Kulturalak

La Academia Errante

La Academia Errante herri unibertsitatea sortzeko saiakera izan zen, Gipuzkoan XX. mendeko 50eko hamarkadan sortu zena (lehen saioak 1956an izan ziren); errealitateari erreparatzen zioten eta kulturaz kezkatuta zeuden bi pertsonaia bitxik sortu eta bultzatu zuten: Angel Cruz Jaka Legorburu eta Luis Peña Basurto bultzatzaile nagusiek, hain zuzen ere.

Saiakera horretan zenbait intelektual deitu eta mahai baten inguruan biltzea lortu zuten; ideologia, prestakuntza eta pentsamendua adierazteko eta partekatzeko oso modu desberdinak zituzten pertsona haiek; horrez gain, euskal gizartearen egoerari eta etorkizunari buruz ere eztabaidatu zuten. La Academia Erranteren kultura saioak lurraldeko hainbat herritan antolatu ziren, jaiegunetan eta toki bakartietan, otordu baten bueltan; asteburuetako atseden zigiluari eutsi zioten. Saio haietan garaiko intelektual talde oso esanguratsua biltzen zen, tartean Joxe Miguel de Barandiaran, Jorge Oteiza, Luis Martin-Santos, Koldo Mitxelena eta Julio Caro Baroja, besteak beste. Saioetan elkar ulertzeko helburua zen nagusi, nahiz eta kideen iritzi moralak, politikoak eta kulturalak anitzak izan. Cruz Jaka Legorburuk azaldu zuen (2000) lehen aldiz Academia Erranteren izena Luis Martin-Santosi entzun ziola, eta saio haiek izendatzeko erabili zuela taldeak izaera ibiltaria, peripatetikoa eta anarkikoa zuelako.

Sendagileak (gehienak psikiatrak), idazleak, publizistak, historialariak, apaizak, musikariak, arkitektoak, abokatuak, editoreak, inprimatzaileak hartu zuten parte hamar urteko ibilbideko saioetan, Gipuzkoan kultura erakundeak denbora hori iraun baitzuen, gorabehera batzuekin indarrari dagokionez. "Tolerantzia giro lasaian", Ayestaran sendagileak, akademikoetako batek azaldu zuen moduan, Academian zenbait ideologia zeuden ordezkatuta (komunistak, abertzaleak, sozialistak, karlistak, baita eboluzionatzeko asmoa zuten frankistak ere); aniztasun horrek hasiera-hasieratik eman zuen aditzera kideek elkar ulertzeko eta arrazoitzeko zuten espiritua.

1964an Jaka Legorburuk bilerak berriz ez deitzea erabaki zuen, polizia frankistaren jazarpenagatik; izan ere, polizia beldur zen bilera haiek hartzen zuten izaera eta irismenagatik, gure herriko pertsona jantzienak deitzen baitziren. Horrez gain, Luis Martin-Santos psikiatra eta nobelagilea urte berean hil zen zorigaiztoko auto istripu batean; horrek ere Jakaren gogoa baretzea eragin zuen, eta poliziaren jazarpenarekin batera, hamar urte baino gehiagoko esperientzia hura ixtera behartua sentitu zen. Hala ere, Jakak espiritu ekintzailea zuen, eta horren isla da 1968an zenbait akademiko Zumarragako bere etxera gonbidatu izana, kide berri gazteagoak ere gonbidatu zituen Lope de Aguirreren eta Jose Maria Iparragirre musikariaren omenezko jardunaldietan parte hartzeko.