Kontzeptua

Meatzaritza. Harginak

Agregakinen harrobi asko egon dira gure herrialdean. Gipuzkoako meategi-eremuaren memoria estatistikoak (1925eko apirila) dio:

"ohiko kalitateko harrien oparotasuna dela-eta, garraioa askotan jarduera baino garestiago denez, harrobiak bere produktuen aplikazio-eremutik gertu eta errepide eta tokiko-bideetatik gertu irekitzen dira askotan. Horren ondorioz, harrobi asko daude, txikiak, aldizka lan egiten dutenak, denek aire zabalean Icharri-aldekoa salbu, eta asko abandonatuta gelditzen dira bere sorreraren zio den lana amaitzen denean".

Porlana eta betoia bezalako materialeen eskaeraren handitze izugarriak, errepidetako zolatzerako aglomeratuarekin batera, harrobi askoren ustiaketa ekarri zuen (Añorga, Zumaia-Zestoa-Itziar ingurua, Mañaria, Lemoa, Olazagutia, Etxegarate, etab.), non aipatuen fabrikaziorako beharrezkoak ziren kareharri-agregakinak ateratzen ziren. Gogoratu beharrik ez dago "Zumaiako porlan naturala" ezagunaren ekoizpena 5.000 tonatik 35.000 tonara pasa zela 1860tik 1895era arte. Gauza bera gertatu zen hogeiko hamarkadako betoi armatuarekin eta aglomeratuaren eskaera ere asko emendatu zen errepideen hobekuntza zela-eta.

Harria harkaitzetik ateratzeko sistemak asko hobetu dira azken hamarkadetan, gure agregakinen harrobietan, batez ere erabilitako baliabideak hobetu zirenean; horrenbestez, jarduera honetako lanbideak aldatu dira ere.

Mende honen lehenengo erdian jarduera harrobiaren kokapena aukeratzearekin hasten zen. Beti ere etekinik handiena esfortzurik txikienarekin ateratzea bilatzen zen (meategi-adituek paper garrantzitsua zuten horretan). Geroago sasiak kendu eta eremua garbitzen zen, estaldura kenduz ("eremua osasundu"), harkaitza garbia eduki arte. Horretarako aitzur, pikotx, aizkora eta "korbiloak" (igitaiaren antzekoa) erabiltzen ziren. Otarreak garrantzitsuak ziren, soberako materialak sorbaldaren gainean eramateko (lurra, adarrak, belarrak, etab.).

Ondoren laztabin-zuloak egiten ziren (zulo borobilak harkaitzean); berrogeita hamarreko hamarkadan dagoeneko mailu eta zulagailu pneumatikoak erabiltzen zituzten barrenariek (lehenago eskuzko erremintekin egiten zuten). Geroago artillariak (dinamitari bezala ezagututa), lehergailuen erabileran eta kolokazioan aditua zen behargina, zuloak bolbora beltzaz betetzen zituen, osotasunean, hondotik kanpo-azaleraren 3 edo 4 metroraino.

Kartutxoak bata bestearen atzetik sartzen ziren, zurezko haga borobil luzeen laguntzarekin. Azkenik, zuloa lurrarekin betetzen zen, sendoki estutuz aipatu zurezko hagekin. Bolboraren metxa sartutako lehenengo kartutxoan jartzen zen eta, azkenik, kargatuko laztabin-zulo guztien metxak elkarren artean batzen ziren. "Artista izan behar zinen kargak non eta nola jarri jakiteko, harkaitzak sekretu asko baititu", dio eskarmentuko dinamitari zahar batek.

Metxak metro bat 90 segundoko aurreratzen zuela aintzat hartuz, dinamitariak distantzia kalkulatu behar du leherketaren ondorioetatik babesera iristeko denbora izateko.

Leherketaren prestaketa guztiak eginda (laztabin-zuloak botatzea), abisua kornetaren bidez ematen zen, harrobiaren jarduera guztia geldituz, eta errepide batetik gertu bazegoen ikurrina gorriekin hornituriko beharginek trafikoa mozten zuten.

Langile guztiak babesean zeudenean dinamitariak sua metxero edo pospolo batekin pizten zuen eta korrika aldentzen zen bere burua babesteko. Dinamitariren batek ihesia errazteko martxan utzitako motorra ere erabili zuen. Eragiketa honetan izandako akatsek ondorio larriak ekartzen zituzten, adituek ondo dakiten bezala; horietako batzuk bizia galdu zuten eta beste batzuk elbarri gelditu ziren.

Ateratako harri-kopurua oso ezberdina zen harkaitzaren aukeren arabera. Gregorio Ansorena Oruetak (1923), Galdameseko La Elvira meategian lanean aritutakoa eta agregakinen harrobien ustiaketan aditua, (Itziarko) Usabiartza harrobian eginiko azken leherketa gogoratzen du, bere tamainagatik". Ustiaketa A-8 autobidearen eraikuntzarengatik eten egin zen.

"Autobidea ireki baino pixka bar lehenago izan zen eta 156.000 kareharri-tona atera ziren, leherketa bakarrean, 15.300 kg dinamita erabilita. Ederra izan zen. 30/35eko 180 eta 15/35eko 60 laztabin-zulo erabili ziren. Arroako lantegiak (porlana) urtebetez lan egin zezakeen harri guzti horrekin".

Laztabin-zulo guztiak lehertu zutela baieztatu eta gero, korneta jotzen zen berriro eta harrobiaren jarduera eta trafikoa berriro irekitzen ziren.

Sistema ezberdinak erabiltzen ziren harkaitz-motaren arabera, Antxon Aguirre Sorondok Igeldoko hareharri-harrobiei buruzko lanean dioen bezala.

Askotan apurtutako material asko gelditzen zen fronte edo ezpondan eskegita, egonkortasunik gabe eta erori eta istripuak sortzeko arriskuarekin. Materiala askatzeko artillari eta barrenaria goitik jaisten ziren, zuhaitzetan (arte) edo lurrean sarturiko makiletara loturiko soketara lotuta eta harrobiaren zorura botatzen zituzten palanka edo beste erremintekin.

Leherketan ateratako 5, 10 eta 20 tonako harriak berriro puskatu beharra zegoen, garai hartako baliabideekin mugiezinak baitziren. Horretarako, artillari eta barrenariak zenbait zulo egin eta kartutxoak sartzen zituzten, dagozkien metxekin, guztiek ere motzak eta luzera berdinekoak. Eragiketa hori bukatu eta gero laztabin-zuloak lehertzen ("jo") ziren. Horretarako kartutxoen metxen luzeraren erdiko metxa bat moztu eta ebakidura egiten zen kanpoko estalduran barruko bolbora kanpora atera zedin. Dagokion korneta abisua eman eta gero, metxa hori piztu eta harkaitzaz harkaitza joaten ziren jarritako metxak pizten ebakiduretatik sugarra ateratzen zen bakoitzean.

Eskuan zeramaten metxa bukatzen zenean bazekiten piztutako lehenengo metxak bidearen erdia beteta zuela eta kartutxoa lehertzeko zorian zegoela; horrenbestez, korrika aldentzen ziren babes bila.

Harri handien bolumena murriztu eta gero peoiak sartzen ziren eta zatiak 6 kg ere pisatzen zuten mailuekin kolpatzen zituzten, txikitu eta 50 kiloko pisuan utzi arte; geroago, materiala eskuz biltzen zuten, pala, otarre eta txarrantxekin, 1.200 Kg-ko ahalmeneko bagonetan sartzeko; beraiek ziren ere bagonetak xehamakinaraino bultzatzen zituztenak, binaka, eta bertan materiala botatzen zuten. Harrobietako behargin zaharrek aipatu garraioek animalien bidez egiten zireneko urteekin oroitzen dira.

Garraioa eginda, peoi-bikote bakoitzak zurezko pieza sartzen zuen zuloz beteriko taula batean, honela beren lana kontrolatzen baitzen. Metodo honi esker bai langileek, baita enpresak ere, jasotako bagoneta-kopurua jakin zezaketen uneoro, eta batez ere eguna amaitzerakoan; horren arabera beraiei zegokien ordainsaria finkatzen zen.

1925. urtera aldera "60 beharginek 235 tona harri eta 65 tona hondakin ateratzen zituzten bataz beste eta, halabeharrez, bankuen estaldurek 115 lur-tona gehiago eskaintzen zituzten".

Lehenago aipatu dokumentuak (Gipuzkoako meategi-eremuaren memoria estatistikoa, 1925ekoa) dio:

"1924. urtean bost behargin hil dira harrobi-lanetan eta hiru larriki zauritu dira. Hildako beharginen kopuruaren eta zorigaiztoko gertakarien arteko proportzioari jarraituz istripu hilgarrien kopurua meategiena baino hiru aldiz handiagoa dela esan genezake, baina konparaketa hori ez da zuzena harrobietako ezbehar guztiak ez baitira ezagutzen eta, gainera, beren lana aldizkakoa baita".

Artillaria, lehen mailako espezialista, agregakinen harrobietako beharginik gaituena zen, harrobiaren arduradunaren atzetik. Lehergailuen erabilera eta ofizialki ezarritako arau, argibide eta araudiak ezagutu behar zituen eta bere lana betetzeko baimenaren jabe izan behar zuen; baimena lortzeko azterketa bat gainditu eta 5 urtean behin berritu beharra zegoen eta baimenak lehergailuak biltegietatik harrobietara garraiatzeko, kartutxo eta detonagailuak prestatzeko, zuloak betetzeko eta lehertzeko ahalmena ematen zuen.

Normalean harrobietan edo meategietan oso gazterik lanean hasi eta eskarmentuaren ondorioz kargak nola jarri eta esfortzu gutxienarekin ahalik eta material gehiago ateratzeko leherketak nola egin beharko zuten bazekiten beharginak ziren. Jarduera honek zekarren arriskuak lanbide berezia bilakatzen zuen.

Ondoren barrenariak zetozen (2. mailako espezialistak). Hauek zuloak egiten zituzten, hasieran eskuz, mailu eta hagekin, eta geroago makina pneumatikoekin; era berean artillariei laguntzen zieten lehergailu eta metxak jartzen. Materiala bildu eta garraiatzen zuten peoiek hirugarren maila osatzen zuten.

Guztiek ere aire zabalean egiten zuten lan, eguraldi-baldintzak edonolakoak izanda ere, askotan elurra, euria eta hotz edo bero handiek lana gogortzen zutelarik.

1953. urtean harrobi-arduradun batek 750 pezeta/hileko irabazten zuen, gehi 150 osagarri gisa eta ehuneko zehatza, zenbait kasutan, dinamita aurrezteagatik; artillariak 12 pezeta/eguneko gehi peoiek irabazitakoaren %15a. Osagarri hau %10ekoa zen barrenarien kasuan eta %5ekoa xehamakina maneiatzen zuenarentzat.

Peoiek 7,5 pezeta/eguneko irabazten zuten eta horretarako 5 bagoneta kargatu eta garraiatu behar zuten, gutxienez, eguneko. Era berean, 5 pezetako hobaria jasotzen zuten 12 bagoneta egitera iristen baziren, horretarako 5-6 lan-ordu beharrezkoak zirelarik. Ekoizpen-maila hori lortuta, beharginek harrobian egindako lanari amaiera ematen zioten boluntarioki, batez ere inguruko baserrietako beharginek, eta beste batzuk egunean 15 bagoneta betetzera arte jarraitzen zuten. Guzti horri esker peoiek lortzen zuten soldata inguruko lantegietako peoiena baino handiagoa zen.

Lan-eguna zortzi ordukoa zen, larunbatak barne, bi txandatan, lehenengoa goizeko 6etatik eguerdiko 2etara eta bigarrena eguerdiko 2etatik gaueko 10etara; argi naturalik ez zegoenean harrobia fokuekin argiztatzen zuten. Euria egiten zuenean artillari eta barrenariak ez zuten lanik egiten baina bai ordea peoiek, materiala bagonetetan sartu eta garraiatzen zutenek.

Behargin-eskaera handia zegoen hamarkadetan (berrogeita hamarreko eta hirurogeikoak) inguruko beharginek ez ziren nahikoak eta harrobietara Galiziako eta Extremadurako beharginak iritsi ziren, "apopilo" bizi zirenak inguruko baserrietan.

1970-75ean inguru pizketa elektrikoa sartu zen leherketa eragiteko, eta baita goma 2a lehergailu gisa. Horren ondorioz leherketak tamaina handiagokoak ziren eta bankadak uzten ziren ezpondetan, horietan zehar hondeatzaileak baitzenbiltzaten eskegitako harriak askatuz; horrexegatik, artillariak eta barrenariak ez zuten eskegita jaisteko beharrik harriak askatzeko. Era berean, peoiak ordezkatu zituzten ere puskatutako materialak jaso eta garraiatzeari zegokionean.