Kontzeptua

Legenda

Nekazaritzaren etorrerarekin batera, Europako isurialde atlantikoan dolmengileen kultura sortzen da. Jentilen kultura. Nekazaritza bertan sortzen ez bada ere, Europak bere nekazari kultura propioa garatzen du. Naturaren indarren irudikapena eta gizakiaren nagusitasuna eta harrotasunaren kontzeptuak Ekialde Hurbiletik heltzen zaizkion arren, nekazaritza zabaldu orduko gizarte eta kultu eredu propioak garatzen ditu eta esportatu egiten ditu gainera.

Dolmengileen kultura, jentilen kultura, Bretainian sortzen da duela ia zazpi mila urte eta abiadura harrigarriaz hedatzen da itsasertz atlantikoan zehar. Kultura paleoeuropar hau ez da inoiz behar bezala aztertu, baina bere lehen hedatze honen abaila aurreko nolabaiteko kulturkidetzaren adierazgarritzat hartzea guztiz zuhurra eta bidezkoa dirudi. Gero Europa ia guztia hartzen du eta haren eragina Ekialde Hurbila bera ukitzera heltzen da.

Kultura honen ikono ezagunena trikuharriak dira, eta bere ordezkariak, jentilak. Eskandinaviatik Portugaleraino eta Grezia eta Asia Txikiraino, Europa osoan zehar gorde dira trikuharrien eta jentilen oroimena. Lehenago Mariren irudikapenen inguruan esan duguna errepikatuz, jentilen mitologian ere kolore guzietako orbainak aurkitzen ditugu. Ergel, zabar, zikin, basati, anker, alde batetik, eta bestetik, langile, adeitsu, adiskide eta auzokide on. Ezaugarri hauek guztiak aurki ditzakegu jentilen bereizgarritzat emanik Europako hainbat mitologiatan zehar. Beraz, eta ohi bezala kolore orbain zahar eta jatorrenari helduz zera esan dezakegu, alegia, jentilak direla trikuharri kulturaren eredu emaile nagusiak. Europan zehar hainbat izen diferenteren azpian nortasun bereko mantentzen diren izaki hauek (jentil eta mairu Euskal Herrian, gigante Espainian, géant Frantzian, fomoraigh Irlandan, Hühnen edo Riesen Alemanian, jöttun eskandinavian), bizitzarako eta heriotzarako eredua eskaintzen diete gizakiei, jainkorik ezean, eredu emaile bakartzat dituzten gizakiei.

Eredutasuna bi mailatan gertatzen da beti: gaitasunen mailan eta jokabideen mailan. Inolako gaitasunik edo gaitasun egokirik ezean, jokabideen eredugarritasunak hutsaren hurrena balio ohi du. Jokabideen mailan eredugarri izan baino lehen, gaitasun mailako eredugarritasuna behar da. Horregatik jentilen lehen ezaugarria indarra da: indar izugarria. Paleolitoko ehiztariak ez bezala, Neolitikoko nekazariak indarra behar du beste guztien gainetik. Nekazaritzako bizimoduak indarra eskatzen du beste guztien gainetik, eta indarra bihurtzen da garaiko gizakien desideratum nagusia. Indartsuari begiratzen zaio miresmenez, indartsua izan behar da eredu izan ahal izateko. Horregatik indarra da jentilen ezaugarri nagusia, han eta hemen, gainerako desadostasunak gorabehera, etengabe eta aldatu gabe, alde guztietan gorde den ezaugarria.

Jentilek ez diote beldurrik lanari. Haien indar izugarriaz lana jolas bihurtzen zaie. Eredu-emailea eredu-hartzailearen ametsa da beti, eta lanean penatutako nekazariarentzat, jentilen nekerik gabeko lanak dira irudirik zoragarriena: Irlandan ikusiko dugu bertako jentila basoa esku batez soiltzen zuhaitzak baratzako porruak bailiran eskukada bakoitzeko dozenaka erauziz. Eta Frantzian ikusiko dugu bizkarrean daraman lurrez betetako zakuak hondoa zulatu eta muino berria ohartu ere egin gabe nola sortzen duen. Euskal Herrian elizak eraikitzen dituzte izkina-harri astunak behetik gora jolasean bezala jaurtikiz. Izan ere, lan egiteko erabiltzen baitute indar hori. Ez borrokarako, ez beste inor mendean hartzeko. Lanerako. Bere gaitasuna dela eta eredugarri izan daitekeen izakiak lan egiten du. Penarik eta nekerik gabeko lan eskergak burutzen ditu. Paisaia aldatzen duten lanak, natura gizakiaren neurrira moldatzen duten lanak. Lanaren gorazarrea da jentilen jokabide mailako lehen eredua.

Bigarrena berriz, elkartasuna. Kristauturiko Euskal Herrian oraindik orain arte entzun ahal izan dugu jentilak kristauak baino kristau hobeak zirela, jokabide zintzoagokoak zirela adierazi nahian. Jentilak auzokide gaixoei bisita egitera joaten dira eta auzolanean dihardute besteekin batera Euskal Herrian. Alemaniako Westfalian berriz, tresna bakarraz (aizkora dela, labana dela) guztiak nola moldatzen diren erakusten digute, hura txandaka erabili eta amaitutakoan jasotako lekuan berriro utziz behar duenaren eskura beti. Honelakoak dira jentilen mitologiako aztarna-apur jatorrak, geroztik gaineratutako geruzen eraginez jentil ergela edo zabarrarena Europan zehar maizago aurkitu ahal izaten bada ere.

Jentilen mitologiak zalantzarako aukerarik gabe erakusten digu, trikuharrigileen kulturari lotuta eta noski kristautasuna hedatu aurretik, gure herrian izan dela, Europa osoan bezala, lanaren eta elkartasunaren gorazarrea egiten duen ideologia bat. Bizitzarako arlo guztietan exijentzia etiko garaia ezartzen duen ideologia bat. Zalantzarik gabe europar protestantismoaren oinarri oinarrian dagoen ideologia bat.