Kontzeptua

Meatzaritza. Aire-tranbiagileak

Balde-lerroak egin beharreko ibilbidea erabaki eta astoen kokapena zehaztu ondoren, astoen oinarriak egiten ziren. Astoak oinarri horien gainean esparragoekin finkatzen ziren. Oinarri horiek lur-eremuaren ezaugarrien araberakoak izan behar ziren. Hori zela eta, batzuk 20 metrokoak izan zitezkeen, eta beste batzuk, berriz, 2 edo 3 metrokoak bakarrik. Oinarriak egiteko morteroa erabiltzen zen batez ere (hondarra, karea eta ura).

Astoak, zenbakituak egoten ziren, eta lurrean, oinarriaren ondoan eraikitzen ziren, haritz egurra erabilita. Hala ere, eskasia garaian, esaterako 1940ko hamarkadan, gerrak suntsitutako baserri eta etxeetako habeak ere erabili ziren astoak egiteko (pago eta gaztainondo egurra). Egurra Portugaleteko egurraren aldapan zeuden biltegietan erosten zen. Astoak meategi-enpresetako arotzek egiten zituzten. Esku-zerrak eta tronkatzeko makinak erabiliz, egurra nahi zuten neurrian mozten zuten, betiere proiektuaren araberakoa. Jarraian, kupel begi salomonikozko laztabina eta birabarkiak (tenkagailu izenez ezagunak) erabiliz, zulatu egiten ziren, eta azkenik alderik aldeko errematxedun esparragoekin lotzen ziren. Astoan, askotan errementeriek, kablea heldu eta mugiarazten zuten gurpil eta poleak muntatzen ziren. Gurpil horien hornitzaile bakarra, eskualde osoan, Ortuellako Fundiciones Ibarra enpresa zen.

Asto bakoitza zutik jartzea ez zen lan erraza izaten. Langileek aldamio bat eraikitzen zuten, eta bertan polipasto bat finkatzen zuten. Sokei tiraka, eta aparailu horri esker, astoa zutik jartzea lortzen zuten. Kablea astora igotzeko ere antzeko sistema bat erabiltzen zen. Kablea, 20-25 zentimetroko diametrokoa, idiek tiratutako gurdietan garraiatzen zen astoak zeuden lekuraino. Han, lurrean zabaltzen zen, eta ondoren poleatara garabiaren bitartez igotzen zen; lehenbizi alde bat, eta gero bestea. Jarrian, eskuz eragiten zen tenkagailu batekin tenkatzen zen (lehenago idi pareek eragiten zioten tenkagailuari).

Baldeak edo tinakoak aire-tranbia ondoko teilape batean egiten ziren. Hasiera batean egurrezko baldeak izaten ziren, 40x60 zentimetrokoak, balde-lerroetarako bereziki egindakoak. 70-80 kg inguruko zama jasaten zuten, nahiz eta edukiera hori 200 kg arte handitzen joan zen. Baldeak puskatzen joan ziren heinean, upel erdiak erabiltzen hasi ziren. Upel horiei metalezko hiru edo lau uztai edo gerrikoak jartzen zitzaizkien, upel-oholak edo sahietsak eusteko. Halaber, bi alboetan euskarriak jartzen zizkieten, upelak irauli ahal izateko. Kable bakarreko sisteman, alanbreak metalezko pieza ugari finkatzen zituzten; luzeak eta larruz estalitako luzerako mihiztaduradunak izaten ziren, kableak irrist egitea ekiditen baitzuten. Pieza horri lotuta zintzilikario bat joaten zen, eta bertan burdinazko urkila bat, baldeak lehen aipatu ditugun euskarrietatik heltzeko.