Kontzeptua

Meatzaritza. Aire-tranbiagileak

Ezaugarri teknikoak kontutan hartuta, bi aire-tranbia edo kable-linea sistema erabili ziren.

Alde batetik, kable bakarreko tranbiak, ingelesa zeritzanak, alanbre amaigabe bat zuen, aldi berean trakzio eta errail funtzioak betetzen zituena. Alanbre hori, zamatokietan muntatutako polea horizontaletan kiribildu ondoren, egurrezko astoek eusten zituzten polea edo gurpilekin mugiarazten zen. Txirtaz edo mineral garbiz zamatutako baldeak kablean zintzilik zihoazen, eta beherantz zihoazen baldeek gorantz zihoazenei indarra ematen zieten. XIX. mende bukaera arte, aire-tranbia gehienek sistema hori erabiltzen zuten, baina XX. mendean bakar bat eraiki zen, hain zuzen ere 1939-1940 urteen artean.

Bigarren sistemari kable hirukoitzekoa esaten zitzaion, eta %30eko desnibelak gainditu zitzakeen. Bi kable finkok baldeak zintzilik eramaten zituzten gurpilen ildoak markatzen zituzten: kable bat zamatuta jaisten ziren baldeen gurpilbidea zen, eta bestea, berriz, itzuleran hutsik zihoazen baldeena. Hirugarren kable amaigabea trakzio-kablea zen, makina eragileak mugiarazten zuena. Kable horretan zihoazen, ondo finkatuta, bai balde zamatuak nahiz hutsak ere.

Hiru kableko tranbia eraikitzeko kable bakarrekoa egiteko baino inbertsio handiagoa egin behar zen arren, azkenean sistema hori gailendu zen. Orconerako aire-tranbia 1910etik 1945era egon zen martxa. Carmen VII meategia (Zugaztietatik gertu zegoen) Campomar garbitokiarekin lotzen zuen (Pobeña, Muskiz), eta 8 km-ko luzera zuen, lerro zuzenean. Bere garaian Europako aire-tranbia garrantzitsuenetako bat izan zen. Kable egiturak 62 km-ko luzera zuen, eta 800 balde segundoko 2,5 metroko abiaduran mugitzen ziren, eguneko 1.400 tona material garraiatuz.