Kontzeptua

Meatzaritza. Igeltsuginak

Maximo Baroja Perez de Montoyaren arabera (Paul-Pobes 1930), "Igeltsugintza nekazaritza lanen osagarria izan da betidanik herrian. Ereintza bukatu ondoren, urtarrilean edo otsailean, ekiten genion igeltsugintzari, eta gehienetan landutakoa salmentarako izaten zen".

Maximok ere oroitzen du, lan horretan aritzen zen bakoitzak gutxienez harrobi bat ustiatzen zuela, eta bertatik ateratzen zuela materiala. Horretarako laztabina mazo batekin kolpatuta, zulo bat egiten zuten (laztabin-zuloa). Zulo horretan bolbora sartzen zuten, eta zuloa leherraraztean, igeltsu puskak askatzen ziren, askotan beste materialekin nahastuta.

Igeltsua borra batekin bereizi eta gero (edo puska handiak baziren, berriz ere laztabina erabiltzen zen), puskak txikitu egiten ziren, kiskalketa-labeetan sartzeko moduko tamainakoak ziren arte. Gero, idiek bultzatutako gurdietan eramaten zen igeltsua aipatutako labeetara.

Igeltsua kiskaltzeko erabiltzen ziren labeak kareharritik kare bizia lortzeko erabiltzen ziren galtzina-labe, karobi, karabi edo kisu labeen oso antzekoak ziren. Paulen, tamaina askotako labe borobilak eraikitzen ziren, toba harriarekin eta harearriarekin. Gero harrizko paretak buztinez luzitzen ziren, goiko aldea edo tapa ezik (labea zamatu eta gero jartzen zena), keak ateratzen uzteko. Zulo hori hegal bakarreko teilape batekin estaltzen zen, labea euri zaparradetatik babesteko.

Besteak beste Jose Ortiz de Urtaran Diazek (Paul-Pobes 1921) emandako informazioaren arabera, karobien kasuan bezalaxe, atzealdean eusten zen ganga edo bobeda bat eraikitzen zuten labearen oinarrian, horrela labean sartzen zen igeltsuari eusteko. Frogatu ezin izan dugun arren, segur aski tximiniaren tiroa errazteko irekiduraren bat ere egiten zen.

Labea eskuz eta goiko aldetik betetzen zen gehienetan. Gero, sua pizten zen pinu egurra, sastrakak eta inastrak erabiliz. Su hori hiru egunetan mantendu behar zen, eta horretarako gau eta egun zaindu behar zen. Hasieran kea iluna izaten zen eta "txuria irteten zenean, igeltsua prest zegoen seinalea zen. Hori gero igeltsu puska bat eskuz zatitzean egiaztatzen zen".

Hurrengo prozedura mazoak erabiliz igeltsua txikitzea zen, eta ondoren bahetu egiten zen.

Urte luzetan, Paulgo artisauak, igeltsua idi pareak tiratutako gurdietan hartu eta Gasteizera joaten ziren, herritik 24,5 km, han igeltsua saltzeko.