Eskolak

La Salle-San Jose ikastetxea. Zarautz

1930etatik Gerra Zibilera arte eskolari "eskola librea diru-laguntzarik gabekoa" deitu zioten eta printzipioz, pedagogikoki, ez zuen arazo handirik izan, lehenengo hezkuntzarekin jarraitu zuen eta curriculuma zabaltzen saiatu zen. Izan ere, 1933/34eko kurtsoan batxilergo maila indarrean jarri zuten, nahiz eta ikasleek azterketak institutuan egin.

Bestalde, bidaia batzuk egin zituzten, bai Bilbora baita Iruñera ere, baina txango haiek izan ezik, beste ekitaldi guztiak akademiko edo jarduera erlijiosoei lotuta zeuden. Esate baterako, kurtso bukaeran azterketa publikoak egiten zituzten. Hauek, Anaien eta gurasoan gustukoak ziren zeren eta han emaitzak ikusten zituzten. Gainera, azterketa haiek erritual bat jarraitzen zuten, hau da, apaizek, herriko buruzagiek edo enpresariek zeremonia buru izaten zuten eta nola ez, San José eguna martxoan eta San Juan Bautista de La Salle ekainean urtero ospatzen zituzten.