Kontzeptua

Jaurgoa

Jaurgoaren jatorria erdi aroan aurkitzen da oinarrian. Zehazki esatera, X-XIII bitarteko mendeetan zehar hainbat familia, eliza edo monasteriok tituluak eta jabetza-eskubideak nahiz boterea pilatu zituzten Mendebaldeko Europan. Euskal Herria ez zen prozesu horretatik at geratu. Dena den, kasu horretan XIV. eta XV. mendeak dira lurralde horietan gertatutako jaurgo-prozesuen eredu argienak.

Nafarroako Foru-erkidegoan hainbat monasteriok ondare esanguratsuak batu zituzten ikuspuntu ekonomiko eta politiko batetik. Horren adibide dira, Leireko San Salvador Monasterioa, Iratxeko Santa Maria, Irantzuko Santa Maria, La Olivako Santa Maria, Orreagako Santa Maria kolegio-eliza edo Iruñeko eliza-katedrala. Nafarroako erregeek eta Erreinuko nobleziako beste kide batzuek hori bultzatu zuten dohaintzen bidez. Aldi berean, erlijio-komunitate horiek beren ondasunak babesteaz arduratu ziren, besteak beste, erosketan, trukean, maileguan eta zorpetzean oinarritutako politikaren bidez. Nobleziak, arrazoi espiritual eta ekonomikoak zirela medio, instituzio horien alde egin zuen nabarmen haiek sortu eta lehen urteetan. Ondoren nekazal familiek edo familia "burgesek" monasterio horiek aberasten jarraitu zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoan ez zen halako jabaririk eratu erdi aroko lehen mendeetan. Beranduago agertu ziren batzuk, nahiz eta indar gutxiagoz, esate baterako, Zenarruzako Santa Maria kolegio-eliza (Bizkaia) , Barriako Santa Maria (Bizkaia) eta Kexaako San Joan monasterioak (Araba) , bi horiek emakumeentzat, eta Donostiako San Bartolome monasterioa (Gipuzkoa) . Eskualde horretan, berez, nobleziaren jokabidea Nafarroako nobleziaren parekoa zen. Dena den, erdi aroan haiek egindako dohaintzek beste leku batzuetara bideratu ziren, esate baterako, Errioxako San Millan de la Cogolla eta Naiarako Santa Maria la Real monasterioak eta Oñako San Salvador eta Bujedoko Santa Maria (premontretarra) monasterioak Burgosen. Aldi baterako jabari handi horiek monasterio-komunitate horietako zenbaiten inguruan osatzen ziren bitartean, lurralde horretako nobleziak bere lursail eta ondareak berrosatzen zituen.

Euskal Herria oso txikia zenez, leinu hauetako asko beren jaioterriko mugetatik at hedatu ziren. Pierola, Ayala eta Mendozako leinuak eta Albarracineko jaunak, besteak beste, botere musulmanen aurka abiarazitako Espainiako Iparraldeko Erreinuen birkonkista- eta birpopulatze-prozesuen babesean aberastu egin ziren, Gaztelako Koroan edota Aragoiko Koroan. Haien jatorrizko inguruetan ez zuten beste latitude batzuetako nobleziak sortutakoen antzeko jabaririk osatu. Hala ere, ondare handiak pilatu zituzten Gaztela eta Leon edo Aragoiko ondasun handietako elementuen bidez. Bestalde, Araban, "Enrikeren sariek" Probintziaren jaurgo-prozesua ekarri zuten. Zehazkiago esateko, probintzia horretako udalerri asko jaurerri bilakatu ziren.