Kontzeptua

Katedralak. Arkitektura

Catedral de Vitoria

Nafarroako Antso VI. Jakituna erregeak 1181an Gasteiz izeneko herrixkaren gainean sortu zuen hiri berriak lehengo eliza bat izan zuen, baina 1202an Gasteizen izandako suteak sortu zuen oraingo eliza gotikoa eraikitzeko beharra. Bestalde, 1862an, Gasteizko elizbarrutia sortu zenean, Santa Maria elizak katedralaren maila lortu zuen. Historian zehar izandako hainbat erreformak egitura-arazo ugari ekarri zizkion fabrikari, eta eliza 1994an itxi behar izan zuten, erortzeko arrisku handia zegoelako. 1997tik aurrera zaharberritze prozesu sakon eta integrala jasaten ari da.

Gurutze latindarreko oinplanoa du, bost ataleko hiru naberekin, transeptu markatua eta burualde giroladuna, bost kapera erradialekin. Kontrahormen artean, gainera, kaperak ezarri zituzten. Altxaeran arku formeroak daude, triforio eta leihoak, ekialdekoak soilik orijinalak diren arren. Erdiko nabearen oinetan koru jasoa dago, XVI. mendekoa eta estilo platereskoan egina. Estalki gisan gurutze gangak daude fabrika guztian. Kanpoan ikus daiteke elizaren burualdeak hiriko harresiarekin bat egiten duela, baita XVI eta XVIII. mendeen artean eraikitako dorrea ere. Azpimarratu daiteke, gainera, XIV. mendean egindako portada gotiko hirukoitza, Euskal Herriko hoberenetako bat dela esan daitekeelarik.