Kontzeptua

Komikia Euskal Herrian

Itxuraz etorkizun gutxi zuen negozio-ildo batean arriskatuko zuen argitaletxerik eta banaketa-azpiegiturarik ez zegoenez, trantsizioaren garaietatik helduen komikiak fanzine-etan agertzen ziren sarritan. Fanzine-ak baliabide gutxirekin egindako aldizkari amateurrak dira, eta egileek fotokopien bidez eremu murriztu eta alternatiboetan banatu ohi dituzte. Hala ere, zenbaitetan, argitalpen kalitate oneko produktuak aurkitu daitezke.

Fanzine-en mundua izugarri zabala da, aldizkari hauek komiki-zaletasunaren eta gutxi batzuen gogoen emaitza direlako eta egileek ez dutelako inolako azpiegitura profesionalik, ez sortzerakoan ezta argitaratzerakoan ere. Izendapen horretan sar litezke jarraitasunik gabe ateratzen diren solteko argitalpen guztiak, kolektiboak zein indibidualak. Prentsa-askatasuna berreskuratu genuenetik hedatuz joan dira, eta edozein herritan edo hiritan agertzen jarraitzen dute. Gasteizko Sancho el Sabio Fundazioaren Fazinotekak bostehun aldizkari inguru katalogatuta ditu, Euskal Herrikoak zein bestelako jatorrietakoak.

Auto-argitalpen hauek ofizioa ikasteko egokiak dira, baina gehienetan ez dira edizio-egitura profesionalago batean gorpuzten. Formatu horretan agertu ziren lehenengo helduen komikietako asko euskaraz.

Kalitatezko fanzine baten adibide dugu El Balanzin. Euskadiko Ilustratzaileen Elkargo Profesionalak argitaratzen du urtero, Getxoko komiki eta Manga azoka dela medio. Ekitaldi horretan, editoreak, egileak eta zaleak biltzen dira, eta mota horretako ekimenen artean, Euskal Herrian egonkortuena da. Azokak iraun bitartean, antolatzaileek doan banatzen dute El Balanzin aldizkaria. Koloretan eta kalitate oneko paperarekin argitaratzen den formatu txikiko aldizkaria da, eta 2010eko abenduan 6. alea atera zen. Bertan, komikiaren eta ilustrazioaren inguruko profesionalek parte hartzen dute, Euskal Herrikoak gehienbat. Horrela, baliabide egoki bilakatu da formaren gaineko esperimentaziorako eta komertzialak ez diren istorioetarako. Izan ere, aldizkariaren orrietan, trabarik gabe adierazteko legua aurkitzen dute komikietan aritu ohi diren egileek eta noizbehinka aritzen direnek, hala nola Dani Maiz, sustatzaile nagusietako bat.

Bestelako izpiritu basatiagoa du TMEO gasteiztarrak. Fanzine inkonformista gisa jaio zen 1987an, eta gaur egun, Euskal Herriko komiki-aldizkaririk beteranoena dugu. Estiloak garai hartan "ildo txungoa" deitu zitzaiona jarraitzen du -Hergeren frantses-belgikar tradizioaren oinordekoen "ildo finarekin" kontrajartzeko-. Horrela, itsusitasuna eta leuntasunik gabeko satirak ditu bereizgarri, eta aldizkariaren izena ere horren isla argia da, komikiaren gaztelaniazko izendapena parodiatzen baitu. Aldizkaria erregulartasunez argitaratzen da, bihilekoan behin, eta gaur egun, koloretan eta paper ona erabiliz. Argitalpen mota hauetan iraupena izan duen kasu gutxietako bat dugu.

2011n 113 ale argitaratu ditu, eta hainbat bildumatan banatutako berrogei album baino gehiago dauzka, lehena 1992an agertu zelarik. TMEO-k berezko banaketa-bideak lortu ditu, orrialdeetako publizitatean agertzen diren tabernen eta saltokien bidez, eta horrek ale gutxiko tiradekin mantentzen ahalbidetzen dio.

Aldizkariaren kolaboratzaile taldea zabala da. Ohikoenen artean, Mauro Entrialdo -Penintsulan komikilari profesional gutxienetako bat-, Santi Orue, Ata, Alvarortega eta Piñata ditugu. Halaber, El Jueves aldizkariaren egileek ere -Fontdevilla, Vergara eta Monteys, adibidez- noizbehinka kolaborazioak egiten dituzte, TMEO-ren egileak El Jueves-en aritzen diren bezala, eta espainiar kontrakulturaren egile agurgarriek ere parte hartzen dute, hala nola Gallardo eta Nazario. Horrek erakusten du, itxuraz marjinala izanik, aldizkariaren umore basatia irekia eta erakargarria ere badela -egileei ordaintzen ez dien arren-.