Kontzeptua

Komikia Euskal Herrian

Espainiako merkatuari so eginez, argitaletxe independente egonkorren eta garrantzitsuenetako batek 2011n Bilbon du egoitza. Izan ere, hiriburu horretan jaio zen Astiberri, 2001ean. Lau urtez, 2005era arte, informazio eta kritika aldizkaria argitaratzen zuen, Trama, alegia, eta penintsula osoko liburutegi espezializatuetan doan banatzen zuten. Horrez gain, kalitatezko nazioarteko komiki aukera tinkoa eta hemengo komikigintzaren adibiderik onenak argitaratu ditu. Horrela, hamar urtetako katalogoa osatu du, hirurehun izenburu baino gehiagorekin.

Astiberriren argitalpenek iraganean Euskal Herrian errotutako beste komiki-argitaletxe batzuen izen ona oinordekotzan hartu dute. Lehen gerraostearen ondoren, Donostia argitalpen-zentro nagusi bilakatu zen, Offset Nerecan tailerren inprimatze-teknologia aurreratuari esker. Bertako prentsetatik atera ziren gerrako irabazleek argitaratutako istoriotxoen aldizkarietako asko, hala nola Flechas y Pelayos; baina baita Chicos asteroko aldizkari itxurosoa ere, lehenengo aroan Donostian bertan argitaratu zena (1938-39) eta Penintsulako komikigintzaren garapenean mugarrietako bat dena.

70eko hamarkadaren hasieran, diktaduraren hondar uneetan, Luis Gascak, urte luzetan komikietan aditu eta hedatzaile izandakoak, Donostian Buru Lan argitaletxea (1970-1977) animatu zuen. Argitaletxe horrek komiki klasikoak bildumarako faszikuluetan argitaratzen espezializatu zen, eta batez ere Ipar Amerikako istorioetan, hala nola Flash Gordon, Printze ausarta eta Rip Kirby Buru Lan argitaletxeak helduei zuzentzen zitzaion, eta komikigintzari prestigioa eman nahi zion, orduko espainiar merkatuan gailentzen ziren haur komikien mundutik aldenduz. Horrez gain, aldizkariak ere argitaratu zituen, esaterako: El Globo (1973-74), Linus italiar aldizkari ospetsuaren imitazioa zena eta komikiak -atzerritarrak gehienbat- eta artikulu kritikoak konbinatzen zituena eta Dracula (1970-71), espainiar egileen materiala eskaintzen zuena. Espainian helduen komikiak argitaratzeko lehen saiakuntza izan zen.

Kalitatezko komikien argitalpenetan, Astiberriren azkeneko aurrekaria Gasteizko Ikusager dugu. Ernesto Santolaya argitaratzaileak sortu zuen, eta 1979 eta 2000 urteen bitartean, berrogei komiki inguru argitaratu zituen, album handien formatuan eta ekoizpen oso zainduarekin. Horien erdiak euskaraz eta gaztelaniaz atera zituen. Gaztelaniazko komikigintzaren ohiko kalitate estandarren oso gainetik zegoen. Ikusager argitaletxeak une historikoetan girotutako istorioak argitaratu zituen gehienbat, adibidez: Antonio Hernandez Palaciosen Eloy, gerra zibilean kokatzen zena, eta Lope de Aguirre, felipe Hernandez Cavaren gidoiekin eta hainbat egileren marrazkiekin.

Aurreko argitaletxeek bezala, Astiberrik gaztelaniazko merkatuari zuzentzen zaio, hau da, Espainia osoa eta baita Hego Amerika ere. Dena dela, euskarazko zenbait lan ere argitaratu ditu. Egile-komikien aldeko apustua du bereizgarri, publiko heldu eta ikasi bati bideratuta, eta liburuen antzeko argitalpen-formatuak erabiltzen ditu. Nazioarteko argitaletxe alternatibo ospetsuenen ildotik (Fantagraphics, Drawn & Quarterly, L'Association), Astiberrik zuri-beltzezko marrazkien soiltasun erlatiboa eta argitalpen zaindua konbinatzen ditu, eta egileek zehazten dituzte merkaturatutako obren luzera eta estiloa.

Egileen artean, bilbotar argitaletxean edo pixka bat lehenago hasi diren euskal marrazkilariak ditugu, hala nola Raquel Alzate, Javier de Isusi, José Ángel Labari "Jali" eta Leandro Alzate; baina baita ere beren lana beste argitaletxe batzuetan ezagutarazi ostean Astiberrira jo duten beste batzuk, hala nola Luis Duran, Mauro Entrialgo, Bernardo Vergara eta Santiago Valenzuela. Nortasun handiko egileak direnez, ezin daiteke esan Astiberrik egile-obrak argitaratzeaz bestelako argitalpen-ildorik duenik.

Zalantzarik gabe, Astiberriren argitalpenak lagungarri izan dira XXI. mendeko lehen hamarkada honetan komikia produktu kultural bihurtzeko, askotan "eleberri grafiko" etiketari lotuta bada ere. Lan horretan Espainiako beste argitaletxe batzuekin batera bidean aurrera doa, eta batik bat independente deiturikoekin. Izan ere, zirkuitu komertzialez kanpoko komikiak argitaratzen dituzte, eta beren katalogoetan, irakuleek aipatutako euskal artistak eta beste batzuk ere aurki ditzake.

2011ko euskal komikiak, merkatuaren murriztasunaren ondorioz, bereizgarri du egileek ia ezinezkoa dutela profesional estatusa lortzea, espainiar prentsan erregulartasunez marrazten ez badute. Ondorioz, botere ekonomiko handiagoa duten kanpoko merkatuetan lan egin behar izaten dute -Frantzia eta Ipar Amerika gehienbat-, edo argitaletxe independenteentzako obra originalak eta ez komertzialak marraztu, beren kezkak islatuz, eta, anbizio handiz, komikigintzaren baliabide formalak aberasten ahaleginduz. Horrexegatik, agian, gastua egiteko ahalmena duen publiko heldua aurkitu dute, komikiak beste edozein arteren maila bera duela onartzeko prest dagoena.