Arkitektura

Lardamuño baserria

Zizurkilgo udalerria Aiztondo Bailararen parte da Asteasu, Alkiza, Larraul eta Adunarekin batera. Billabona inguruan, Oria ibaiaren ezkerraldean -Ernio eta Andatzako mendiguneen artean- irekitzen den nortasun bereizgarriko eremu geografikoa da, 53 km²-ko lurraldean zehar zabaltzen dena. Bailara Asteasu errekak egituratzen du eta orografia leun eta irekia izateagatik bereizten da. Bertako paisaia haran-azpiek eta gain laueko muinoek osatzen dute, ibaiarekiko 350 m-ko altuera gainditzen ez delarik. Baserriek orokorrean mendi hegalaren erdia bilatzen dute, Larrondobuno baserriak bezala, baina ez dira falta gainak zein haranen behekaldeko lurretan ezarri direnak.

Aiztondon populazio handia biltzen da gaur egun eta baserri zahar mordoa aurkitu daiteke han. XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendean Euskal Herriko bailaretan zehar hedatu zen baserri-eredu berriaren sorrera garai hartako ekonomia oparoaren ondorio izan zen, besteak beste. Itsas aktibitate garrantzitsua ematen ari zen orduan eta landa-eremuekiko merkataritza harreman sendoak sortu ziren. Testuinguru honetan, Aiztondo bailarako geografia aparta zen nekazal eta batez ere abeltzantza ustiapenerako. Gainera, kostaldearekin oso ondo komunikatua zegoen Oriaren ardatzaren bitartez. Guzti honek paraje hauetan baserri anitz eraikitzea ekarriko zuen, hauen artean asko dolare-baserriak.