoak bezala, eskubide historikoak berrezartzeko prozesuaren barnean kokatzen dira, izan ere zati batean galdu egin baitziren eta orain jatorrizko osotasunera itzultzen dira, eskubide historikoen eskumen-multzoan berriz txertatzeko.

D) Justizia Administrazioa

Botere Judizialaren egituran eta antolaketan, Nafarroan Justizia Auzitegi Nagusia eratzen da. Horrek Foru Komunitatearen lurralde eremuko antolamendu judizialaren buru eginen du eta, bere aitzinean, hurrenez hurren, auzibideko instantzia guztiak agortuko dira Auzitegi Gorenari dagokion eskumena deusetan ukatu gabe (59. art.).

Justizia Administrazioa administratzeari buruz hauek dagozkio Nafarroari: Botere Judizialari buruzko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari buruzko Lege Organikoek Estatuko Gobernuari onartzen edo esleitzen dizkioten ahalmen guztiak erabiltzea eta jurisdikzio-organoen lurralde barrutiak mugatzean parte hartzea (60. art.).

Nafarroan kokaturiko jurisdikzio-organoen eskumenak zehazten dira. Arlo zibilean, instantzia eta gradu guztiak, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren gaietan kasazio eta berrikuspen errekurtsoak barne direla. Gizarte arloan eta penalean, instantzia eta gradu guztiak, kasazio eta berrikuspen errekurtsoak salbu. Administrazioarekiko aferen arloan, instantzia eta gradu guztiak, Foru Administrazioak emandako egintzak direnean. Nafarroan kokaturiko organo judizialen arteko eskumen-auziak, eta Nafarroako Foru Zuzenbidearen gainean Jabetza Erregistroetan sarrera izan behar duten agirien kalifikazioari buruzko errekurtsoak.

Gainerako gaietan, Estatuko legeen ariora bidezko diren errekurtsoak Auzitegi Gorenean aurkezten ahal dira.

E) Estatuko Administrazioarekiko harremanak

Harreman horiek burutzeko, "foru erregimenaren izaera" aipatzen du 64. artikuluak, hau da, hitzarmena eta aldebikotasuna, EKko 1. XGaren eta NFEBHLOko 2. artikuluaren arabera, dagokion lerruneko xedapen bidez formalizatua. Kooperazio-printzipioa honela zertzen da:

  1. Estatuko Administrazioak eta Foru Administrazioak lankidetza-hitzarmenak egin ditzakete interes komuneko lan eta zerbitzuak kudeatu eta eskaintzeko (65. art.).
  2. Haiek, bakoitzaren ahalmen eta eskumenen kudeaketa zuzenerako elkarlanean ariko dira, eta horretarako beren berri emanen diote elkarri (67. art.).
  3. Nazioko Gobernuak jakinaren gainean jarriko du Diputazioa itun eta hitzarmenak lantzerakoan, hala nola aduanetako legeriaren proiektuez, Nafarroarentzat interes berezia duten gaiak ukitzen duten bezainbatean (68. art.).
  4. Gobernuaren Ordezkariak zuzenduko du Estatuaren Administrazioa Nafarroan eta Foru Administrazioarekin koordinatuko (66. art.).

Foru Diputazioaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari kopuru berdinez osaturiko Lankidetza Batzorde bat eratzen da. Horrek jorratuko ditu, baita, kasuan-kasuan, ebatziko ere Administrazio horien artean sor daitezkeen desadostasunak, Konstituzio Auzitegiaren eta Justizia Administrazioaren legeria berekia deusetan ukatu gabe (69. art.).

F) Hitzarmen eta lankidetza akordioak komunitate autonomoekin

Zentzu horizontalean, Komunitate Autonomoen arteko kooperazio-printzipioaren arabera, kudeaketa-hitzarmenak eta lankidetza-itunak egin ditzakete haiek EKko 145. artikuluarekin bat, eta hori bideratzen du 70. artiluluak:

  1. Orokorrean, Nafarroak komunitate autonomoekin hitzarmenak egin ditzake, beren eskumen osoko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko. Aipatu hitzarmenek Gorte Nagusiei jakinarazi eta hogeita hamar egunen buruan hartuko dute indarra, non eta haiek epe horretan ez duten erabakitzen hitzarmenak, bere edukia dela eta, lankidetza-akordioetarako aurreikusitako izapideari jarraitu behar diola (70.1 art.). Gauza bera, Gorte Nagusien aldez aurreko baimenaz, Lankidetza Akordioak egiteko (70.3 art.).
  2. Bereziki, Nafarroak Euskal Autonomia Elkartearekin eta gainerako komunitate autonomo mugakideekin izan daitekeen kooperazioa arautzen da, kudeaketa-hitzarmenen bidez bere eskumeneko gaiei dagozkien zerbitzu berekiak kudeatu eta eskaintzeko; hitzarmen horiek Gorte nagusiei jakinarazi eta hogei egunen buruan hartuko dute indarra.
  3. Lankidetza Hitzarmenak, Euskal Autonomia Elkartearekin eta bestelako komunitate autonomoekin, Gorte Nagusien aldez aurreko baimenez egin ahal izango dira (70.3 art.).

Foru Erregimenaren izaera juridikoa hitzarmenezkoa dela 71. artikuluak aipatu eta islatzen du: Lege Organiko honek aipatzen duen Hobetzea aldaezina da alde bakarrak erabakita. Hori bera baieztatzen du hura Foru Diputazioaren edo Naziko Gobernuaren ekimenez erreformatzeko aurreikusi den prozedurak.

Gobernu batek zein besteak ekimena abiarazita, horretarako legitimazioa horiek bakarrik baitute, bien artean negoziazioak hasiko dira eta, bien adostasunez, legea erreformatzeko proposamena egingo dute. Hura Foru Parlamentura eta Gorte Nagusietara eramanen da onets dezaten, NFEBHLOa onesterakoan erabili den bide berari jarraikiz, hau da, irakurtze bakarraren bidez. Berrikuntzaren proposamena atzera botatzen bada, hura aurkeztu aitzin indarra zuzen eraentza juridikoak segituko du indarrean. Azpimarratzeko zerbait da Nafarroako Parlamentuak ez duela erreforma abiarazteko legitimaziorik; hark, osotasunean eztabaidatu ostean, onartu dezake edo ez, bere Erregelamenduaren araberako bozketa bakarra eginez.

Legeko xedapenetatik, xedapen gehigarriak daude indarrean. Lehenbizikoak, aitzin aipatu denez, eskubideen erreserba egiten du. Hain zuzen ere, Hobekuntzan ezarritako erregimena onartzeak ez dakar Nafarroari dagozkiokeen beste eskubide jatorrizko eta historikoei uko egiterik. Horiek ordenamendu juridikoan sartu nahi izanez gero, 71. artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio, hitzarmen bidez Legea erreformatu ostean. Alegia, Konstituzioaren eredua onartzen da, baina Nafarroari dagozkiokeen jatorrizko eskubide historikoak gordez eta horiei uko egin gabe, horien arabera erakundetze-prozesua garatzeko eta autogobernua zabaltzeko aukerak zabalik utziz.

Legeko 2. XGaren arabera, Parlamentua foru-organo eskuduna izanen da EKko 4. XIak aipatzen duen ekimena erabiltzeko, arau hori indarrean baitago eta Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegora gehitu baitaiteke edo ostean banandu baitaiteke ere. Bi xedapen horiek indarrean dira eta, EKko 143. artikuluari egindako igorpenaren arabera aurreikusitako bost urteko epearen baldintza betez, bat osatzeko prozedura abiarazteko aukera bizirik da.

Azken Xedapeneko lehen lerroaldeak adierazten duenez, 1839ko urriaren 25eko Legeak, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduak eta xedapen osagarriek indarrean iraunen dute, Hobekuntzan ezarritakoari aurka egiten ez dioten orotan. Arau horrek, Konstituzioko Xedapen Derogatzaileko bigarren lerroaldeko araua dakar gogora, xedapen horrek lehen lege hura derogatzen baitu Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei eragin liezaiekeen guztian, Nafarroako foru-lurraldea aipatu gabe. Aitzitik, Foru Erregimen liberalaren abiapuntu gisa jartzen da lege hura NFEBHLOko sarreran eta 2.1 artikuluan.