Kontzeptua

Meatzaritza. Harginak

Eraikuntzarako harriak lortu eta lantzearekin loturiko iraganeko hargintzaren jarduera ezberdinen betebehar zehatzak zehaztea ez da batere erraza, bere izaera ibiltaria dela medio eta, antzeko jarduera ezberdinetan ez bezala, gremioa osatu ez zutelako.

Honakoak ziren oinarrizko lanbideak: "ateratzaile", "arbastari", "hargin-laborari" eta "errasketari", bakoitzak bere ezaugarriekin. "Hozkalariak", ordea, gau sektore ezberdinetan sartuko genituzkeen lanak egiten zituen. Kategoria ezberdinak lortzeko froga batez ere praktikoak gainditu beharra zegoen maisu aztertzaileen aurrean.

"Ateratzailearen" lana ezagutza gutxien eskatzen zuena zen harkaitzak haga, laztabin, falka, mailu eta pikatxoien laguntzarekin ateratzen baitziren. Bolbora bidezko leherketek eragozpen nabariak zituzten, hau da, beharginen arriskua, material erabilgarriaren errendimendu eskasa eta forma ezberdinetan ateratako harkaitzak berdintzeak zekarren koste handia.

"Arbastariaren" lanak gaitasun handiagoak eskatzen zituen: eskuzko erreminta gutxiren laguntzarekin (zizel, hargin-mailu, punta-zizel, etab.) behin betiko forma eman behar zien harkaitzei, lanetara bidali baino lehen. Zenbaitetan pertsona berak bi jarduerak betetzen zituen.

Harginak harria landu behar zuen, "laborari" ere deitzen zitzaion eta gure "arguiña" hitzaren baliokidea da. Eraikuntzan betetzen zuen funtsezko jarduera lanean bertan egiten zen eta zizel, eskuadra, erregela, trintxete eta eskota erabiltzen zituen. 1905. urtean Hargin (Laborari) Beharginen Elkarte Profesionala sortu zen Bilbon eta 52. artikuluak honela zioen:

"Hautagaiek honako baldintzak beteko dituzte: katoliko, apostoliko eta erromatarra izatea nabarmenki eta ohitura txukunak mantentzea; hargin (laborari) gisa bi urtez lan egin izana eta distrituan sei hilabetez bizi izana, 45 urtetik beherakoa izatea. Behargin abilak izango dira (Zuzendaritza Batzordearen aburuz) eta gaitasun-ziurtagiria eskatuko da beharrezkotzat jotzen den guztietan".

"Erasketariak" materialak kokatzeaz arduratzen ziren eta ahuntz-hanka ezinbestekoa zen horretarako. Jarduera garrantzi handikoa zen, harria puskatzeak (bere akatsaren ondorioz) ekonomia-eragozpen handiak bai zekartzan.

Harri-blokeak ateratzea jarduera garrantzitsua izan da, mendetan zehar, Izarraizko mendigunean. Harrobi asko zeuden bertan, normalean irisgarritasun gutxiko lekuetan, eta ospetsuak ziren inguruko eraikin asko egiteko, Loiolako Santutegia barne, erabiliak izan diren beren marmol eta jaspeen kalitateagatik.

Eskuzko metodoak erabili dira harriak ateratzeko, laztabin, falka, borra eta palanken laguntzarekin, eta harriak berdintzeko punta-zizela eta hargin-mailuak erabiltzen ziren soilik.

Gaztetatik hargin izan den Lasturreko Soarte baserriko Patxi Albizuren informazioari esker mende honen hasieran erabilitako ateratze-sistemak ezagutu ditugu.

Ateratze-jarduera garrantzitsua garatu da, hamarkadetan zehar, Debako Goltzibar baserriaren ondoan dagoen harrobi izenkidean, Azpeitiko mugatik gertu.

Lan-eremu berrian lanean hasteko sasi eta belarrak kentzen ziren, lurrarekin batera, harkaitza erabat garbi eta ikusgarri izan arte. Geroago lehenengo frontea irekitzen zen eta horretarako 40 mm-ko diametroa eta 2 cm-ko sakonera zuen zuloa (laztabin-zuloa) egiten zen harkaitzean laztabin, punta zorrotzeko haga zilindriko edo hexagonalaren laguntzarekin. Lorturiko zuloan bolbora sartu eta lurrarekin ixten zuten.

Leherketa lortzeko harginek eginiko metxa erabiltzen zuten; horretarako metro erdiko lahar-adarra moztu, alanbre baten laguntzaz muina, oso biguna, ateratzen zioten luzera guztian eta honela bolboraz bete eta su emango zioten hodi antzeko bat lortzen zuten.

Leherketak harkaitza puskatzen zuen eta berau kendu eta gero blokeak ateratzeko erabiliko zen lan-frontea irekita uzten zuen. Horretarako aurrekoaren berdina zen beste zulo bat egin, bolboraz bete eta modu berdinean lehertu egiten zuten, honela harkaitza behealdean puskatu eta zertxobait igotzen baitzen. Blokeak behin betirako bereizteko 2 cm-ko diametroko zulo bertikal ezberdinak egiten zituzten, laztabinen laguntzaz, 20 cm-ko distantziarekin bata eta bestearen artean.

Zulo-ilara guztia egin ondoren zuloak kare biziarekin bete, ura gehitu eta lurrarekin ixten zituzten. Karea eta uraren arteko erreakzioaren ondorioz presioa asko emendatzen zen eta 24 ordu igaro eta gero harkaitza zatitu eta banatzen zen. Halaber, zuloaren tamaina eta forma berbereko pago-zurezko makila luzeak erabiltzen zituzte: presiopean sartzen zituzten, geroago ura bota eta zura puzten zenez presioa gehiegi handitu eta harkaitza apurtzen zuen.

Harginek zurezko gorputza eta palankadun biradera-katuak erabiltzen zituzten blokeak ateratzeko. Kargatzeko tokira iristeko harria iraularazi egiten zen, alde bat katuekin altxatu eta bueltatu eta iraultzen zen, behin eta berriz; batzutan egun osoa ematen zuten lan honetan.

Honela lorturiko harriak ez zeuden erabat berdinduta, hortaz, pikotx, punta-zizel eta mailuarekin landu beharra zegoen.

Behin 4 tona ere pisa zezaketen blokeak bukatuta, idiek bultzatzen zuten lera gainean jarri eta Goltzibarretik Zestoara jaisten ziren edo Zumarragara eramaten zituzten, bertan nahi bezala moztuak izan zintezen.

Malda oso pikotsuak jaisterakoan lera aurrerantz irristatzen zen askotan blokeen pisuaren eraginez, eta idien hankak harrapatzen zituen, askotan idiak zaurituz eta ezdeus bihurtuz.

Halaber, blokeak Goltzibarretik beheko errotara eramaten ziren eta bertan zorua laua zenez metal-orrialdeko zerra mekanikoa zegoen blokeak mozteko. Itsaso-ura eta -hondarra erabiltzen ziren eragiketa errazteko. Aguite errekastoaren urek gurpil hidraulikoa mugitu eta honek metal-orrialdeak mugiarazten zituen. 1,50 m-ko altuerako blokea mozteko astebete behar zen.

Antxon Aguirre Sorondok Narciso Arambarri azkoitiarrak 1893ko apirileko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko eskaera dakar bere Tratado de Molinología lanean. Zestoako udalerrian kokatuta dagoen Aguila-erreka errekastoaren urak, bere kalkuluen arabera 36 litro segundoko ur-emariarekin, desbideratu eta jaspe harria mozteko motor gisa erabili nahi ditu, geroago aipatu urak osotasunean bueltatuko dituelarik errekastora hartune gisa zehaztu den puntua baino 345 metro beherago.

1934. urtea aldera inguruko harrobien ustiaketa eguneratu egin zen altzairuzko hari helikoidala erabiltzen hasi baitziren. Hariak, motor elektriko batek mugituta, behar bezala jarritako poleen bidez pasa eta marruskadurari esker harria mozten du, "in situ", material urragarri eta uraren laguntzarekin. Sistema hau blokeen goi- eta behe-aurpegi horizontalak mozteko erabiltzen zen orain dela gutxi arte.

Urte haietan sartu ziren ere mailu eta zulagailu pneumatikoak, blokeen lau aurpegiak zehazten zuten eta 10-20 cm-ko distantziaz bananduta ziren barrenen ilara zutak egiteko erabiltzen zirenak.

Blokeak harkaitzetik behin betiko banatzeko zilindro-falkak (pintxoteak) erabiltzen ziren, karea eta zuren ordez; falkak zuloetan sartzen ziren bi pieza borobilen laguntzarekin, zuloaren ahoan inbutu antzekoa ezarriz. Honela finkatu eta gero zenbait harginek mailuekin kolpatzen zituzten, honela harkaitza zuloen planotik apurtu eta blokea banatzen zelarik.

Aipatu berrikuntzei esker lanaren gogortasuna murriztuz joan zen, nahiz eta askotan eskuzko barrenatzea mantendu eta blokeak zizel eta pikotxarekin berdintzen jarraitu. Halere, ez zen hobekuntza nabaririk sartu blokeak harrobian mugitzeari zegokionean; halere, lan-eremuaren zorua harkaitz laua zen, hari bidezko mozketaren ondorioz, eta blokeak arrabolen gainean mugi zitzaketen, palankekin, behargin gutxiren artean.

Askotan martxaren zentzua aldatu beharra zegoen, edo blokeari buelta behar eman behar zitzaion garraiorako erabiltzen hasi ziren kamioietan sartu ahal izateko.

Horretarako, blokea zentimetro batzuk igotzen zuten palanka eta katuen bidez eta bere oinarriaren erdian, azpitik, heldulekurik gabeko pikotxa sartzen zuten blokeak euskarri horren gainean kulunkan mantentzeko. Posizio horretan blokea erraz asko bira zezaketen, palanken bidez, esfortzurik gabe. Era berean, kate-dibidieten erabilera berriak garraio-lanak errazten lagundu zuen.

Garai hartako dokumentuan honakoa irakur dezakegu:

"1924ean mekanika-taldeak eskasak eta xumeak dira Gipuzkoan. Iztiñaga harrobiak hari-instalazioa dauka bere marmol-kareharria mozteko, eta aire konprimatuko zulagailuak. San Marcos marmol-harrobiak ere harrobi- eta plaza-haria du eta Añorga, Ancieta, Nueva de Burunza, Miruaitz, Echebeltz igeltsutegia eta beste harrobiren batek mailu pneumatikoak dituzte. Arranomendik hiru eskopreagailu pneumatiko ditu galtzada-harriak berdintzeko".

1970. urtera aldera altzairuzko hortzeko zerra mekanikoa erabiltzen hasten da; zerra hau 3 m sartuko da harkaitzean. Era berean, hari diamantatuak hari helikoidala ordezkatzen du eta garabi eta makina jasotzaileak erabiltzen dira ateratako blokeak atera eta garraiatzeko; aldi berean azken hauen pisu eta tamaina emendatzen da.

Guzti horrekin eskuzko lana eta harria ateratzeko beharrezkoa den esfortzu fisiko handia murrizten dira, hein handian; honela, baleko ekoizpena 3 m3koa bazen 1995. urtean, langile eta hilabeteko, 10 m3koa zen hamabost urte beranduago.

Sutegi eta ingudea zuen errementari batek harrobian bertan egiten zituen laztabin, punta-zizel eta falkak (Bellota altzairua erabiliz) eta, halaber, erremintak zorroztu eta konpontzeaz arduratzen zen. Erremintei sendotasun egokia emateko bere gaitasuna garrantzitsua zen harrobiaren funtzionamendu egokirako.

Lan guztiak aire zabalean egiten ziren eta ez ziren eteten eguraldi txarreko egoeretan, euria zegoenean harginek bularrean larruzko tirekin lotzen zen ardi-larru batekin estaltzen baitzuten bizkarra eta, normalean, larruzko botak ere janzten zituzten (abarkak lehenago). Bazkaria harrobian bertan egiten zuten, eguerdi aldera. Langileren batek bakoitzak etxetik ekarritako eltzekoa (babak, babarrunak, zezina, etab.) suan berotzen zuen.

Hirurogeiko hamarkadara arte harginek inguruko baserrikoak ziren baina, lanaren gogortasunaren eta industriaren lan-eskaintzaren ondorioz, Galiziako beharginak ekartzera behartuta izan ziren; hauek harrobian bertan bizi ziren, barrakoietan.

Berrogeiko hamarkadaren hasieran harginek 900 pezeta irabazten zuten hileko, urtean 2.296 lan-ordu betez; hurrengo hamarkadan 1000/1200 pezeta irabazten zuten, bi kasuetan Gizarte Segurantzan inskribatuta zeudelarik.