Kontzeptua

Katedralak. Arkitektura

Katedrala apezpikuaren tenplu titularra da, elizbarrutiaren egoitza beraz. Eraikin hiritarra da batez ere, eta hirien garapena estilo gotikoarekin estuki lotuta dagoenez, katedral gehienak estilo gotikoan eraiki ziren. Hori da euskal katedral gehienen kasua, nahiz eta Iruñeko eta Baionako kasuetan gaurko eliza gotikoak baino lehenago desagerturiko fabrika erromanikoak egon ziren. Euskal Herrian zazpi katedral daudela esan dezakegu, Iruñean, Tuteran, Bilbon, Donostian, Baionan gehi Gasteizen dauden biak, Zaharra eta Berria deiturikoak.

Eraikin hauen bereizgarri estilistikoak horren anitzak izanik, ezinezkoa izango litzateke euskal katedralen ezaugarri tekniko komunen nolabaiteko corpusa eratzea, katedral bakoitzak bere nortasun propioa duelako, bakoitzaren sorrera eta gertaera historikoen ondorioa.