Kontzeptua

Legenda

Azterlanok erakusten digutenaren arabera, euskal mitologiaren sustrai nagusia Neolitoko nekazaritza kulturatik datorkigu, eta indoeuropar geruza nagusia Erromako Elizak ezarritakoa da. Bada germaniar jatorriko geruza garbi baten aztarnarik eta Eliza bidezkoa ez den jatorri iluneko beste indoeuroparrik ere, baina itzal txikiagokoak guztiak.

Neolitikoko sustrai nagusia nekazaritzaren kulturari atxikitzen zaio, eta bi zati bereiz ditzakegu bertan. Kosmologiari dagokionez Europa osoa eta Ekialde Hurbilean zabalduriko ereduaren aztarrenak aurkitzen ditugu gure artean, eta gizarte ereduari dagokionez berriz, Europako ertz atlantikoan garaturiko kultura dolmenikoari lotzen zaio bete betean.

Ikuspegi ideologikotik berriz, euskal mitologiaren balio nagusiak gizakiaren harrotasuna eta nagusitasuna, sustrai-zaletasuna, lanaren eta elkartasunaren gorazarrea eta exijentzia moral zorrotzaren ezarpena dira.

Neolito garaiko gizakia, nekazaritza eta abeltzaintza teknikak garatuta, jauzi ideologiko ikaragarria ematen du, agian gizagoaren historian zehar inoiz emandako jauzirik handiena: bere burua unibertsoaren erdigune bihurtu. Ogibide berriak eskatzen dituen jardunetarako, ezinbesteko jauzia bestalde: basoak soildu, lurra ebaki eta irauli, zein landare haziko den eta zein landare deuseztatuko duen erabaki, animalien esnea bereganatu, animalien indarra bere mesedetan erabili, zein animalia biziko den (behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak) eta zein animalia desager arazi behar den (artzak, otsoak, azeriak, azkonarrak,...) erabaki, hauek guztiak ezin dira egiten hasi oinarri ideologiko sendo batek onetsi eta baimendu gabe. Euskal Mitologian Mariren zenbait ezaugarritan kausi ditzakegu oinarri ideologiko horren aztarnak.