Bizitzarako eredua ez ezik, jentilek hil ondorenerako eredua ematen digute halaber. Jentilen akaberaren mitoan dago hil ondorenerako eredu honen aztarna bat. Jentilen akaberaren mitoa, bere bertsioetako batean ageri den kixmi izenagatik da batik bat ezaguna. Kixmi hori jentilek Jesukristori ematen zioten izena omen da, eta jentilek Jesukristoren jaiotzaren iragargarria den izar argitsu baten ikustearekin jakin omen zuten haien azkena hurbil zeneko berria. Mitoaren azterketak halere hain ospetsu egin den Kixmi hori ez dela elementu jatorra diosku. Ez Kixmi, ez izarra, ez eta Jesukristo edo kristautasuna, horietako bat bera ere ez da mito honen osagarri jatorra. Testuinguruko zaharreko datuak galdu eta gero, testuinguru kristau berrian mitoa ulergarri gerta dadin egindako moldaketak dira. Jentilen akaberaren mitoak bere egoera orijinalean kontatzen duena zera da: Jentilak ospakizunetan elkartuta zeudela laino ttipi bat agertu zen ortzian. Jentilak hura ikusita beldurtu egin ziren, bai baitzekiten laino ttipi hura, izurriteak zabaldu ohi dituzten laino motakoa zela. Orduan, apartean bizi zen igarlea etor arazi zuten, lainoari begiratu eta hark zer kalte ekarriko zituen esan zezan. Igarlea, ohi zuenez, trantzean sartu zen, goraka bihurritutako betazalak erakutsi bezala, eta trantze hartan zera ikusi zuen, laino hark jentilarte guztiaren akabera ekarriko zuela, jentilak betirako mundu honetatik ezkutatuko zirela, et horrela esan zien bere lagunei. Hauek igarlea harbaietan amil arazi eta trikuharri baten azpian hobiratu ziren guztiak. Mundua hutsik geratu zen hainbat gizalditan, harik eta gizakiak heldu ziren arte.
Jentilen akaberak hildakoak hobiratzeko eta talde-hobietan hobiratzeko eredua plazaratzen du. Harri handizko egitura eta harri txikiz estaliriko trikuharrietan hain zuzen. Hiltzerako, aurrez eraikita eta paratuta dauden hilobietan. Paisaian ikusgarri eta nabarmen dauden hilobietan. Eta eredua plazaratzen badu, noski, gizakiek eredu horri jarrai diezaioten plazaratzen du: gizakiek, jentilen imitazioz, hilobi ikusgarri eta nabarmenak eraiki ditzaten eta haien hildakoak bertan sar ditzaten. Horixe da, eta ez beste, jentilen akaberaren funtzio nagusia: hildakoak hobiratzeko ohitura eta hildakoen kultuan oinarrituriko eredua ezartzea.