Kontzeptua

Komikia Euskal Herrian

Eguneroko prentsatik at, euskal komikiak Europan historikoki nagusi izan diren formatu berdinetan argitaratu dira, hau da, haurrentzako aldizkarietan batik bat, eta albumetan, aparteko izenburu gisa. Hirurogeiko hamarkadan espainiar merkatuan izandako beherakadaren eragina pairatu zuten bi formatuek. Komikia kioskoan produkturik kutunena izatetik, oparoa eta komertzialki egonkorra -eskaintza umore aldizkariz eta abenturetako liburuxkez osatzen zen gehienbat-, ia osorik desagertzera igaro zen, paperezko materialaren kontsumo-eredu berriei egokitu ezinik.

Espainiar komikien urrezko garaietan ere -hots, 50eko eta 60ko hamarkadetan-, euskal komikien bizitza galkorra izan zen. Izan ere, publiko hartzailea Euskal Herriari eta euskarazko irakurleei mugatzen zitzaionez, ez ziren bideragarriak. Dena dela, denbora batez biziraun zuten, askok -euskara galduko zen beldur- hizkuntzari babesa eman baitzioten. Hurrengo urteetan, erakundeek argitalpenei ematen dizkieten laguntzen itzalean jardun behar izan du.

Dena dela, izan ziren zenbait saiakera aitzindari, esaterako: gutxi iraun zuen Poxpolin hileroko aldizkaria (1935-1936) eta Pan-Pin haurrentzako gehigarria (1960-1969), Zeruko Argia aldizkariak aldian-aldian argitaratzen zuena. Franco hil eta denbora gutxira, 1977an, Ipurbeltz haurrentzako aldizkaria agertu zen, eta biziraupen luzea izan du bereizgarri, Erein etxeak 2008ra arte argitaratzen jarraitu baitzuen, euskarazko argitalpenak laguntzeko politikari esker. Beste lekuetako haur aldizkariek egiten zuten bezala, didaktika -batez ere hizkuntzarekin lotuta- eta entretenimenduak biltzen zituen -jolasak eta istoriotxoak-. Marrazkilari askoren prestakuntza-tailerra izan zen. Hala ere, askok lehen urratsak Ipurbeltz aldizkariaren orrialdeetan eman bazituzten ere, gutxik lortu zuten profesionalen maila, aldizkariaren halamoduzko kalitatea zela eta.

Ipurbeltz denbora luzez haurrentzako komiki-aldizkari bakarra izan zen Euskal Herrian; baina, agertu zenerako, komikiari helduen gaiak eta kezkak lantzeko gaitasuna aitortzen zitzaion jada.

Habeko Mik (1982-1991), HABE erakunde publikoak argitaratutako aldizkaria dugu, eta euskara irakastea eta euskarazko alfabetatzea zituen helburu. Erakunde batek Espainiar estatuan argitaratzen zuen helduentzako lehen komiki-aldizkaria zen, eta hamarkada batez, euskal marrazkilari askorentzat profesionalizatzeko eta beren sormenak beste merkatu batzuetara eramateko abiapuntu izan zen. Bi hilean behingo 55 ale eta 18 album izanik -hiru mila orrialde istoriotxo sortu zituen-, Euskal Herriko komikien corpus garrantzitsuetako bat da oraindik ere, eta euskarazko komikiei dagokienez, baita funtsezkoena ere, dudarik gabe.

Funtzio didaktikoa zutenez, aldizkariak zein HABEren argitalpen orokorraren komikiek egitura klasikoa mantentzen zuten, ondo antolatutako istorioekin eta marrazki errealistekin. Istorio luzeen kasuan, episodiotan banatuta ematen ziren, eta Frantzian argitaratutako albumen ohiko luzera zuten -koloretako berrogei orrialde inguru-, horietako asko frantses merkaturatuko diseinatu baitziren. Habeko Mik aldizkariak euskaraz atera zituen komikietako batzuk Europako beste hizkuntza batzuetan ere argitaratu ziren -gutxitan gaztelaniaz-, eta, beraz, esan daiteke, erabilera pedagogikoa alde batera utzita eta merkatuan hedapen gutxi izan arren, aldizkariak arrakastaz sustatu zituela kalitate oneko helduentzako euskal komikiak.

Egileen artean, Gregorio Muro Harriet gidoilariaren inguruan bildutako donostiar marrazkilari taldea nabarmendu behar da -Daniel Redondo, Jose Manuel Mata eta Luis Astrain-, aldi batez estatus profesionala lortu baitzuten. Horiez gain, Javier Minak ere aldizkariarentzako gidoiak idatzi zituen, Pedro Oses eta Joaquin Resano marrazkilarientzat, eta beste egile askok beren istorioak marraztu zituzten baita ere, esaterako: Jose Ibarrolak, Javier Hernandez Landazabalek, Alvaro Ortegak edo Mauro Entrialgok.

Xabiroi aldizkariak ere, antzeko ekoizpen eredua jarraituz, merkatu hertsi honen mugak gainditzea lortu du. Gaur egun euskaraz argitaratzen den komiki-aldizkari bakarra da, eta Ikastolen Federazioak finantzatu eta banatzen du 2005az geroztik. Habeko Mik aldizkariak ez bezala, haurrak eta gazteak ditu hartzaile. Kolaborazio laburrak eta emanalditan banatutako istorio luzeak nahasten ditu, eta istorioetan, fantasiazko abenturak eta umorea dira nagusi. Harkaitz Cano eta Iban Zaldua bezalako idazle ospetsuek parte hartu dute maiz, baita gidoilari beteranoek ere, hala nola Josean Muñoz, eta Olivier Gileron, "Olier", eta, hainbat profesionalen eskutik, kalitatezko marrazkiak eskaintzen dizkigu: Dani Fano (aldizkariaren koordinatzailea), Iñaki G. Holgado, Juan Luis Landa, Marko Armspach, Julen Ribas, Lope, etab. Horrez gain, eta noizbehinkako kolaborazioetan, Euskal Herriko komiki marrazkilaririk onenek ere parte hartu dute. Hiruhilekoan behin ateratzen da, eta 2011ko urrian, hogeita laugarren alea argitaratuko du. Aldizkariaz gain, txukuntasunez editatutako album-bilduma bat ere badu, eta bertan, hiru izenburu argitaratu ditu jada eta etorkizunean gehiago ateratzea aurreikusi du.

Xabiroi aldizkariaren egileek eurek hasitako ekimenaren emaitza da, eta askotan kalitate eskasa zuen Ipurbeltz aldizkarian ez bezala, edukien egiturak askoz anbizio handikoak dira, izen handiko profesionalen kalitate-estandarren arabera sortuta eta marraztuta baitaude. Hortaz, helburu pedagogikoak aparte utzita, euskarazko komikiaren egungo erakustoki bakarra da.