Eskolak

La Salle-San Jose ikastetxea. Zarautz

1929an Anaiak Zarautzera bueltatu ziren eta dagoeneko ez ziren berriro handik mugitu gaur egun arte. Ordea, Gerra Zibila hasi baino lehen arazo larriak izan zituzten, itzultzearen arazoak esate baterako, frantziskotarren jarrera ez zen egokiegia izan, herriaren giroa pil-pilean zegoen eta institutu erlijiosoaren gorabeherak ere existitzen ziren.

Lehen aipatu dugunez, Anaiek 1914ean Zarautz utzi zuten eta horren ondorioz, herrian eskolar hutsune bat sortu zen. Egoera hura konpontzeko, José Epeldek, "Juventud Antoniana-ren" zuzendariak, gela batzuk elkarte honen eraikinean ireki zituen. Horretarako irakasle batzuk behar zituen eta oso azkar lortu zituen, irakasle laiko tituludun bat eta bi frantziskotar. Egoera horrekin hainbat urte iraun zuten, baina guraso batzuen iritziz, egoera hura ez zen egokiena. Beraz, guraso haiek Anaiengana jo zuten eta Zarautzera bueltatzea proposatu zieten Zarautzek eskola bat behar zuelako. Izan ere, 100 guraso bildu ziren eta batzorde bat sortu zuten. Behin batzordea osatua, honen talde bat Donostiara joan zen "Anaia Ikuskatzailearekin" (Bisitariarekin), bilera bat izateko. Honi herriko eskolaren gabezia azaldu zioten, baina lortu zuten erantzuna ezezkorra izan zen, langileria nahikoa ez zeukatelako. Batzordeak ez zuen amore eman eta beste mugimendu batzuekin jarraitu zituen. Hori dela eta, Errenteriara jo zuten eta han "Corazonistasekin" elkartu zen. Hauei, hasieran, ideia gustatu zitzaien, baina azken momentuan atzera egin zuten eta ideia baztertu zuten.

Dirudienez, mugimendu guzti hauek Gotzainak oso ondo zekizkien eta batzordeari beste proposamen berri bat eskaini zion: "Maristas-ek" antolatuko zuten Zarautzeko eskola. Hauen lehenengo erantzuna baiezkoa izan zen, baina beste kongregazio batzuetan bezala, proiektua bertan behera utzi zuten. Dena galduta ikusten zenean, Zumarragako Komunitateko zuzendaria agertu zen, Juan Bautista Minteguiaga, hain zuzen ere, eta Zarautzeko eskolaren alde lehenengo pausoak ematen hasi zen. Minteguiagak Valladolideko Anaiekin hitz egin zuen eta hauek Gipuzkoara ekarri zituen. Honen ondorioz, Minteguiagak Gotzainaren eta enpresaburu baten konfiantza lortu zuen, alegia, Elizaren laguntza morala eta akademikoa izan zituen eta, beste aldetik, Cándido Arocenaren, enpresaburuaren laguntza ekonomikoa lortu zuen eskola berreskuratzeko.

Testuinguru honetan 1929ko uztailean dokumentazio berria betetzen hasi ziren eta urrirako Gurasoen Elkartea indarrean jarri zuten. Azaroaren lehenengo egunetan "Anaia Ikuskatzailea Probintzialak", zuzendariari gutun bat idatzi zion eta gutun horren bidez berri on bat jakinarazten zien: "hurrengo egunetan bi Anai eta eskolastiko bat bidaliko dizkizuet", ordea, gutun hark gatza eta piper pixka bat zeraman: "si con este personal no hacen milagros en Zarauz o es porque Zarauz no los merece o porque han perdido la gracia y la sal de los vascongados".

Anaiek behin betirako finkatzeko "Nuncio Apostólico-ren" baimena behar zuten eta hori azaroaren 4ean lortu zuten. Horretarako hitzarmen bat sinatu behar izan zuten eta hori azaroaren 20an egin zuten. Hitzarmena dokumentu arrunt bat besterik ez zen eta logikoki bi aldeen konpromisoak islatzen ziren. Esate baterako, batzordeak Anaiei etxebizitza eta irakaskuntza gelak eskainiko zizkien eta mantentze lanak ere batzordeak bereganatuko zituen, liburu zientifikoak eta espiritualak barne. Beste aldetik, Anaiek lehen hezkuntza dohainik irakatsiko zuten eta horren ordez soldata sinboliko bat jasoko zuten. Akordio guzti hauek Bujedoko (Errioxan) Anaiek gainbegiratzen zituzten, Cesáreo Anaiak, hain zuzen ere. Honek ia-ia egunero hitz egiten zuen Zarautzeko eskolako zuzendariarekin eta bere iritziak eman zizkion. Iritzi haien artean bat oso harrigarria izan zen. Hau da, "komenigarria da gure ikasleak egunero mezara joatea eta astean behin aitortzea".

1931n Ikasle Ohien Elkartea sortu zuten. Berehala Elkartearen estatutuak idatzi zituzten eta lehenengo jarduerak egiten hasi ziren, adibidez, Elkarteak lokal berriak sortuko eta egokituko zituen, eta lokal haietan pedagogia modernoa indarrean jarriko zuten. Bestalde, Elkarteak maisuak eta irakasleak aukeratuko zituen eta hauek duinak izango ziren eta beraien gaitasunak erakutsiko beharko zituzten umeen aurrean lan hori lortzeko. Baina lehenengo gatazkak azkar sortu ziren eta hurrengo urtean, alegia, 1932an, Cándido Arocenak, nork bere garaian diru-laguntza eman zien Anaiei eskola sortzeko, Elkartea utzi zuen. "Tradizionalista" izatea leporatu zioten eta Cándidok ez zuen irain hura onartu. Egia esan, II. Errepublikaren garaian zeuden eta herri askotan bezala Zarautzen giro politikoa ez zen egokiena.

Uda igaro ostean, haserrea joan zitzaion Cándidori eta eguberrira arte itxaron zuen bere proposamen berria aurkezteko eta bultzatzeko. Cándidoren iritziz Zarautzek eskola behar zuen eta horretarako proposamen aurkeztu baino lehen, diru-laguntza batzuk jaso izan zituen. Ondoren, zuzendariarengana abiatu zen eta proiektu berria erakutsi zion. Honek, zuzendariak, ez zekien zer egin eta, azken momentuan, bilera bat egitea erabaki zuen. Horrela, 1933ko uztailean gurasoekin bildu ziren eta zuzendariak momentua aprobetxatu zuen bi berri emateko: zuzendariak Anaia izateari utzi zion eta Cándidoren proposamena azaldu zien. Lehenengo berria gurasoei ez zitzaien gehiegi kezkatu, baina bigarrena bai. Berehala Cándidoren proposamenaren aurka jarri ziren eta zurrumurruak zabaltzen hasi ziren. Testuinguru hartan laguntzaile berezi bat aurkitu zuten: herriko parrokoa, nor buruzagi bihurtu zen. Parrokoa 1931n Zarautzera heldu zen eta lehenengo momentutik Anaiak erasotzen hasi zen. Behin zuzendariarekin bildu zen eta kristorenak bota zizkion: "eskola honetan gehiegi hitz egiten da euskaraz", "eskola honetan intsignia asko eramaten dituzte", "eskola hau keinu nazionalistaz beteta dago", "eskola honetan ez naute errespetatzen, hika tratatzen naute zuk-aren ordez" eta abar. Ikusten dugunez Zarautzeko giroa kutsatuta zegoen. Dirudienez, parrokoak baldintza guztiak inposatzen zituen eta eskolako zuzendariak betetzen zituen, baina hori ez zen nahikoa parrokoarentzat eta erasoak eskolaren aurka ez ziren gelditzen. Parrokoaren ustez, eskola hura ez zen eskola parrokiar bat, euskal eskola bat baizik eta hura ez zuen onartzen.

Hala ere, parrokoa ezaguna zen. Aurreko urtetan Altza auzoan izan zen eta auzo honetan ere istiluak izan zituen. Egun batean, pulpitutik mutilzaharren aurka hitz egiten hasi zen. Behin elizatik atera zenean mutilzahar oso ospetsu batekin topo egin zuen, Txirrita bertsolariarekin, hain zuzen ere. Honek, Txirritak, bat-batean bertso bat bota zion:

"Gure erriko parroco jaunak
pulpitotikan esan du,
kontzientziko kargan gaudela
ez giñalako ezkondu;
gazte denboran saiatu nintzan,
ezta neretzat izandu,
gazte polit bat aurkituko nuke
zuk billatuko bazendu".

Beste aldetik, eta nahiz eta Zarautzeko giroa oso kutsatuta izan, eskolaren matrikulazioak izugarrizko arrakasta izan zuen. Hainbesteko arrakasta izan zuen, non gradu berriak ireki zituzten, baina kutsaduraren ondorioz inbidiak eta gaiztakeriak herriko bazter guztietatik zabaldu ziren, alegia, diru-laguntza banaketa ordua heldu zenean, banaketa desorekatua izan zen. Hau da, frantziskotarrek 70 ikasle besterik ez zituzten. Anaiek berrehun baino gehiago, baina udaletxetik zetorren diru-laguntza ia-ia erdibana zen. Momentu hartan Zarautzeko udaletxea karlistaz eta tradizionalistaz zeuden. Horren ondorioz, Anaiak ez zeuden ondo ikusita udaletxean, beraz, ez da harritzekoa herrian zegoen giroa.

Hala eta guztiz ere, Gerra Zibila arte, eskolak hartutako ibilbidea aurrera joan zen, baina 1936/37an kurtsoa hasi zenerako gerraren ondorioak indarrean jarri zituzten, zuzendaria ordezkatu zuten eta Gobernu Zibiletik lehenengo agindua iristen zen. Gobernadorearen aginduak horrela esaten zuen: "Eskola itxiko dugu salaketa asko izan ditugulako", ordea, egun batzuk beranduago, Anaiek beste agiri bat jaso zuten. Honek horrela esaten zuen: "eskola ez da itxiko, baina Anaiak ordezkatuak izango dira. Hemengo Anaiak beste helbide batera joango dira eta haien ordez Anaia gaztelarrak eramango ditugu", eta horrela izan zen. Zarautzeko Anaiak Bujedora (Errioxa) eraman zituzten eta eskolara lau Anaia galiziar heldu ziren. Hauek, 1936ko azaroaren 16an, goizeko zortzi eta erdietan kurtso berri bati ekin zioten. 125 ikasle joan ziren lau gelatan bananduak.

San José eskolaren lehenengo garaia horrela bukatu zen. Ikusten dugun bezala Anaiek arrakasta handia izan zuten irakaskuntzaren arloan, baina klaseak euskaraz emateagatik, inposatutako ideiak ez defendatzeagatik edo beste arrazoiengatik zigortu zituzten eta bide batez, Zarautz herria zigortu zuten.