Kontzeptua

Komisario bidezko testamentua

FBko 289. legeak honela definitzen du konfiantzazko jaraunspena: figura horren arabera, testamentugileak jaraunsle bat edo hainbat izendatzen ditu eta ahalmena ematen die jaraunspen osoaren edo zati baten ardura hartzeko eta konfidentzialki idatziz edo hitzez emandako jarraibideak betez jaraunspena xedatzeko. Beraz, oinordetzako fiduzia mota bat da erakunde hori (hala adierazten du 151. legeak), oraindaino azaldu diren fiduziario-komisarioekin alderatuz berezitasun propioak baldin baditu ere.

Konfiantzazko jaraunspenaren benetako muina zehazten duten elementuak, oroz gain, hiru hauek dira (CÁMARA LAPUENTE): Lehena: konfiantzazko enkargu horren edukia berez isilpekoa izatea. Komisarioaren kasuan, aldiz, bere zereginaren edukia publikoa eta ezagutzen den zerbait da, izendapena egin den dokumentuan zehatz-mehatz garatua ez baldin badago ere, moldaera eta baliatzea haren borondatearen esku uzten baita.

Bigarrena: komisarioaren ondoan, aukeratzeko askatasuna edo ondasunak banatzeko erabakimen edo ahalmen urriak ditu konfiantzazko jaraunsleak. Azken horrek, isilpeko aginduak (berak bakarrik ezagutzen dituenak) bete behar ditu eta, ondorioz, testamentugile beraren borondatea burutzera mugatu behar du; komisarioak, ordea, muga gehiago edo gutxiagoekin, de cuius delakoaren borondatea ordeztu eta berak aukeratzen du oinordekoa horretarako duen ahalmena baliatuz. Testamentugilearen borondatea exekutatzea da konfiantzazko jaraunslearen zeregina eta, konfiantza horren oinarria, izendatuaren leialtasuna da, bete behar dituen aginduak inork ezin baititu fiskalizatu. Aitzitik, fiduziario-komisarioaren gain dagoen konfiantza, ustez zentzu zuzena duen norbaitengan jartzen da.

Hirugarrena: konfiantzazko jaraunsleak ondareko esleipena jasotzen du, eman zaion jaraunsletza edo ondasunen jabe gisa agertzen baita besteen aurrean. Komisarioa, berriz, ez da titular edo dominus gisa azaltzen; besterik gabe, beste norbaiten ondarea xedatzeko legitimazioa duen subjektu gisa azaltzen da, aurrez kausatzaileak horretarako eman dion eskuordea baliatu eta hartara oinordetza-prozesua burutzeko.