Kontzeptua

Kultura exogenoak Euskal Herriko festetan

Zuberoako maskaradan, kopla batzuk ondoko Biarnoko gaskoian kantatzen ziren, handik omen baitzetozen langile ibiltari zenbait; hala nola, zorrotzaileak, kauterak eta irentzaileak. Asmoa, haatik, ez zen izaten antzezpen historikoki albait fidelena erdiestea, bertsoen eta jokamoldeen irrigarritasuna areagotzea baizik, bai eta zuberotarren nortasuna berrestea ere, ondoan zegoen baina desberdina zen auzoaren aurrean.

Errioxan, Arnedon, irailaren 26an San Kosme eta San Damian patroien jaia ospatzen da. Komunitate gisa beren burua berresteko, hizkuntza eta tradizio kultural bereko auzo nafarrarekin aurkakotasun joko bat gauzatzen dute. Dena den, honetan ez dago oso garbi zein den "bestea": Erriberako nafarrak doaz Arnedora eta prozesioan daramatzate santuak, anden gainean. Gero, arnedotarrek lapurtu zizkietelakoan, santuak berreskuratzen eta eramaten ahalegintzen dira, hitzez lehenik, bultzaka gero. Azkenean geldiarazten dituztelako, "hurrengo urtera arte" amore eman eta gero jaiak adiskidetasun giro ederrean jarraitzen du.