Kontzeptua

Kultura exogenoak Euskal Herriko festetan

Bestalde, ijitoak irudikatzeko, ijitoek berek baino, autoktonoek sortu eta antzezten dituzte zenbait ekintza folkloriko, betiere oso modu estereotipatuan, bai behintzat halako pertsonaia koreografikoak dokumentatzen direnez geroztik. Ezagunenak Donostiako inauterietako kaldereroen konpartsak dira (tradizio gutxiagorekin, baina baita Irungo inauterietan ere), Hungariako zingaroak direlakoan. Halaber, kauterak, buhameekin batera, Zuberoako maskaradako pertsonaia "beltzak" dira, zikinak, zabarrak, lizunak.

Batzuetan, irudikatutako kolektibo exogenoak ez du presentzia fisikoa ere izan Euskal Herrian. Zuberoako pastoraletan, oso kodetutako antzezpenak baitira, pertsonaia guztiak bi bandotan lerrokatzen dira; "turkenean" edo kiristienean. Mairuen festetan edo juduekiko aipamenetan ere, halakoek gehiago dirudite "bestearen" prototipoa ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka alegorikoetan, ezen ez kolektibo erlijioso eta kultural haien oroitzapen historikoa.

"Judua" ez da euskal folklorean ohiko pertsonaia. Nafarroa erdialdeko inauterietan, adibidez ez zen hezur-mamizkoa, erretzen zen panpina baizik: Juda, antonomasiazko traidorea. Abartzuzan haren ondoan andrea ere agertzen zen Judesa, tradizio biblikoan ez dagoen pertsonaia. Hortaz, eta izenarengatik ere bai, pentsatzekoa da gehiago irudikatzen zutela Jainkoa hil zuen herri judutarra, etnia hartako indibiduo zehatzak baino.

"Mairua" ere ez da pertsonaia, estereotipoa baizik. Bidasoaldeko inauteri batzuetan biziraun dute "mairuek", nahiz eta haien janzkerek eta koreografiek gehiago gogorarazi kaskarotak, erlijio islamikoko etnia bat baino. Pertsonaia mitikoak bezala, ez dira kristauaren parean "beste" musulmanen gisa agertzen, jentilen edo basajaunen era berean baizik; hau da, kristautasunaren aurreko, ez geroagoko, mitologia bateko erraldoien antzera. Seguruenik hauxe da Nafarroako Torralba herriko Juan Lobo "mairuaren" kasua ere, XVI. mendeko bidelapurra ustez, zeinaren harrapaketa ekainaren 24an, San Joan egunean, ospatzen den: aurpegi belztu izana ez da bakarrik mairuen ezaugarria, beste basati zenbaitena ere bai. Janzkerak berak, larruek, huntzek eta iratzeek osatuta, Pirinioetako inauterietako hartzak ekartzen ditu gogora... edo Olentzero, solstizioko pertsona berau ere, belztua eta basotik datorrena.

Gutxienez Zugarramurdin 1610 arte San Joan egunean ospatzen ziren mairuen eta kristauen arteko borrokak ere ongiaren eta gaizkiaren arteko lehian ulertu behar dira, edo behintzat "norberaren" eta "bestearen" artekotzat hartu, Nafarroa iparraldean ez baitzen sekulan kolektibo moriskorik izan. Goian aipatutakoarekin lotuta, herri berean Burdin Aroko harrespilak "mairubaratzak" deitzen dira (baratzak, kristauen aurreko hilobitzat ulertuta). XVI. mendearen bukaeran Irungo San Pedro eta San Martzial festetako errege mairu, errege kristau eta enperadore figurak ere berdintsu ulertu behar lirateke. Herri berean, 1707an kontzejuak agindu zuen San Pedro egunean (alarde militarrak egiteko egunean) gizonezkoek bi konpainiatan ibili behar zutela: bata zen espainiarrena, eta bestea, turkoena.

Mairuaren figura "bestearen" zentzu historikotik; hots, Iberiar Penintsula inbaditu zuen musulmanarengandik hurbilen dagoen tokia Antzuola da, Gipuzkoan: ahozko tradizioari jarraiki, antzuolar konpainia batek 920. urtean Junkariako batailaren ondorengo borroketan parte hartu zuen, eta etsaiari bandera bat kendu zion. Uztaileko hirugarren larunbatean antzezten da errege mairuaren askapena, betiere lurraldea berriro inbadituko ez duela zin egin eta gero. Antzezpen honen lehendabiziko albisteak XIX. mendearen bukaerakoak dira, eta soldaduskan ari ziren herritar mutilek protagonizatzen zuten. Dena den, beharbada jaiaren jatorria, edo behintzat gaur egun ezagutzen dugun antzezpen mota (nahiz eta duela hamarkada batzuk, eta berriro eta bereziki XXI. mende hasieran nabarmen aldatu, non jokabideak eta hizkerak leundu eta elkarbizitzaren aldeko esanahiak gehitu diren), ez datza Penintsulatik egotzi aurreko komunitate musulmanengan. Marokoko gerra kolonialak zirela kausa, "mairuaren" estereotipoa berrindartu zuten, lehenik Tercios Vascongados delakoek XIX. mendearen erdialdean, eta geroago XIX. mendearen azken laurdenean eta XX.aren lehen herenean espainiar armadan integratutako euskaldunek. 1888an Bermeon egindako argazki zahar baten partaideen janzkerek hala iradokitzen dute: mairuekiko borrokak ez zitzaizkion Antzuolako aspaldiko tradizioari soilik lotzen, gerra kolonialen irudikapena ere baziren.