Eleberria

Martín-Santos, Luis

Medikua, idazlea, eta politikaria. Larache (Marokoko protektoratu espainiarra), 11-11-1924; Gasteiz (Araba), 1964-1-19.

Bere izena, egia esan, Luis Martin Ribera izan zen baina Leandro Martin Santos bere aita egolatrak bere abizen biak gerora bat eginda iraun zezatela nahi zuen eta ondorioz, orain ezaguna den Martin-Santos abizen bikoitza eratu zuen.

Larachen jaio zen, Marokoko protektoratu espainiarrean, non bere Leandro eta Encarnacion neba-arreba txiki biak ere bertan jaio ziren. Bost urte beranduago, bere aitaren lanbidearen, mediku militarra, aldaketak eraginda, familia Donostiara bizi izaten joan zen.

1936ko guda zibilean, bere aita Errepublikako legezko boterearen aurka matxinatutako "Nazionalen Bandoa" izenekoarekin bat egin zuen. Guda bukatzerakoan, bere aitak, menderatuak epaitu zituen epaimahaietan parte hartu zuen, mediku donostiar batzuen atzerriratzea erabakiz. Horren guztiak bere seme zirenek Marianisten Ikastetxean erdi bakardade egoeran izatea erakarri zuen, bere semeen gelakideen artean atzerriratuak izan ziren mediku horietako batzuen semeak izan zirelako. Bere gaztaroan izan zuen beste aurkako arloetariko bat bere amak izan zuen buru-gaixotasuna izan zen, horren ondorioz Salamancako lurraldeko herritxo baten bere aitaren aldetiko amonaren etxean egotaldi batzuk igaro beharra izanez. Eragileotariko batek ere ez zuen eragotzi Luisen kalifikazioak uneoro berebizikoak izatea, ikasgairik gehienetan bikain kalifikazioak lortuz. Era berean 1946an Salamancan burutu zituen Medikuntza ikasketetan izandako bere espedientea harrigarria izan zen, nerbio-sinopsiei buruzko lana egin ondoren "Ohiz kanpoko Saria" lortuz. Urte haietan, literaturarekiko bere zaletasuna jada hasia zen, 1945. Urtean bere aitak bere adostasunik gabe argitaratu zuen Grana Gris izenburudun olerkien liburuxkak adieraztera ematen digun bezala.

Ordutik aurrera, bere mediku bizitzak literatura ekintzak izan zuen ibilbidearen berdina izan zuen. Madrilera Doktoretza eta kirurgia ikasketak egitera joan zen. Martin-Lagos Dr.-ren zuzendaritzapean Zientzia Ikerketetarako Kontseilu Gorenean arratoiekin egindako ikerketak bezalako kirurgia-bizipenetariko batzuk bere Tiempo de silencio eleberrian bilduko ditu. Baina handik gutxira, bere kide eta donostiarra ere zen Felix Letemendía adiskideak eraginda, espezialitatez aldatu eta Lopez Ibor Dr.-ren zerbitzuan sartu zen psikiatrian murgiltzekotan. Psikiatriak gizakien sentimenduak hobeto ezagutzeko bidea emango dio eta bere beste zaletasuna, literatura, zenarengandik hurbilago zegoen bere hasierako kirurgia zereginetatik baino. "Gijón", "Gambrinus" eta Bar "Espérides" literatura solasaldietara joaten hasi zen, Juan Benet, Ignacio Aldecoa, Alberto Machimbarrena, Luis Peña Ganchegui, Francisco Perez Navarro eta beste hainbatekin adiskidetasunari bidea emanez.

Lopez Ibor Dr.-ren psikiatria-klinikan bere bidea oso azkarra izan zen, psikiatrian urteak zeramatzaten balio handiko Daniel Bonillas eta Carlos Castilla del Pino bezalako medikuak goitik joz. Joyce-n eleberriak irensten zituen gogo bizi berberaz irakurtzen zituen psikiatria liburuak, epe laburrean psikiatra gazte garrantzitsuetariko bat izatera iritsiz. Pedro Lain Entralgoren irakaspenekin (www.euskonews 0437zbk/gaia/34702.es.htm) ikuspegi historikotik buru-gaixoaren ezagutzaren oinarriekiko Dilthey, Jaspers y la comprensión del enfermo mental izenburudun bere doktore tesia egin zuen, urte gutxiren buruan liburu gisa argitaratua izanik. Bertan azaldutako kontzeptuak geroago egin eta Theoria Aldizkarian argitaratutako "Fundamentos teóricos del conocer psiquiátrico" lanean berraztertutakoak izan ziren.

1951ko apirilean lehiaz Gipuzkoako Probintzia Psikiatrikoko Zuzendari kargua irabazi zuen, horretara bizitza donostiarrean erabat murgilduz. Urte horretan ematen du Donostiako "Círculo Cultural y Ateneo Guipuzcoano"-n bere lehen Génesis de la creación literaria izeneko hitzaldia. Erakunde horren aldizkarian hitz-lauzko Zum Roten Oschen izenburudun bere lehen lanetako bat argitaratzen du. Lan horretan alemaniar garagardotegi bateko bizitza aipatzen du, Al buey rojo narrazioari izenburua emanez. Donostiako Psikiatria Ospitalean izan zuen ekimen klinikoa funtsean alkoholismoaren ikerketari eman zion, eskizofreniarekin dituen bere desberdintasunak zehaztuz, garaiko ohikoenak ziren bi gaixotasunak baitziren.Horretatik eratortzen dira, besteak beste, "El delirio alcohólico agudo", "la paranoia alcohólica" eta "Ideas delirantes, esquizofrenia y psicosis alcohólica", bere lanak.

1953an Rocio Laffon Bayorekin Madrilen ezkontzen da, Jeronimoen Eliza elitistan. Lau seme-alaba izan zituzten: Rocio, Leticia (3 hilabete zituenean hil zen), Luis eta Juan Pablo.

Luis Martin-Santosen nahietako bat unibertsitateko irakasle izatea izan zen, behin urte batzuk igaro ondoren, Madrilen katedra lortu ahal izateko. Helburu hori lortzeko lehen ahalegina egiteko unea 1956a izan zen, Pedro Lain Entralgo Jaunaren errektore-aldian. Bere izaera liberala profesional gazteentzako akuilu izan zen, katedrarako lehia batzuetan parte hartzeko aukera zabaltzen baitzuen. Oposizioak bere kide eta laguna zen Carlos Castilla del Pinorekin batera prestatu zituen, baina ez zuten helburua lortu. Urte horretan gertatu ziren Lain Entralgo errektore kargutik eta Ruiz-Gimenez Hezkuntza Ministeriotik kentzea eraginarazi zuten unibertsitate-gertaerek. Horri guztiari bere lokarri politikoa gehitzen badiogu, unibertsitatearen ateak berarentzako erabat itxita gelditu ziren. Bigarren aldiz 1959an aurkeztu zen baina orduan alderkidike sozialista izanagatik atxilotuta aurkitzen zen eta ez zegoen aldeko emaitzarik lortzeko aukerarik.

Martin-Santosen parte-hartze politikoaren jatorria intelektualaren bere gizarte inguruarekiko inplikazioari buruzko Sartreren ideian datza. Kontzeptu horrek bere ekintza intelektual guztia isurtzen du, bere psikiatria alorreko jarrera hartzeak barne. Luis Martin-Santos, 1955 inguruan, Miguel Sánchez-Mazas-ek, Victor Praderak, Juan Manuel Kindelánek, Francisco Bustelok eta Mariano Rubiok, besteak beste, osatutako Unibertsitate Elkarte Sozialistarekin harremanetan jartzen da. Urte batzuk geroago, Antonio Amat Maizen bitartez, PSOErekin erabateko uztartzea ematen da, berehala alderdiaren batzorde exekutiboaren zati izatera iritsiz. Lehen aldiz Iruñan 1956ko martxoaren erdian Juan Benet, Luis Peña Ganchegui, Alberto Machimbarrena eta Vicente Girbaurekin batera atxilotu zuten. Bigarren atxiloketa 58ko Azaroan egitura sozialista guztiaren erorketa nagusiaren inguruan gertatu zen, ehun atxilotu inguru izanik. Pertsonarik esanguratsuenak honako hauek izan ziren: Madrilen, Antonio Amat, Jose Federico de Carvajal eta Antonio Villar Maso; Bartzelonan, Joan Raventos, Francesc Casares eta Joan Rion eta Donostian, Vicente Urkola (psikiatra ere), Luis Martin-Santos eta Joaquin Pradera. Aske utzi zituztenetik aurrera, bigarren atxiloketa horren ondoren, bere heriotza tamalgarrira arte, etenik gabe zainpeko askatasuna izan zuen, Donostiara mugatuta, eta beraz hiri horretatik kanporako edozein irtenaldi poliziari jakinarazi behar zitzaion, zegokion baimena eman zezan. Donostiar sozialisten muina "Martin de Larumbe" ezizendun Joaquín Praderak, "Martin de Olave" ezizendun Alberto Machimbarrenak, "Mateo Ansola" ezizendun Vicente Urkolak eta "Luis Sepulveda" ezizendun Luis Martin-Santosek osatutakoa zen. Ezizen hori izan zen Martin-Santosek Tiempo de silencio 1961eko "Pio Baroja" eleberriaren Sarira aurkeztu zuenean. Eurekin batera, Carlos Corcuera eta Valentin Suso sozialista donostiarrak ere parte ziren, isilpeko batzarrak azken horren helbidean, Loiola auzoko 16 zenbakidun "Sierra de Aralar" kalean izaten zirela.

Zeregin politikoak alde batera utzita, erarik eraginkorrenez parte hartu zuen gipuzkoar kultura-eremu biak Academia Errante eta Asociacion Artística de Guipúzcoa izan ziren.

Academia Errante izenekoa kultura arlo ugariri buruzko eztabaida eta mintzaldi izaten zituzten ideologia desberdindun, sozialistak, abertzaleak, komunistak, euskal intelektualen batzarrak izaten ziren. Batzar haietako meritua Angel Cruz Jaka Legorburu langile nekaezin eta guztien arteko lokarri zenari dagokio. Azkenean, Ordena Publikoaren Epaitegiaren gerizpe ilunak, garai horretan Meliton Manzanas komisarioak ordezkatua, batzar horiek suntsitu egin zituen. Martin-Santosek batzarrotatik hirutan parte hartu zuen: "Lope de Aguirre descuartizado", "Sobre la generación del 98" eta "Homenaje a José Miguel de Barandiarán". "Sobre la generación del 98" hitzaldiaren inguruan bere gaia "Baroja y Unamuno" izan zen (www.euskonews 0372zbk/gaia/37204.es.htm) eta, egile horietan oinarrituz, Martin-Santosek era esplizituan bere "Errealismo dialektikoa" izeneko kontzeptua azaldu zuen, hau da, bere literaturarekiko teoria pertsonala.

Gipuzkoako Arte-Elkartean bere parte-hartzea, funtsean, 60tik 62ra bitartekoa da. Jose Luis Munoa Roiz Dr.ak hitzaldiei elkarrizketa publikoak jarraipena ematen zien Madrilgo Ateneoko esperientzia Donostiara eraman nahi izan zuen . Horretarako Enrique Múgica Herzog, Jose Ramon Recalde eta Luis Martin-Santosen baldintzarik gabeko laguntasuna izan zuten. Garai hartan, mota horietako hitzaldiak erabat berritsuak izan ziren eta aretoak gainezka izaten ziren, eskaileretan eta sarrerako ateetan ere jendetza izanik. Zantzu aurrerakoia edota opresio politikoari kritika egitea zekarren edozein gauzak Elkartean tokia zeukan. Ekintza horiek Gobernu Zibilean artegatasuna sorrarazi zuen, Hirutasunaren enparantzako egoitza txikira joan zedin polizia bat bertara igorriz. Hitzaldi guztiak gai artistikoei buruzkoak izan beharra zuten une horretatik aurrera izan zen Martin-Santosen partaidetza zuzena izango den garaia, hurrengo hiru hitzaldi hauek emanez: "Fenomenología en la obra de arte", "La función expresiva en la obra de arte" eta "La obra de arte como instrumento de modificación". Azken hitzaldi horretan ekimen instintiboen egikari bezala artearen izanaz hitz egin zuen eta artelanen betekizun sakratugabetzaile eta sakro-genetikoaz jardun zuen, eleberrigileak gizartean duen zeregina, bidegabearekiko kritika zorrotzaren bitartez suntsipena dela adierazi nahiez, aldi berean bihar etziko idatzi sakratuak osatzera etorriko liratekeen mito berrien eraikuntzan lanean arituz. Kontzeptu horiek guztiak "Errealismo dialektikoa"ren bere literatura-teoria zabaldu eta osatzen dute, gai horri dagokion azalpena Baroja eta Unamunori buruz Academia Errante izenekoan berak emandako hitzaldi baten hasitakoa izanez. Literatura teoria hori guztia berregitea ezinezko lana da. Martin-Santos, urratsez urrats eta premiarik gabe, kontzeptu hori biribilduz zihoan, baina bere heriotza goiztiarrak bere osotasunean ezagutzea eragotzi egin digu.

Martin-Santos mundu osoan ezaguna baldin bada bere Tiempo de silencio eleberriari esker da. Eleberri horretan guda osteko espainiar literaturaren berriztatzea dagi, "gizarte errealismoa" "askatasunaren distira" bereziki nabarmendu nahi zuen errealismo konprometituan, ardura estilistiko gehiagorekin baina, bihurtuz. Eleberri horri buruz oso gutxi ezaguna den arlo historikoa bere argitalpenaz aurretiko gorabeherak dira. Donostian 1961ean kaleratutako "Eleberrirako Pio Baroja I Sarira" aurkeztua izan zen. Ekimena literaturan zaletasuna zuten donostiar eta gipuzkoar gizatalde batengandik sortua izan zen, hiriari ospea ematearen helburuz. Hiritar altruista horiek Elvira Gallurralde, Jose Maria Merino, Antonio Nabal, Faustino Marquet eta Eugenio Altuna izan ziren. Bostak Estatuko hiriburuko pertsonalitate birengana sariaren ospea gehitzekotan jo zuten: bata, Baroja pertsonalki ezagutu eta gure guda zibilaren hasiera izatean Don Pio Frantziara atzerriratu zenean Barojarekin berarekin bizi izan zen Miguel Perez Ferrero eta, bestea, Indice literatura aldizkariko Zuzendaria zen Juan Fernandez Figueroa. Hautaketa ez zen guztiz egokia izan, Epaimahaiko bi kideotariko batek, euren lagunen bati mesede egitearren edo, saria Luis Martin-Santosentzako izango zenaren albistea, erabat gezurrezkoa zena, propaganda sozialista egitearen helburuz iragarri egin zuen. Toki- eta lurralde-agintariek, informazio hori jasotzean Epaimahaiarengan presio jakin batzuk egin zituzten. Azkenean saria eman gabe gelditu zen. Historia tamalgarri eta sinestezin horrek Eleberrirako "Pio Baroja" bigarren sarirako deia egitea eragotzi egin zuen. Donostiak, horrela, bere eleberrigile garrantzitsuenetariko bat saritu eta lehiaketaren sarituen zerrenda Tiempo de silencio izeneko eleberri sarituarekin hasteko aukera galdu zituen.

Bere bizitzak eta bere inguruan ziren batzuenak amaiera tragikoa izan zuen, 1963ko martxoaren 3an bere emaztea, Rocio Laffon, hil egin zen gas isuri baten ondorioz. Emazteak 33 urte besterik ez zituen. Ezbehar horretatik urte bete igaro ez zela, Gasteiz inguruan gertatutako zirkulazio istripu baten ondorioz Luis Martin-Santos hil egin zen. 1964ko urtarrilaren 21a zen. Bere heriotzaren ondoren, aitorpenik egin zuen ala ez eta lur sakratuan lurperatua izan zitekeen ala ez zitekeenari buruzko eztabaida izan zen. Bestalde, Martin-Santosen zein autoan berarekin joan zen Francisco Ciriquiainen sendiek, gorri batzuk izateaz gainera infernuetara kondenatu zirena adieraztera ematera zetozen dei anonimoak jaso zituzten.

Luisen heriotzaz geroztik, bere Libertad, temporalidad y transferencia en el psicoanálisis existencial bigarren psikiatria liburua argitaratu zen. Liburu horretan bere oldozmen psikiatrikoaren garapena ikus daiteke. 1956. Urtetik aurrera psikologia sakonaz eta Freuden lanaz jabetu zen, psikologia teknika terapeutiko bezala bereganatuz, Sartreren ikuspegitik baina. Martin-Santosek gizakiaren heldutasuna eta buru-osasuna pertsonak parte hartzen duen historiarekin duen konpromisoarekin parekatu nahi zituen.

Urte batzuk geroago argitara eman ziren bere amaitu gabeko Tiempo de destrucción eleberria eta Apólogos kontakizun-sorta. Euretatik batek ere ez du literatura eremuan oihartzunik izan. Oraintsu, 2004an, liburu berri bi argitaratu dira: La psiquiatría existencial bilduma Condenada belleza del mundo kontakizuna.