Kontzeptua

Leitzako ezpata-dantza

Izan ere, EAJ-k eta Sabino Aranak berak interes oso handia jarri zuten Durangaldeko Dantzari-dantzan, eta ahalegin ikaragarria egin zuen alderdi horrek Euskal Herri osoan zabaltzeko ezpata-dantza izenarekin. 1933an, adibidez, Nafarroako Ezpatadantzari Batzak bostehun partaide izan zituen (Tápiz 2001:105). 1924n aita Ramon Olazaran heldu zen Leitzara (Perurena Loiarte 1993). Bera hasi zen, adibidez, txistu eskolak ematen solfeoaren laguntzaz. eta berarekin batera ikuspuntu nazionalista tradiziozko musika eta dantzetan (Sánchez Ekiza 2012).

Giro honen barnean ulertzen da nola Iruñatik etorri zen 1933 urtean Patxi Ripa ezpata-dantza hau irakasteko. Leitzan garai honetan oso garrantzitsua zen karlismoa eta oso garrantzitsuak Baleztenatarrak, eta antza denez heltze hau ez zegoen erabat ongi ikusita. Adibidez, herriko txistularia zen Angel Alduntzin Ramon Olazaranekin hasi zen ikasten, baina karlista zen eta horregatik ez zuen ezpata-dantza jotzen garai horretan (Perurena Loyarte 1993).

Espero izatekoa zen bezala, aldeak badaude Durangaldeko ereduarekin: beste leku askotan egiten den moduan, adibidez, erabiltzen den bandera -hasieran dantzarien buruen gainean mugitzen dena txalo-zaparrada batekin gaur egun- ikurriña da, eta ez herrikoa, jatorrizko herrietan gertatzen den bezala. Argi dago xehetasun honen garrantzi abertzalea, eta horrela ulertzen da nola Leitzako dantzariek, Durangaldekoek ez bezala, banan-banan agurtzen dutela bandera hori dantzan hasi baino lehenago.

Leitzako janzkera ere garaikoaren ohikoa da, txurigorria, jatorrizko ereduan erabiltzen diren txaleko beltz eta zintzarririk gabe. Besoen jarrera dantzariak geldituta daudenean ere ezberdina da, solte egon beharrean Leitzan gerrian jartzen baitira. Musika batzuk ere ez datoz bat Durangaldean egiten direnekin, eta oso nabaria da, adibidez, zortziko erritmo estandarra erabiltzen dela makil eta ezpata jokuetan (Sánchez Ekiza prentsan). Koreografia orokorrak berdinak izanik, ikusle aditu batek erraz aurkitzen ditu bi dantzen arteko alde ugariak, batzuetan aski nabariak, Leitzan egiten diren atzerako ostikadak adibidez. Atalen ordena ere ez da berbera bi dantzetan. Alde batzuk 1920 eta 1930reko hamarkadetan hedatzeko prozesuan sortu ziren, eta horrela egiten ziren leku askotan. Beste batzuk, berriz, Leitzan berean sortu izan dira.