Filologoak

Larrasquet, Jean

Jean Larrasquet Eskiulan (Zuberoa) jaio zen 1885ean, eta XX. mendeko hirugarren hamarkadan eginiko hizkuntzalaritza-lanak direla eta da ezagun, batik bat. 1928an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 1953an hil zen.

Apaiza izan zen eta XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan Zuberoako mintzoei buruzko zenbait ikerketa kaleratu zituen, besteak beste, Julio Urkixok mende hasieran sortutako Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) aldizkari garrantzitsuan. Artikulu horien artean, aipatzekoak dira, besteak beste, "Phonétique du Basque de Larrajá (Quartier de Barcus)" (1932) edo 1931n eta 1935ean argitaratutako "Beñat, Larrajáko belhagilli" lana. Eman dezake bi zatitan argitaratutako lan horren edukia literaturazkoa dela bete-betean, baina ez da hala: berez, Zuberoako fonetikari buruz frantsesez idatzitako lana biltzen dute lan horiek, eta emaniko azalpen teorikoen erakusgarri eta frogagarri txertatutako istorio laburra da, berez, "Beñat, Larrajáko belhagilli". Testua bi zutabetan eman zuen Larrasquetek, eskumakoan euskaraz (etnotestu itxurarekin, azentu markatu eta guzti) eta ezkerrekoan frantsesez.

Beste alde batetik, zubererari buruzko hiru lan kaleratu zituen Parisen: Action de l?accent dans l?evolution des consonnes étudiée dans le basque souletin [=Zubereran ikertutako kontsonanteen bilakaeran azentuak izandako eragina] (1928), Le basque Nord-Oriental [=Ipar-ekialdeko euskara](1934) eta Le basque de la Basse-Soule Orientale [=Zuberoako hego-mendebaleko euskara](1939).

Bigarren Mundu Gerra igarota, 1946an, Pierre Lhanderekin batera Etxahun poetaren biografia prestatu zuen Larrasquetek, eta Baionan argitaratu zuen Eskualzaleen Biltzarrak Le poète Pierre Topet di Etchaun et ses ouvres [=Pierre Topet Etxahun poeta eta bere obrak] izenburuarekin. Barkoxeko koblakariari buruzko erreferentzia-lanetako bat dugu Lhandek eta Larrasquetek eginikoa, eta, ikertzaile batzuen esanei jarraikiz, badirudi Louis Dassance-k ere lagundu ziela lana egiten, baina ez da haren izenik ageri liburuan.

  • BIDADOR, Joxemiel. "Zuberoako bedatse loraduna". Euskaldunon Egunkaria, 1999-3-19; 1999-3-26; 1999-4-2.
  • VILLASANTE, Luis. Historia de la literatura vasca. Oñati: Sendo, 1961.