Kontzeptua

Jaurgoa

Zalantzarik gabe, jaurerri laiko edo elizkoien sorrera eragin zuten elementuak aipatzeko unea da. Horretarako, batez ere, Nafarroako monasterio handiei eta familia jakin batzuetako (Ayala, Guevara, Murguia, Beaumont, etab.) jaurgoei begiratuko diegu.

Lehenik eta behin Jaurerri horien barnean, lurralde-oinarriak aipatu behar ditugu, lurren gaineko jabetza-eskubideen (ustiatuak edo lugorriak) eta langileekin eraikitako ekoizpen-harreman sozialen arabera. Oso datu gutxi ditugu jaurerrien azalerari zegokion balizko hedadurari buruz edo bertan biltzen zen bolumen demografikoari buruz. Aldi berean, egoera hori are zabalagoa da jabarien errealitateak berak eraginda.

Jaurerriak hainbat eskualde, herri eta herrixkatan zehar sakabanatutako ustiapen-unitateez osatzen ziren. Hori adierazgarria da, bereziki lurralde-jaurerri elizkoi handietan. Hori ez zen eragozpena jaun laiko edo elizkoiek beren jaurerriak etxe nagusi batetik eta haren ordezko beste etxe nagusi batzuetatik abiatuta antolatzeko. Udalerri jakin batzuen inguruan edo parrokia-eliza edo monasterio txiki (dekanotza, prioretxe, granja, etab.) batzuen inguruan "erreserba" eta "edukitzeen" jiran biltzen zen ustiapen-sistema ekonomiko bat eratu zen. Jatorri frantziarra duten adiera horiek Penintsula Iberikoan ere aplika daitezke dagozkion azalpen eta ñabardurekin.

Nagusiki Nafarroako monasterio handiek (besteak beste, Oteizatarrek XII. mendean, Arabako Kofradiako Jaunek, Arroniztarrek, Almoravid eta Baztan XIII. mendean, Murgiako Jaunek, Guevaratarrek, etab.) beren jaurerriak mantendu zituzten bitartean, bazituzten hainbat lur, zeintzuen kudeaketa zuzena oraindik toki horietako administrazioen eskuetan baitzegoen. Lur horiek otseinek eta soldatapeko langileek lantzen zituzten edo, bestela, zenbait nekazarik bakarka (edo herrixka-komunitate batzuetan kide guztiek) egindako lan pertsonalaren bidez lantzen ziren. Euskal Herrian lanarekin lotuta zeuden betebehar horiek izan bazirela ikusteko nahikoa da zenbait monasterioetako dokumentazioa behatzea, esate baterako, Iratxeko Santa Mariakoa, Leireko San Salvadorrekoa, La Olivako Santa Mariakoa, San Joan Jerusalemekoaren Ordenako prioretxekoa, Murgiako jaunarena -Gipuzkoa-, Arabako Kofradiako Jaunena, Kanpezuko Santa Cruz herriko Jaunarena edota Aramaioko Jaunarena.

XIII. mendeko Nafarroako Foru Orokorra ere oso argigarria da horri dagokionez. Modu horretan, nekazariek ere jaurgoaren ondasunen alde egin zuten nolabait. Jaunek, jaurgoak emandako eskubideetan oinarrituz, produkzio-bideetako batzuk bereganatu zituzten (laborarien lana) beren lurretara eramateko. Haien lurretan era autonomoan lan egiteko aukera horrek halako kontraesana sortzen zuen. Jaunen eskakizun horiek, hainbat kasutan, benetako euskarri ziren. Hala, neurri handi batean, euskarri hartan oinarritu zen "erreserbako" lana.

XIII. eta XV. mende bitartean lan pertsonalak desagertuz joan ziren apurka, izan ere, beste era bateko kontratu-mota batzuk sortu eta aplikatu ziren (iraupen luze edo laburreko kontratuak, soldatapeko lanaren erabilera. Dokumentazioan nekaraziak izendatzeko hainbat era zeuden, esate baterako, Jaurerriko zuhurrak, zikoitzak, "doilorrak", nekazari-morroiak edo laborariak. Horiek saldu egin zitezkeen ustiatzen zituzten lurrekin batera. Hau da, nekazari asko lantzen zuten lurrari atxikita zeuden. Hala, dohaintza, truke edo salmenta bidez besterentzen zirenean, berez, igorleak zituen eskubideak hartzailearen eskuetara igaro besterik ez zen egiten. Normalean, jabe berriek errenta batzuk eta onibarren gaineko jabaria eta horiekin lotutako bestelako eskubide batzuk baitaratzen zituzten. Nafarroako nekazari batzuk "nekazari-morroi" izaera erostea lortu zuten. Modu horretan, berezko borondaterik gabe, egun batetik bestera jaun berri baten menpeko izatera igarotzera behartzen zituzten egoeretatik libre geratzen ziren.

Bigarrenik, ezinbestekoa da, laburki bada ere, zenbait jaurerritan zeuden oinarri jurisdikzionalak aztertzea. Zalantzarik gabe lurralde-oinarriek askotan oinarri jurisdkzional horien sorrera eragin zuten. Aberastasun bat izateak, uneren batean, botere juridiko eta administratibo mota baterako eskumena izatea ekar zezakeen. Horrela ulertu behar dira XI. eta XIII. mendeen artean errege edo jaunek herrixka-komunitate edo monasterio batzuei emandako immunitate-eskubideak edo arlo judizialeko pribilejioak (Iratxeko Santa Maria monasterioa da horren adibidea) .

Behe erdi aroan horrelako emakidak arras ugaldu ziren Arabako probintzian. Bertan udalerri asko jaunen menpeko izatera pasa ziren, XIV. mendeko azken laurdenetik aurrera erregeak emandako sariei esker. Jaunek basailuen gaineko eskubide judizialak eta, are, eskubide politikoak eskuratu zituzten. Hala, uneren batean kontzejuko hauteskundeetan esku-hartzen zuten eta beste garai batzuetan erregearenak ziren errenta asko kobratu zituzten.

Uste dut merezi duela Gaztelako monarken sari nagusien titulartasuna aipatzea. Trebiño eta hartako herrixkak Pedro Manriqueri eman zitzaizkion 1366an; Antoñana eta Santa Cruz Kanpezukoa Juan Ruiz de Gaona eta Rui Diazek eskuratu zituzten 1367an; 1370ean Bastida eta Contrasta Diego Gomez Sarmiento eta Rui Fernandez de Gaunaren jaurgopean geratu ziren hurrenez hurren; Villarreal eta Artzeniega 1371. urtean pasa ziren lehena Juan de San Juan de Avendañoren eskuetara eta bigarrena Pedro Lopez de Ayalaren eskuetara; Añana Gatzaga Leonor de Guzmanek bereganatu zuen 1375ean; 1377an Diego Gomez Sarmientok Urizaharra eskuratu zuen eta Agurain Pedro Lopez de Ayalak 1384an. Halaber, XIV. mendeko amaiera aldera beste herri txiki batzuk, besteak beste, Juan Hurtado de Mendozaren (Otogoien, Otobehe, Erriberako Ermandadeko herrixkak, Fontetxa, Ollabarri, Bergonda, Legarda) Pedro Gonzalez de Mendozaren (Badaioz eta Zigoitiko Ermandadeak, Lacozmonte, Arrazua, Iruraiz, Ubarrundia, Eguilaz eta Margarita) eta Garci Sanchez de Arceren (Valderejo eta Comunion) eskuetara pasa ziren.

Maiorazkoa instituzionalizatzea baliagarria izan zen Jaunen emakida jurisdikzional horiek mugatzeko eta, era berean, titularra hiltzean emakida hori ondorengoen artean banatzea ekiditeko. Gipuzkoan bereziki azpimarratzekoak dira urteetan zehar Oñatiko eta Lazkaoko Kondeek Areriako Alkatetzaren gainean zituzten pribilejio juridiko eta politikoak. Bizkaian, Jaunarekin batera, funtzio hori betetzen zuten Haroko Kondeek Villaverdeko haranean eta baita Barakaldoko zonaldean ere denbora jakin batez. Iparralden XIV. mendeko erdialdetik aurrera hauek nabarmentzen dira: Beaumondarrak, Maule eta Donibane Garaziko gaztelauak, Luxako jaunak, Sauldarrak, Saredarrak, Expeletadarrak eta Garrotarrak. Horietako batzuk Pirinioen hegoaldeko Nafarroara hedatu zuten haien jaurgoa. Nafarroan XIV. eta XV. mendeetan hauek aipatu behar dira: Radatarrak (Rada eta Murillo el Frutoko jaunak) Medranotarrak (Sartaguda, Villatuerta eta Arronizko jaunak) Bakedaotarrak, etab., leinu garrantzitsuak izan ziren. Hala ere, XIV. mendetik aurrera horietako batzuk beren jaurgoa galdu zuten neurri batean.

XIV. mendean konderri batzuk sortu ziren aipatu ildo jurisdikzional horri jarraituz (Muruzabaleko Bizkonderria eta Ilzarbeko harana (1424) , Corteseko konderria (1411) Valderroko bizkonderria (1408) , Lerineko konderria (1425) . La Olivako Santa Mariako monasterio zistertarrak hainbat eskubide jurisdikzional lortu zituen XIV. mendean zehar Erriberako eskualdeko udalerri jakin batzuen gainean. Sarritan, jurisdikzio-eskubideekin batera hainbat eskubide politiko -kontzeju, jurisdikzio zibil eta kriminal ofizialen izendapen edo berrespenak (Ayala eta Laudioko Jaunak, Murgiako Jaunak, Ezpeletako Jauntza XV. mendearen amaieran eta Luxa, Lentabat, Sorhapuru eta Gramont baroigoak) -, fiskal edo zergazko (alkabalen, eskarien eta bidesarien kobrua (Murgiako Jaunak) , burdina-zainen entrega (Bizkaiko Salazartarrak) , etab.- ematen ziren. Horiez gain, eliza-eskubideak ere izaten ziren -patronatu-eskubideak, elizetako benefiziodunen izendapena, hamarrenen kobrua (Gipuzkoako Lazkaotarrak eta Olasotarrak) , elizetan eserlekua hartzeko lehentasuna, etab.-. Eskubide horiek guztiek boterea eta baliabideak eskuratzeko beste bide bat ziren Jauntza horietan, batez ere, depresio ekonomikoaren ostean kolektibo horren barruan nabaritu zen nahasmen handiaren ostean, XIII. mendeko azken urteetatik aurrera eta, batez ere, XIV. mendean zehar gertatu zirenak.

Zenbait kasutan jaunek indarrez bereganatu zituzten eskubide horietako batzuk (ordainsarien kobrua, herri-lurren gainekoak, etab.) edo beren boterea baliatu zuten nekazariei lurrak, errentak edo bestelako eskubide batzuk kentzeko. Politika arloan nobleziako sektore ezberdinen artean basailutza-harremanak finkatu zituzten modu hierarkikoan. Bandoen arteko borrokak adibide egokiak dira leinuen artean ematen ziren itun, tregua eta menderatzeak azaltzeko.

Solidaritate horietatik abiatuz eragin politikoa ere iritsi zen hiribildu batzuetara, hala, kontzeju ofizial batzuen izendapenean parte hartu zuten (Azpeitia, Lenizko harana, etab.) . Ez da harritzekoa herriko beste sektore batzuetatik independentzia handiagoa aldarrikatzea eta ermandadeak baliatzea kapare eta ahaide nagusiek kontzejuen gainean zuten boterea bertan behera uzteko. XIV. eta XV. mendeetan Ahaide Nagusi izenez ezagutu zirenek XI. mendetik XIII. mendera lortu zuten ziurrenik eragin sozial eta politikoa. Jazoera horri elementu hauek gaineratu behar dizkiogu, hain zuzen, Nafarroa eta Gaztela arteko mugan kokatzen zirela, Gaztelako edo Nafarroako Gorteek (eta baita Bizkaiko Jaunek ere) lurralde horietatik urrundu zirela eta mundu hiritarrak berandu izan zuela goraldia. Gaztelako Koroako erregeek eskualde horiek konkistatzean, aldi berean, salerosketak egingo ziren Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako leinuetako buruzagiekin. Dena den, aipagarria da bandoetako nobleziak jaurerri txikiagoak izan zituela Arabako noblezia gehienek edo Nafarroako leinu handiek baino.

Jaurgo hitza kapare euskaldun (gipuzkoarrak, bizkaitarrak eta arabarrak) horientzat ere erabil daiteke. Horiek orube zaharren jabedun ziren eta bertan altxatzen zituzten defentsarako dorreak. Gainera, patronatu-eskubideak zituzten eliza batzuen gainean eta burdinola, lur eta larre batzuen jabedun ziren. Familia horietako batzuek ez zieten muzin egin merkataritza- eta artisautza-jardunei (ontziola) . Nobleziako beste sektore batzuekin alderatuta maila bat beherago zegoen jende hori. Dena den, dorreak zituzten eta dorre horietako asko hiribilduetako jurisdikzioetan (Gipuzkoan eta Bizkaian) barneratutako biztanleek suntsitu egin zituzten. Horrek argi erakusten du jaurgo zantzuak ikusten zirela horietan eta herritarrek halaxe ikusten zituztela.

1457an Enrike IV. erregeak ahaide nagusi horietako asko Andaluziara erbesteratzeko agindua eman zuen. Horrek agerian uzten du monarkiak tokiko noblezia menderakaitz horiek azpiratzeko interesa zuela, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste gizarte-sektoreekin etengabeko lehian baitziren. Aldi berean, hiri-sektoreen, merkatari euskaldunen eta Gaztelako noble eta merkatari handien eraginak hauspotu egin zuten prozesu hori. Ibilbide horietan zehar egiten ziren artile-esportazio asko, eta Gaztelako noblezia eta merkatariak interes handia zuten artilea baliatuz landutako produktu horietan. 1460. urtera arte ez ziren beren jatorrizko lekuetara itzuli. Dena den, hainbat ordenantza ezarri ziren kontzejuko karguak izan ez zitzaten (1463) . Giro horretan eta aurreko liskar horiek baretuta, ahaide nagusiek Ermandadea kentzea ere eskatu zuten (1475) . Gatazka horien atzean jaunek zituzten antzinako interesak egoera historiko berrietara berregokitzeko beharra nabari da.

Jaurgo hitzaren atzean, azkenik, jauntza-errenta gordetzen da.

Erdi aroko mendeetan zehar Jaurerriak aldatu eta eraldatu egin ziren. Jauntza-errenta zenbait desagertu egin ziren. Hala ere, beste batzuk sortu ziren edo aurrez zeuden beste batzuk garatu ziren, galdutako errentak berreskuratu edo, hala bazegokion, errentak areagotzeko. Jaurerri ezberdinetan hazienda-tresna bereziak izan ziren. "Erreserbatik", burdinolen ustiapenetik, nekazaritza-kontratuetatik, lurralde-zergetatik (petxak, infurtzioak, San Martin eguneko zergak, martxoko idia) edo jurisdikzio-zergetatik (afaria, jate, ostatatze, kalumniak, hilketak, hamarrenak, hasikinak, antzutasuna, nuntzio, oinaze, etab.) eratorritako errenten garrantzia ezberdina izan zen Jaurerri bakoitzean eta, era berean, haien bilakaera ere ezberdina izan zen horietako bakoitzean. Jarduera militarretatik eratorritako errentak ere kontuan hartu behar dira. XI. mendetik XIV. mende erdialdera Euskal Herriko mundu hiritarra aski garatu zen. Horrekin batera, boterea birbanatu egin zen, batez ere, tokiko jantxo txikien (Ahaide Nagusiak) eta hiribilduetako biztanleen artean, azken horiek izan zirelarik onuradun nagusiak. Foruetan ere herritar horientzat ezartzen ziren pribilejioak haien aurreko egoera kontuan izanda eta jaunen "foru txarretatik" aske geratzen ziren. Ordutik aurrera, jaun nagusi batzuk erdiguneko zonalde horren gaineko kontrola mantendu zuten (Ayalako Jaurgoa eta Guevaratarren Jaurgoa) , edo Hego Euskal Herriko mundu hiritarrean (Araba) indartsu sartu ziren lehen aldiz. Halaber, Nafarroan noblezia berri bat sortu zen XV. mendearen hastapenean.