Kontzeptua

Komisario bidezko testamentua

Orain, EHFLak eta FBak erakunde honi buruz ezartzen duten eraentza juridikoaren alderdi garrantzitsuenak azalduko dira. Baina, abiatu aurretik, "testamenturako ahalordea" eta "komisario bidezko testamentua" esapideei buruzko ohar bat egin behar da, izan ere, Bizkaiko zuzenbidean oso errotua baldin badago ere, gainerako ordenamendu zibiletan, apropos, ez dira erabiltzen. Zergatik gertatzen da hori? Bada, komisarioa Bizkaiko Foruan bakarrik aritzen da kausatzailearen ordezkari post mortem gisa, hau da, de cuius delakoaren testamentua egiten duen norbait da, hura hil ostean haren oinordetza ordenatzen duenean. Hala eta guztiz ere, ideia hori, teknika juridiko zorrotzean, ez da oso zorionekoa, izan ere ezinezkoa baita hildakoaren ordezkaritzan testamentua egitea, hau da, hildakoa jadanik ez baita existitzen eta, ondorioz, eragin zibiletarako bere nortasuna iraungi baita jada. Komisarioak parte hartzen duenean hau gertatzen da (bizkaitarra bada ere bai): modu konplexuan eta bi gisa-borondateren bidez hedatzen da herentzia; alegia, batetik kausatzaileak eskuordetza ematen du, oinordetza ordenatzeko eta ondareaz xedatzeko lehen egintza bat dago, zeinaren ondorioz testamenturik gabeko delazioa saihestuko den, eta, bestetik, komisarioak emandako xedatze-egintza dago, oinordetzako prozesua burutzen duena. Azken egintza hori, ordea, besterena den ondarearen gain erortzen bada ere, izaeraz fiduziarioak berak bere izenean egindako egintza da, hori egiteko legitimazioa baitu, noski, aurretik eman den baimen haren arabera (ASUA GONZÁLEZ).

Gipuzkoako Foruak, lurraldean ohituraz jarraitu den praktikan oinarrituta, komisarioa hautatzeko aukera subjektuaren arabera murriztu eta ezkontidera mugatzen duen bitartean (EHFLko 164.1 art.), Bizkaikoak (EHFLko 32. art.), Aiarakoak (EHFLko 140. art.) eta Nafarroakoak (FBko 281. art.), aitzinean gertatu ohi ez bezala, beste ezein pertsonengana ere zabaltzen dute, familiakoak izan ez arren.

Izendagarri diren subjektuen eremua zabaltzeko erabakia erabat zilegi dela jo behar da, agian Aiarako kasuan izan ezik: podere osoko gozamenak, erakunde moduan berez, xedatzeko ahalmena eskuordetzearekin batera, jaraunsletzako ondasunez gozatzeko eskubidea darama hain zuzen ere, historikoki, gozamena eta fiduzia batera joaten zirelako ezkontideari esleitutakoan. Baina, oinordetza ordenatzeko enkargua alarguna ez den beste norbaiti emateko aukera errekonozitu ostean, fiduzia horrekin batera beti eta kasu guztietan jaraunsletzaren gaineko usufruktua fiduziarioaren alde esleitzeak zentzu gehiegirik ez du, edo batere ez, edonolakoa delarik ere bere egoera eta kausatzailearekin duen harremana (ANGOITIA GOROSTIAGA).

Askoz ere zuzenagoa da (eta figuraren ohiturazko jatorriarekin bat egiten duena), ildo honetan, Bizkaiko zuzenbidea. Bertan, komisario izendatua izan den bizirik geratutako ezkontideak bakarrik (testamentugileak kontrakorik xedatzen ez badu behintzat) izango du jaraunsletzaz gozatzeko eta aprobetxatzeko eskubidea "sin obligación de prestar fianza" (EHFLko 105. art.). Kontuan izan, Lur Lauan, elkar komisario izendatzeko aukera dutela ezkontideek; horri deitzen zaio, hain justu, alkar-poderosoa (EHFLko 33. art.).

Izendapena, bukatzeko, testamentuan (notario aurrekoan, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan) edo eskritura publikoan egin behar da. Eskritura hori izan daiteke, edo ezkontzako kapitulazioei buruzkoa, edo baita oinordetza-ituna jasotzen duena ere (EHFLko 33 eta 165. artk., eta FBko 281. legea).

Hasteko, Bizkaiko Foruak, oinordeko izan daitezkeenen multzorik, gero hortik komisarioak aukeraketa egin behar izanik, zehazteko zamarik ez dio esanbidez ezartzen kausatzaileari. Izendapenari dagokionez, EHFLa (44. art.) hau aurreikustera mugatzen da: boterea baliatzeko eperik ez bada zehaztu, epea urte betekoa izango da kontatzen hasita testamentugilea hil zenetik, edo hura hil zeneko adierazpen judiziala eginez geroztik, ustezko oinordeko guztiak adin nagusikoak badira. Baina, arau horri jaramon gehiegirik egin gabe ere, halako zamarik badela (alegia, de cuius delakoak fiduzia baliatzeko eremu subjektibo bat zehaztu behar duela) defenda daiteke logikak berak ematen dituen oinarriekin: pentsatu, bestela, kausatzaileak bere oinordetza ordenatzeko izan behar duen erantzukizuna erabat besteren esku utziko lukeela eta kausatzaileak, noski, bere mortis causa traktuaren gidaritzan parte hartzerik eskatu behar zaio, hein batean behintzat; eta gutxieneko parte hartze hori, komisarioa izendatzeaz gain, oinordeko posibleak ere izendatzea izango da hain zuzen ere (ASUA GONZÁLEZ). Baina, figura hori historian familiaren argitan sortu zela kontuan izanik, Bizkaiko zuzenbideak aipatze bidez argi eta garbi jarri gabeko betekizun hori alboratu daiteke kasu honetan: senipartea edo tronkaleko ondasunak jasotzeko eskubiderik baduten ahaideak uzten baditu kausatzaileak hiltzeko garaian, orduan ulertu behar baita fiduziarioak ezingo duela inoiz ere zati askea (hau da, senipartea ez dena) edo tronkalekoak ez diren ondasunak arrotzen alde erabili. Mota horretako xedapena (hau da, familiaren barruan ez dauden subjektuen aldekoa) onartzekotan, onar daiteke bakarrik komitenteak aipatze bidez adierazten badu zein talderen barruan egin behar den aukeraketa. Aiarako eta Nafarroako ordenamenduetara ere zabal daiteke ondorio hura, antzeko gabetasuna dutelako (ASUA GONZÁLEZ eta ANGOITIA GOROSTIAGA).

Gipuzkoako foru zibilak, aldiz, komisarioa izendatzea baliozkoa izateko, hau eskatzen du: edo kausatzaileak pertsona multzo bat izendatzea horien artean oinordeak izenda daitezen, edo halakorik izendatu ez eta kausatzaileak nahitaezko jaraunsleak utzi izana (EHFLko 164.2 art.). Azken hipotesi horri buruz zehazten du, gainera, komisarioak izendatu beharko dituela oinordekoa edo oinordekoak kausatzailea hil den unean nahitaezko jaraunsle diren pertsonen edo horien ondorengoen artetik, derrigorrez, nahiz eta aurreko ahaideak oraindik bizi eta ondorengo horiek fiduzia-emailearen heriotza ondoren jaiotakoak izan. Azken aurreikuspen horrek, helburutzat, onuradun izan daitezkeen taldea handitzea du, horrela baserrirako oinordekorik egokiena aukeratzea errazteko. Baina, edozein kasutan, konturatu nola, de cuius delakoak zehazten ez badu eta nahitaezko jaraunslerik egon ezean, komisarioa izendatu izana eraginik gabe geratuko dela. Modu horretan, oinordetza ordenatzeko erantzukizun osoa besteren -komisarioaren- eskuetan erabat uztea eragozten da.

Komisarioaren ahalmenak eta betebeharrak

Karguaren izaera dela eta, kausatzaileari dagokio beti komisarioak bere zeregina nola eta zeren arabera bete behar duen zehaztea; hala ere, adierazpenik egin ezean, eskuorde emaileak izango zituzkeen ahalmen berberak izango dituela ulertuko da (EHFLko 35 eta 166.2 artk. eta FBko 151. legea). Bizkaiko Foruan, esate baterako, komisarioak oinordeko edonor izenda dezake, beti ere tronkalitate-printzipioak eta senipartearen ukiezintasuna errespetatuz (gogoratu, dena den, umerik eta ondorengorik baldin badago, testamentugilearen esanbidezko baimenik gabe ezin duela arrotzen alde ezer xedatu, ezta zati askea ere), ondasunak nahi bezala bana ditzake (bai titulu singularrez, bai titulu unibertsalez), baztertzeak egin ere, zamak eta ordezpenak ezarri (legezko mugen barruan), ondasuntza banatu, eta abar (CELAYA IBARRA). Hala eta guztiz ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuzenbidearen arabera, komisarioak ezingo luke errebokatu de cuius delakoaren testamentua, ez osorik ez zati batean, horretarako espresuki baimendua izan ez balitz (EHFLko 37 eta 166.2 artk.).

Ordenamendu horietan bietan, bestalde, kausatzailea hil (edo epaileak hildakotzat jo) eta sei hilabeteko epean (EHFLko 167. art., Gipuzkorako) edo izendatua izan dela jakiten duenetik (EHFLko 36. art., Bizkairako), komisarioak oinordetzan dauden ondasun, eskubide, karga eta zor guztien inbentarioa egin beharko du. Oinorde izan daitezkeen pertsonentzat, inbentario hori oinarrizko berme bat da, hain zuzen ere ondasuntza osatzen duten ondasunak zein diren jakinda, beti ere zailagoa izango baita jaraunsletzako ondasunak "xahutzea edo desagerraraztea". Horregatik, hain zuzen, arau biak izaeraz aginduzkoak edo bete beharrekoak dira; eta, Gipuzkoan, inbentario hori eskritura publiko bihurtzeko ahalmena ematen zaio oinordeko izan daitekeenari.

Komisarioak behin betiko onuradunak aukeratzearekin jaraunspena esleitzen ez den bitartean, jaraunspenak titularrik ez duela ulertu behar da, hau da, iacente egoeran dagoela jaraunspena. Aldarte horretan azaltzen den arazoa da erabakitzea ea nork hartu behar duen jaraunsletza administratzeko eta kudeatzeko ardura: bada, komisario izateari ez zaio lotzen beti zeregin hura, ez Bizkaian ez eta Gipuzkoan (EHFLko 40 eta 168. artk.), eta horregatik hain zuzen ere zeregin hura fiduziarioak izango du kausatzaileak aipatze bidez bestelakorik borondatez adierazten ez duenean eta ezkontide alargunik ez dagoenean ere bai (Lur Lauan bederen). Nafarroan, ordea, jaraunspena administratzeko ahalmena fiduziarioak du, baina beti ere kausatzailearen ezkontidea edo aurre-ahaidea baldin bada fiduziarioa. Aldiz, fiduziarioak beste norbaitzuk baldin badira, orduan, eragin horietarako, deituen artean jaraunspen-erkidegoaren erregelak aplikatuko dira (FBko 287. legea).

Epea

Komisarioak, bere betekizuna, eskuorde emaileak zehaztu dion epean burutu beharko du bere betekizuna. Bizkaian, eskuordekoa alarguna balitz, eperik gabe edo bizialdirako eman diezaioke (EHFLko 44.I art.). Gipuzkoako Foru zibilean ere, komisarioa ezkontidea balitz, horren "bizitza guztira" zabal diezaioke emaileak betekizuna burutzeko epea, baldin eta aldi berean ondasuntzaren biziarteko gozamena ere eman badio (EHFLko 169.1 art.); argi gera bedi, hain epe luzea emateak zentzua duela, zehazki, zamatutako ondasunei dagokienez bakarrik. Ez bada ezer adierazi, epea urtebetekoa izango da kausatzailea hiltzen denetik edo epaileak hildakotzat jotzen duenetik hasita, oinordeko izan daitezkeen guztiak adin nagusikoak badira edo burujabeturik badaude; bestela, oinordekorik gazteenak hemezortzi urte betetzen dituenetik edo burujabetzen denetik hasita (EHFLko 169.2 art.). Bizkaiko Foruak, bere aldetik, ordezko gisa epe berbera ezartzen du, baina kontaketa hasteari dagokionez, askoz ere zorrotzago jokatuz: deitutakoak adin nagusira iritsi arte atzeratzen da epea kontatzen hasteko eguna eta "burujabe egitea ez da nahikoa izango horretarako" (EHFLko 44.II art.).

Oinordeak aukeratzeko bideak

Gipuzkoako (EHFLko 170. art.) eta Nafarroako (FBko 286. legea) Foru zibilek, komisarioak fiduzia balia dezan, bi bide ematen dituzte: eskritura publikoa eta haren testamentua. Lehen kasuan, komisarioak egindako ordenazioak berehala sortuko ditu eraginak eta errebokaezina izango da; bigarrenean, berriz, eraginak hura hil artera atzeratuko dira eta, jaraunslea nor izango den izendatzea, bizi den artean alda dezake2. Baina, fiduziarioak, bere testamentu partikularrean, bere oinordetzaz gain, de cuius delakoaren oinordetza ordenatzeko eman zaion epeak ezin du izan agindua betetzeko eman zaion epea baino laburragoa eta, gainera (Gipuzkoako ordenamenduari dagokionez), ezkontide-komisarioak bere bizitza osorako gozamenean dituen ondasunak izan behar dute.

Bizkaiko (46 eta 47. artk.) eta Aiarako (140. art.) Foruek ere, "testamentu-poderea" edo podere osoko gozamena baliatzea baimentzen diote komisarioari inter vivos edo mortis causa egintza bidez. Hala ere, Bizkaiko ordenamenduak egintza horiei (bereziki azkenekoei) esleitzen dizkien eraginak eta izaera hobeto ulertzeko, gogora ekarri behar da, istant batean, figurari buruz hark duen kontzepzio berezia: gogoratu behar denez, gorputz juridiko horren arabera, kausatzailearen ordezkari post mortem antzeko bat da komisarioa eta, beraz, oinordetza testamentu bidez ordenatzea erabakitzen badu, berez de cuius delakoaren testamentua egiten du. Abiapuntu horrek ondorio bereziak sortzen ditu, Nafarroako eta Gipuzkoako zuzenbideetan agertzen ez direnak, hauek hain zuzen ere: lehenik, testamentuko xedapenaren eragina berehalakoa da, eman duena hil arte itxaron beharrik izan gabe; eta, bigarrenik, modu horretan egindako izendapena izaeraz errebokaezina da. Bizkaiko Foru zibilak, alargunari bakarrik ematen dio aukera bere testamentuan gauzatzeko hildakoak emandako testamentu-poderea, eta, kasu horretan gainera, oinordekoa izendatzeak -komisarioak, aipatze bidez, bestelakorik adierazi ezean-, berehalako eragina sortuko du eta errebokaezina izango da (EHFLko 46.II art.).

Kargua iraungitzea

Xehetasun batzuk gora-behera, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru zibilek, fiduzia iraungitzeari buruz, kausa berdinak jasotzen dituzte eta horiek, mutatis mutandis, Aiarako eta Nafarroako ordenamenduetara ere zabal daitezke (FBko 288. legea). Hauek dira (EHFLko 48 eta 171. artk.):

  1. Lehena: horretarako ezarritako epea bukatzen bada.
  2. Bigarrena: komisarioaren geroztikako heriotza, ezintasun edo ezgaitasuna gertatzen bada; kausa hori erabat logikoa da, kargua izaeraz txit pertsonala delako (ikus EHFLko 39. art.).
  3. Hirugarrena: ezkontidea bada komisarioa, ahalordea eman ondoren banantzeko, dibortziatzeko edo ezkontza deuseztatzeko demanda aurkezten bada; fiduziak oinarrian duen konfiantza apurtzen baita, horrelako demandak agerian jartzen duenez.
  4. Laugarrena: komisarioa geroztik ezkontzen bada edo gertatzez ezkonbizitza egiten badu, kausatzaileak espresuki aurkakoa adierazi zuenean izan ezik. Kausa honek badu arrazoia, izan ere aurrez aurre dauden interesak egon baitaitezke eta orduan zaila da komisarioaren inpartzialtasuna bermatzea (CELAYA IBARRA).
  5. Bostgarrena: uko eginez gero.
  6. Seigarrena: komisarioa kausatzailearekiko edo haren ondorengoekiko oinorde izateko ezduintasuna dakarren kausaren batean sartu bada; horiek Kode Zibileko 756. artikuluan daude bilduta.
  7. Zazpigarrena: ahalordean bertan aurreikusitako kausez.
  8. Zortzigarrena: errebokazioz.

Kontuan izan behar denez, komisarioak bere enkargua burutu izan gabe iraungitzen bada fiduzia (edo zati bati dagokionez bakarrik burutu izan badu), jaraunsletza osoa (edo zehazki esleitu gabeko zatia) esleitu beharko da abintestato-delazioari buruzko erregelen bidez. Hala eta guztiz ere, Nafarroan, FBko 288. legeak hainbat alternatiba aurreikusten ditu fiduziarioak bere zeregin nagusia burutzen ez duenena zer egin erabakitzeko. Hauek hain zuzen: lehena, subsidiarioki fiduzia Ahaide Nagusiek egikaritzea, eta, bigarrena, lehena posible ez balitz, umeetan zaharrenak eskatzea "deklaratua izan dadila jaraunsle" edo, umerik egon ezean, zentzu berean egin dezakeen eskaera "etxean bizi diren gainerako ondorengoetatik zaharrenak, beti ere baztertuak izan ez badira edo errenuntziarik ez badute egin". Jaraunsle deklaratzea inork eskatu ezean bakarrik irekiko da legezko oinordetza.

2Xedatzeko egintza, bere kasuan, eskritura publikoan jasotzea ez da ulertu behar dohaintza bat denik: gogoratu komisarioak beste norbait oinordetza ordenatzen duela eta, ondorioz, egintza hura izaeraz beti mortis causa izango da. Horrekin adierazi nahi dena da, bereziki, komisarioak fiduzia baliatzen duenean aldebakarreko borondate-deklarazioa egiten duela, besterik gabe, eta, beraz, onuradunak onartzea ez dela beharrezko betekizuna egintzak eraginak sortzeko (hala izango litzateke dohaintza izan balitz). Azken batean, jaraunsleak (edo legatudunak) onartzea ez da xedatze-negozioa baliozkoa izateko betekizuna, jaraunsletza-eskubideak eskuratzeko bide hutsa besterik ez baita.