Kontzeptua

Katedralak. Arkitektura

Catedral de Baiona

Gaurko katedrala baino lehenago fabrika erromaniko bat egon zen, baina 1258an izandako suteak nabarmendu zuen eliza berri bat eraikitzeko beharra, estilo gotikoan jada. Lanak XIII. mendetik aurrera burutu zituzten, eta Frantziako Iraultzan izandako profanazio eta suntsiketak direla eta, XIX. mendean zaharberritze sakona jasan behar izan zuen, beti ere hizkuntza gotikoan, batasun estilistikoa behar bezala bermatzearren.

Oinplanoan, gurutze latindarreko disposizioa du, zazpi ataleko hiru naberekin, transeptu markatua, girola eta zazpi kapera erradialekin. Done Jakue Bideko elizetako oinplanoaren disposizioa jarraitzen du beraz, eta aspektu tekniko batzuk eta eskulturaren ezaugarriak kontutan hartuz, autore batzuek Xanpainako maisuen lana identifikatu dute, Nafarroako Champagnetarren dinastiaren eraginez agian.

Catedral de Baiona
Altxaeran, arku formeroen gainetik eta erdiko nabe eta alboko nabeen arteko altura ezberdina aprobetxatuz, goi galeria edo triforio bat dago elizaren barne perimetro guztian. Gainetik, barnealdearen behar bezalako argiztapena bermatzen duten leihoak daude, eta fabrika guztiak gurutze ganga gotikoa jaso zuen.

Kanpotik, aurrealdearen bi alboetan dorre gotikoak ditu, nahiz eta gaineko orratzak neogotikoak diren, XIX. mendekoak. Hegoaldetik klaustro gotiko ederra du, XIV. mendekoa eta oinplano errektangeluar irregularrarekin.