Udalak

Munárriz

Elizaren ondoan oinplano lauangeluarra eta bi solairu dituen etxetzar bat dago, lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak, luzitu gabe, harlankaitza txikiaz egina daude, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan. Atea erdi puntukoa da, leihoak zuzenak eta harrizko karel molduratuekin doazen bitartean, eta aurrealdean armarri errokoko bat dago, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa, honako inskripzio honekin: SOI DEL LUGAR/ DE MUNARRIZ/ SUS VECINOS/ I MORADORES. Herriaren muturrean etxetzar sendo bat ikus daiteke, garapen handiko oinplanoarekin eta hiru solairuekin, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak luzituak doaz, izkinetan eta baoen inguruan harlanduz eginiko hormatal zabalak ere dituen arren. Beheko solairuan erdi puntuko atea dago, gehi lau leiho. Lehenengo eta bigarren solairuetan bost leiho daude, eta aurrealdearen erdian armarri errokoko bat ikus daiteke, inskripzio honekin: DE AMBROSIO MAR/ TINEZ DE LIZARRONDO/ AÑO/ DE 1790.

Kale estu batetan ongi eskuairatutako harlanduez eginiko etxea dago. Solairuak inpostekin bereizita doaz, eta bao guztiak zuzenak dira, atea barne, leihoak burdin sareak dituztelarik. Armarri errokoko bat du, kartela batekin, non honako inskripzioa irakur daitekeen: SOI DE JUAN/ FERMIN DE AZ/ CARATE I DESCEN/ DIEN./ AÑO 1755. Beste etxe dotore batek, gaur egun nahiko hondatua, harlandu onez eginiko aurrealdea du, erdi puntuko sarrerarekin, leiho zuzenak eta armarri errokoko batekin, non irakur daitekeen: SOI DE JUAN/ JOSEF ASCAR/ ATE Y SUS EREDEROS. Beste etxe batzuek aipatutako ezaugarriak errepikatzen dituzte. Haien artean, hala ere, nabarmendu dezakegu oinplano karratuko etxetzar bat, hiru solairuekin eta ganbararekin. Aurrealdea luzitua doa, baoen inguruan estereotomia oneko hormatalak dauden arren. Atea erdi puntukoa da, leihoak zuzenak, eta badu armarri errokoko bat.

Elizaren ondoan oinplano lauangeluarra eta bi solairu dituen etxetzar bat dago, lau isurialdeko teilatuarekin. Murruak, luzitu gabe, harlankaitza txikiaz egina daude, harlanduzko kateekin izkinetan eta baoen markoetan. Atea erdi puntukoa da, leihoak zuzenak eta harrizko karel molduratuekin doazen bitartean, eta aurrealdean armarri errokoko bat dago, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa, honako inskripzio honekin: SOI DEL LUGAR/ DE MUNARRIZ/ SUS VECINOS/ I MORADORES. Herriaren muturrean etxetzar sendo bat ikus daiteke, garapen handiko oinplanoarekin eta hiru solairuekin, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Murruak luzituak doaz, izkinetan eta baoen inguruan harlanduz eginiko hormatal zabalak ere dituen arren. Beheko solairuan erdi puntuko atea dago, gehi lau leiho. Lehenengo eta bigarren solairuetan bost leiho daude, eta aurrealdearen erdian armarri errokoko bat ikus daiteke, inskripzio honekin: DE AMBROSIO MAR/ TINEZ DE LIZARRONDO/ AÑO/ DE 1790.

Kale estu batetan ongi eskuairatutako harlanduez eginiko etxea dago. Solairuak inpostekin bereizita doaz, eta bao guztiak zuzenak dira, atea barne, leihoak burdin sareak dituztelarik. Armarri errokoko bat du, kartela batekin, non honako inskripzioa irakur daitekeen: SOI DE JUAN/ FERMIN DE AZ/ CARATE I DESCEN/ DIEN./ AÑO 1755. Beste etxe dotore batek, gaur egun nahiko hondatua, harlandu onez eginiko aurrealdea du, erdi puntuko sarrerarekin, leiho zuzenak eta armarri errokoko batekin, non irakur daitekeen: SOI DE JUAN/ JOSEF ASCAR/ ATE Y SUS EREDEROS. Beste etxe batzuek aipatutako ezaugarriak errepikatzen dituzte. Haien artean, hala ere, nabarmendu dezakegu oinplano karratuko etxetzar bat, hiru solairuekin eta ganbararekin. Aurrealdea luzitua doa, baoen inguruan estereotomia oneko hormatalak dauden arren. Atea erdi puntukoa da, leihoak zuzenak, eta badu armarri errokoko bat.

Herriaren zonalde garaian Munarritzeko eraikin zibil garrantzitsuena eta ederrena ikus daiteke. Oinplano errektangeluarra duen erdi-aroko Munarritzeko dorre sendoa da, hiru solairuekin eta 14 metrotako altuerarekin, gutxi gorabehera. Dorretzar honek jarraitzen du Nafarroako mendebaldean oso ugaria den tipologia bat, Etxauri, Elio, Otazu, Arteta, Ibero, Artazkotz, Izu o edota Aizpungo dorreekin batera. Bere kontserbazio-maila oso ona da, 1990 eta 1995. urteen artean garai hartako bere jabeek, Joaquín Otazuk, Javier Lekunberrik eta Jose Antonio Ilarregik burutu zuten errestaurazioari esker.

Dorrea, jatorriz, eraikina inguratzen zuen harresi baten erdian zegoen. Gaur egun hesi hau nahiko gaizki kontserbatu den arren, altu xamarra izan zela sumatu daiteke, eta barnealderantz barla ia erabat bete egingo zuten bigarren mailako beste eraikin batzuk izango zituen atxikiak, harriz edota zurez egina. Dorre mota honen ezaugarririk nabarmenena oinplano errektangeluar luzea da, eta honek barne distribuzioa eta eguneroko bizigarritasuna erraztuko zuen, ardatz konpositiboen sorrera ahalbidetzen zuelako, oinplanoaren zabalera handitu gabe. Munarritzeko kasu honetan, 11'30 x 6'08 metroko neurriak ditu, murruek 70 zentimetroko lodiera dutelarik, eta honek 44 metro karratuko barne-azalera sortzen du, barruko dimentsioak 9'85 x 4'48 metrokoak izanik. Azalera hau, bestalde, berdin mantentzen da goiko solairuetan, murrua ez delako mehetzen goian, eta solairuen habeak perimetro-hormetan eginiko metxinalak dituztelako euskarri, horma-mailarik erabili gabe. Solairuen zurezko egitura orijinala da, haritzezko habe eta oholekin, garai bateko barruko hormak edota trenkadak erabat galdu diren bitartean. Errestaurazioan ezarritako zurezko eskailera, eraikinaren iparraldeko murruari itsatsita, solairuak komunikatzeko bidea da.

Murruak Munarritzeko bertako harri motaren haustura naturala ongi aprobetxatzen duen lauza lau eta luzeetako harlankaitzaz egina daude, dorrea bera lurrean azaleratzen den arrokaren gainean eraiki zen bitartean. Hormataletako angeluetan, berriz, ongi eskuairatutako tamaina handiko harlanduak daude, murruen ahulezia hori orekatzeko.

Beheko solairuan ate bat besterik ez zegoen, eta leihoak, argizuloak edota gezi-leihoak falta ziren. Sarrera ekialdeko murruan zegoen, eta azken urteetan atezangoak besterik ez zeuden, errestaurazioan dobelak berreskuratu diren bitartean, utzitako hutsuneen froma eta neurriak jarraituz. Argazki zaharretan hegoaldeko aldean irekitako ate moderno bat ikus daiteke, baina azken eraldaketan ate hau eraikinaren gainerako gezi-leihoen tipologia imitatzen duen beste gezi-leiho berri batekin ordeztu dute. Lehen solairu trinko eta itxi hau, jatorriz, tresnerien eta janarien biltegi bezala erabiliko zen, antzeko eraikinetan gertatzen zen bezala, eta ukuiluak eta zalditegiak dorretik kanpo egongo ziren, barlan zeuden bigarren mailako eraikinetan ziur aski.

Lehen solairuan dorrearen egoitza-funtzioak bilduko ziren. Hegoaldeko murruan jatorrizko ate bat dago. Caro Barojak argitaratutako argazkietan ate hau XX. mendean zehar itxita egon zela ikus daiteke, leiho errektangeluar txiki bat solik utziz. Ate honen markoetako harriak azpian zegoen ate modernorako berrerabili zituzten, eta dobelak galdu ziren arren, argazkietan nabaritzen da oso ongi arku zaharraren traza. Ez dugu aurkitu, hala ere, ate jaso honetara igotzeko beharrezkoa zen zurezko patinaren arrastorik.

Ekialdeko murruan lehenengo solairu hau leiho gotiko eder eta dotore batekin irekia doa. Barnealderantz, horma-barruko eserlekuak edo "jarralkiak" ditu. Leihoa bikoitza da, bi arkutxo zorrotzekin eta trazeria hiru gingildunekin. Haria oso molduratua dago, eta arkuarteak moldura triangeluarrak dituzte, azaletik zizelkatuak. Gaur egun ikus daitekeen leihoburua azken errestaurazioan jarri bazuten ere, dorrean bertan dagoen jatorrizkoaren diseinua jarraitu zuten, orijinala erretiratu zuten bitartean, oso hondatua zegoelako. Lanaren fineziak zonalde honetan aritu zen tailer trebe baten jarduera iragartzen du, arkuen kanon luzeak XV. mendeko data emateko eramaten gaituen bitartean, lehen erdialdean ziur aski. Murru honen ipar-ekialdeko angeluan argizulo bat dago, sabaitik gertu eta beranduago irekita edo handitua. Bi zulo karratuak ere ikus daitezke, errestaurazioan beste bi kendu zituzten arren. Bere funtzioa ez dago garbi, eta argizuloak bezala egin ahal bazituzten ere, kea ateratzeko sistema lakar batekin ere erlazionatuta egon zitezkeen. Azken finean, ez dugu tximiniaren arrastorik aurkitu, eta ezin dugu ahaztu jatorrizko egoitza-zonaldean gaudela. Errestaurazioan, zulo hauen gainean dauden habeek kedar-geruza sendoa zutela sumatu zuten, baina suteen arrastorik ez zegoen, gela honetan sutondoa zegoela ondorioztatu dezakegularik.

Bigarren solairua dorrearen azkenekoa da, eta hegoaldeko murruan gezi-leiho bat du, gehi beste hiru ekialdekoan, distantzia erregularretan irekita. Gezi-leiho hauek, gainera, eredu koherente bat mantentzen dute eraikin osoan. Tiro egiteko zirrikitua motza eta nahiko zabala da, eta barneko laprandura estuegia da, poliorzetikaren ikuspuntutik oso praktikoak ez zirela esan dezakegularik. Solairu honetako hormetan, gainera, zulo karratu anitz daude, bertan egon zen usategiaren zerbitzurako. Bere kokapena kaotiko xamarra bada ere, lerrokatze batzuk ere sumatzen dira, kanpoan dauden erlaitzekin bat etorriz, azken hauek ere usategiarekin erlazionatuta egongo zirelarik. Ezin dugu jakin, berriz, erdi-aroan erlaitza eta zulo hauek zurezko kadalso edota antzeko beste egitura defentsibo batekin lotuta egon ziren ala ez. Edozein kasutan ere, defentsarako egitura hauek usategiekin erabat bateragarriak ziren, eta azken hauek, gainera, proteinak lortzeko bide oso ona ziren.

Bigarren solairuaren gainean bi isurialdeko teilatua dago, sei astoekin. Astazaldiek nahiko angelu itxia markatzen dute, zuzena baino zertxobait irekiagoa, 100º ingurukoa. Bultzadak perimetro-hormetara doaz zuzenean, gaur egun ikus daitezkeen mentsulak errestaurazioan ezarri zituztelarik. Egitura mota hau eredu erromatarretan zuzenean inspiratua dago, eta zurruntasuna eta egonkortasuna bermatzeko asto bakoitzak azpiko tirantea du, gehi pendoloi bertikal bat, lau jabaloiekin indartua, alde bakoitzean bat, hain zuzen ere. Egitura dotore eta erakargarria da, gelari tankera ederra eta ikusgarria ematen diona. Estalki honen kanpoko itxidura harlauzekin egina doa, Nafarroan erdi-arotik oso ongi dokumentatuta dagoen sistema tradizionala. Lortzeko erraza da, oso gogorra, iraunkorra eta iragazgaitza, bere akats bakarra pisu handia delarik, azpian oso egitura gogorrak jartzera behartzen duelako. Teilatuaren gailurrean, isurialde bat bestearen gainean gainjarrita dago, gainean haize nagusiari begira dagoena utziz.

  • Baselizak

Pérez Ollo jaunak San Migel, Santa Barbara, Santa Cruz eta San Joan Bataiatzailearen baselizak aipatu zituen, lehenengo hiruak hondatuak eta erabat galduak egongo zirelarik. San Joanena, berriz, hirigunearen barruan dago, eta 1797. urtean Igual de Soria gotzain ikuskariak bisitatu zuen, teilatua konpontzeko aginduz. Gaur egun eraikin hau ere hondatua dago, eta erdi-aroko fabrika gotikoa da, XIII. mende hasieran egina. Murruak harlanduxkaz egina doaz, eta hiru arku fajoien abiaburuak ikus daitezke, lau tarteuneetan banatua egongo zen gangari eusteko, kanoi-ganga zorrotzarekin ziur aski. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta deskarga-arku beheratu batekin babestua doa. Atea arku zorrotz abozinatua da, profil bereko arkibolta bakar batekin, eta molduratutako hariarekin.

  • San Martinen Parrokia

XIV. mendeko tenplu gotikoa da, aurreko beste fabrika erromaniko baten aztarnak gelditu diren arren. Oinplanoa hiru tarteune berdinetan banatutako habearte bakarrekoa da, burualdeak bost hormataleko disposizio poligonala duelarik. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago, bigarren tarteunean, eta aterpe batekin babestua doa. Pareko horman koru jasora eta dorrera igotzeko horma-barneko eskaileren bolumena ikus daiteke. Hirugarren tarteuneari bi kapera atxiki zitzaizkion, simetrikoki kokatuta, transeptu motz baten modura, eta sakristia burualdearen hegoaldean itsatsitako oinplano irregularreko gela da.

Murruak estereotomia oneko harlanduez egina daude, eta goialdean helburu defentsiboekin eginiko handitze bat sumatzen da. Barneko argitzapena bermatzeko leiho bat ireki zuten burualdearen ardatzean, gaur egun itxita, baita beste bi leiho gehiago ere, burualdearen hegoaldeko murruan. Aipatutako bi leihoetako bat erdi puntukoa eta erromanikoa da, eta bestea XV. mendekoa eta gotikoa, bikoitza, arku hiru gingildunekin eta erdiko mainelarekin. Habeartearen oinetan oso eraldatua dagoen koru jasoa dago, arku beheratu baten gainean. Ebanjelioaren aldeko kaperan, bestalde, tribuna gotiko bat eraiki zuten XV. mendean, arku beheratu eta molduratu baten gainean. Harrizko balaustrada ederra du, zuzena eta lau koadroetan banatuta, garaiko motibo geometrikoekin kalatuak. Balaustrada honen azpian hormoin bat ikus daiteke, oso molduratua ere, eta honako inskripzioa: ESTA OBRA FUE ACABADA EN EL MES DE MARÇO DEL AÑO DE LA INCARNACION DE JESUCRISTO. MIL CCCC IXXXI.

Habeartea gurutze-gangako lau tarteuneekin estalita doa, eta burualdeak bost hormataletako ganga jaso zuen. Giltzarrian dekorazio figuratiboa ikus daiteke, hala nola Santa Katalinaren Epaiketa, Jasokundea, Agnus Dei bat edota Ama Birjinaren Koroatzea. Nerbioak mentsulatan eta kapiteletan amaitzen dira, azken hauek tamaina handiko filakteriak daramatzaten aingeruekin apainduak. Transeptuko kaperek ere gurutze-ganga sinplea dute, korupeak trazeria mistilineoak dituen ganga nerbioduna jaso zuelarik. Lehen aipatu bezala, habeartearen gangaren gainean espazio iragangarri bat kokatu zuten, funtzio defentsiboetarako.

Dorrea jatorrizko tenpluarekin batera eraiki zuten, eta adarbearen mailaren gainetik gutxi ateratzen bada ere, atal sendoa da, trinkoa eta itxia, goialdean kanpaiak kokatzeko baoak dituen arren, lau isurialdeko teilatuaren azpian. Elizaren hegoaldeko murruari atxikia harrizko aterpe bat dago, horma-bularren gaineko erdi puntuko bi arkuekin. Sarrera bi kontrahormen artean doan arku beheratu batean irekia dago. Arku zorrotz abozinatua du, tenpluaren lehen garaian egina, profil bereko dekoraziorik gabeko zortzi arkiboltekin, giltzarri batetan krismoi hirukoiztarra ikus daitekeelarik. Arkiboltak zutabetxoen gainean doaz, harroin eta kapitel jarraituekin. Azken hauetan, gainera, gai figuratiboak bereiz daitezke, hala nola Deikundea, Ama Birjinaren Ikustaldia, Jaiotza, Magoen Gurtza, Errugabeen Heriotza eta Egiptorako Ihesaldia. Portadaren gainean beste erliebe bat dago, Kalbarioa irudikatuz. Estiloa infantila suertatzen den arren, ikonografikoki koherentzia handiko portada da, eta penagarria da benetan bere kontserbazio-maila txarra.

Presbiterioan erretaula nagusi neoklasikoa dago, Ama Birjinaren Itxaropenari dedikatua, Juan José Vélaz eta Francisco Sabando artistek XIX. mende hasieran egina. Irudigintza garai berekoa da, XVI. mendeko Kalbarioa eta Aita Betikoaren irudi errenazentistak izan ezik.

Ebanjelioaren aldeko murruan San Antonioren erretaula dago, XIX. mendekoa, XV. mendeko San Antonioren irudi titularra gotikoa den arren. Gertu, XVI. mendeko San Sebastian bat ikus daiteke, baita erdi-aroko bataio-ponte erromaniko bat ere, XIV. mendean eraldatua, arkuteria batekin apaindu zuten eta.

Epistolaren aldeko murruan Salbatzailearen erretaula dago, Pedro de Gabiriak estilo platereskoan egina, 1570. urte inguruan. Bankua du, hiru kaleko bi atal, eta frontoi triangeluarra duen atikoa. Orden konposatuko eta joniarreko zutabeekin antolatua dago. Ikonografiari dagokionez, bankuan Apostoluak daude, erdi puntuko arkuteria batetan, eta lehen atalean San Matias, San Pedro eta San Bartolome. Bigarren atalean Salbatzaile titularraren eta Santiagoren irudiak daude, eta goialdean Kalbarioa, gotzain baten eta San Antonio Abadearen bi eskulturekin. Gertu, ur bedeinkatuko pontea dago, molduratua eta XVII. mendekoa.

Koruan XVI. mendeko aulkiteria errenazentista bat aurki daiteke, lehoien buruekin eta kiribildu naturalistekin apaindua. Sakristian, azkenik, zilargintza-lan batzuk daude.

  • ASIRON, J.: El palacio señorial gótico en la Navarra rural. Palacios de cabo de armería, torres de linaje, casas fuertes. Argitaratu gabeko dorktoretza-tesia
  • CARO BAROJA, J.:La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 382 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 50, 226 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, II** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1983, 36-44 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 168 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 121 orr.

JAS 2009