Literatoak

Mendiguren Elizegi, Xabier

Xabier Mendiguren Elizegi 90eko hamarkadan hasi zen eleberriak idazten. Hain zuzen ere, 1994an Txomin Agirre nobela saria irabazi zuen Bekatuaren itzala lanarekin. Protagonista herri txiki bateko abade izendatu berria da, eta serorak nahiz bere alabak sortzen dioten erakarpen sexualari egin behar die aurre, haragizko bekatuaren aurkako borroka etengabea burutuz.

Berriro igo nauzu nobela 1997an argitaratu zuen beasaindarrak, eta bere eleberrigintzako mugarrietako bat da. Izenburua Lizardiren poema batetik dago harturik, eta nobelak kartzelan hamazortzi urte igaro ondoren Joxe Garmendia "Marmitte" etakidea etxera itzuli osteko lehenengo egunen berri ematen du. Literatur kritikariek Mendigurenek narrazioan bigarren pertsona erabili izana nabarmendu zuten testuaren alde. Ziurrenik Berriro igo nauzu da Mendiguren Elizegiren eleberri anbiziotsuena, eta kritikak nahiz irakurleek harrera ona egin zioten, oro har.

Berriro igo nauzu argitaratu eta urtebetera Gure barrioa 1975 (1978) kaleratu zuen beasaindarrak. Laburra izanagatik, aipatu beharreko lana da; izan ere, gerora sarri landu izan duen bide berria zabaldu zuen: oinarri gisa gazte-denborako oroitzapenak eta, zenbaitetan, autobiografia duten lanen bidea. 1975ean giro kaletarrean (barrioan) bizi den hamaika urteko gaztearen ibilerak kontatzen ditu eleberriak: neska-mutikoen arteko harremanak, sasoiko egoera politikoa, etab. ageri dira, eta protagonisten eta egilearen arteko bat etortzeak begi-bistakoak dira.

1999an Nerabearen biluzia eleberriak ikusi zuen argia. Lan horretan, egileak nabarmen indartu zuen eduki autobiografikoa, eta aurreko lanetan fikzioak zuen edo izan zezakeen pisua arinduta, Mendiguren Elizegi 14-18 urte zituen garaira itzuli zen. Garai hartan egileak eta bere ingurukoek izan zitzaketen kezkek (maitasuna, erlijioa, literatura, etab.), orduko mundu-ikuskerak eta apurka-apurka azaleratzen diren gai berriek osatzen dute eleberria.

XXI. mendearekin batera, Errekarteko koadernoa (2001) kaleratu zuen Mendiguren Elizegik. Lana definitzea gaitza da; izan ere, autobiografiaren, saiakeraren eta eleberriaren arteko mugak lausotzen dituen obra da. Errekarteko koadernoan haurtzarora jo zuen egileak, baina aurretik egindakoa berregiteko baino, bere aitona eta haren bizileku "Errekarte Haundia" baserria gogoratzeko. Oroitzapenak, gogoetak eta beste egile batzuen testuak baliatu zituen beasaindarrak lan honen garapenean, eta aitona ia ezezaguna aitzakia besterik ez da, egileari aitonak ezagututako munduari eta nortasunari buruzko hausnarketa egitea ahalbidetzen diona. Halaber, liburuaren beraren idazketa-prozesuaren gorabeherak eta argi-ilunak azaltzen ditu egileak lanean bertan.

Hurrengo eleberrian gazte-sasoiko oroitzapenak berreskuratu zituen beasaindarrak, eta Uda betiko balitz (2003) kaleratu zuen. Eleberrian apurka-apurka nagusi egiten ari den ume protagonistak udalekuetan igarotzen dituen hiru uda (1976koa, 1978koa eta 1980koa) kontatzen dira. Bada, udak igaro ahala, protagonistaren garapena erakusten du idazleak: 1976an bihurrikeriatan zebiltzan umeak begirale dira 1980an, eta bihurrikeriatan dabiltzan umeen atzetik ibiltzen dira.

Arbelaren gainean 2004an argitaratu zen, eta, nolabait esatearren, Errekarteko koadernoa obraren osagarri da. Gaitza da 2004ko laneko gai nagusia zein den zehaztea; izan ere, egileak etengabe harilkatzen ditu hainbat gai, istorio, hausnarketa, iruzkin eta testu. Itsasondokoa zen beasaindarraren ama, eta Itsasondo da liburuan ageri diren pertsonaia garrantzitsuenak lotzen dituen lekua. Eleberriaren izenburua ere Gipuzkoako herri horri dago loturik; izan ere, arbel-harrobiak zeuden bertan. Errekarteko koadernoa-rekin bezalaxe, oso zaila da Arbelaren gainean lana literatur genero bakar baten mugetan sartzea, eta horrek aski interesgarri bihurtzen du, genero-hibridazioak ematen dituen aukerak aztertze eta garatze aldera.

Arbelaren gainean argitaratu ondoren, hiru urte igaro ziren Xabier Mendiguren Elizegik hurrengo eleberria argitaratu zuenera arte. Elvis hil zen urtean (2007) dauka izenburua, eta gazte-denborako oroitzapenak baliatu zituen Jose Inazio Etxezarreta protagonista duen adiskidetasunari buruzko eleberria idazteko.

Beste hiru urte igarota, oroitzapenak eta aurreko nobeletan erabilitako gaiak bazterturik, 1.002. gaua kaleratu zuen beasaindarrak 2010ean. Lana XVI. mendean dago kokaturik, eta Chiara Veneziako dogoaren alabaren ibilerak kontatzen ditu; izan ere, ezer izatekotan, honakoa abenturazko nobela da. Gurasoek antolatutako ezkontzako ezkongaiak dira Chiara bera eta Dalmaziako printzearen seme Simeon. Bada, ezkondu ostean Chiarak senarra uste ez bezalakoa dela ikusten hasten da, eta ihes egiten du. Alabaina, piratek bahitu egiten dute eta Afrika aldera daramate.

2011n, beste alde batetik, Sakoneta eleberri laburra kaleratu zuen beasaindarrak. Argitalpen-prozesua ez zen ohikoa izan, lehenbizi interneten kaleratu baitzen, Sustatu gunean. Argitalpena egunez egun egin zen, eta argitalpen-mota horrek irakurleen eta egilearen arteko hartu-emana ahalbidetu zuen. Joko gisa edo, Berriro igo nauzu eleberriko protagonista berreskuratu zuen egileak lan honetarako.