Kontzeptua

Itzulpengintza Euskal Herrian

XVIII. mendetik aurrera euskal literatur eta itzulpen ekoizpena aldatzen hasi zen, batez ere Ilustrazioaren eragina hedatzen joan zelako. Ekialdeko probintzietan lehenago eta zuzenago heldu zen letren sekularizatzea, eta Antoine d'Abbadie eta Bonaparte printzearen ikerketak sostengatzeko, Arxu, Daskonagerre, Etxenike, Duvoisin, Intxauspe, Mendigatxa, Salaberri eta Uriarte, besteak beste, aritu ziren itzultzaile, idazle eta ikerle.

Aipagarri dira alegien inguruko lanak: Joan Batista Artxuk 1848an La Fontainaren aleghia berheziak argitaratu zituen (bertsoz itzuliak) eta Leonce Goyhetche apaizak 1852an La Fontaineren beste 150 fabula euskaratu zituen (bertsoz ere bai), Fableac edo aleguiac Lafontainenetaric berechiz hartuac.

Mendebaldeko probintzietan letrak sekularizatzeko bidean zenbait faktore eragile elkartu ziren, barrukoak zein kanpokoak. Atzerrikoen artean, nahitaez aipatu beharrekoak dira Europatik zetozen aire berriak, haize kirria bihurtuta heldu arren. Barrukoen artean, noraezean ekarri behar da gomutara Xabier Maria Munibe aristokratak 1765.ean eratutako Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Kultur kezkadunak haren ingurura elkartzearen ondorioz, bateko, eta, besteko, Manuel Larramendi jesuitaren lanen eraginez, euskarara ekartzen hasi ziren Pedro Antonio Añibarro, Agustin Kardaberaz, Sebastian Mendiburu, Bizenta Mogel eta Joan Antonio Mogel, besteak beste. J.A. Mogel bizkaitarrak Pascalen Gogamenak itzuli zituen, baita haren loba Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegi latinetik euskaratu ere: Ipui onac.

Kanpoko eragileetatik ezin ahantz daitezke Louis-Lucien Bonaparte (1775-1840) printzearen ekarria eta bultzada, erlijio testu batzuk itzultzeko agindua egin zien-eta hainbat euskalkitako adituei, berberak eginiko euskalki mapa batetik abiatuta. Helburua ez zen, berariaz, itzulpena bera bultzatzea, baina lantalde nabarmena batu zuen: Duvoisin (lapurtera), Etxenike (baztanera), Intxauspe (zuberera), Mendigatxa (erronkariera), Otaegi (gipuzkera eta goi nafarrera), Salaberri (behe nafarrera), Uriarte (bizkaiera eta gipuzkera). Ospe handikoa izan zen J.P. Duvoisinen Bible Saindua edo Testament Zahar eta Berria, Londresen argitaratua (1859 eta 1865).

Liberalismoaren aurkako mugimenduak hainbat testu politiko (batez ere frantsesak) itzultzea ere ekarri zuen: Jose Ignacio Aranak 1887an Liberalen dotrina pecatu da eta Bai, pecatu da liberalquerija 1896an euskaratu zituen, Sardá i Salvanyrenak; Laurent Diharassarryk 1890.ean Aphezen dretchoac eta eguinbideac eletzioetan; Michel Elissamburuk Zer izan diren eta zer diren orain Framazonak munduan (1890), Framazonak, bigarren edizionea, eta Frantziako hirur Errepubliken istorioa laburzqui (1891).

Aurreko motetatik bereiz, ezin alboratuzkoa da José Colá y Goitiren kronika, La Emigración Vasco-Navarra, Euskal Naparren joaera edo emigrazioa (1885) izenburuaz Martzelino Soroak paratua.

Literatura didaktikoaz eta politikoaz gain, halere, XIX. mendean erlijio gaiak itzultzen sendo ere sendo jarraitu zuten. Egile eta lan batzuk aipatzearren, agortzaile izateko asmorik gabe, hara hor: Pedro Antonio Añibarro (Cristau dotriña, 1802-1803), Arrue (Mariaren Gloriak 1881, Kristoren imitazioa, 1887), Joakin Lizarraga (hainbat lan, axolazkoa erabili zuen euskalkia dela kausa ere -mendebaldeko goi nafarrera-, gaur desagertuta baitago), Joan Antonio Moguel (Cristinaubaren jaquimbidea, 1879), Juan Jose Oteiza (San Lucasen ebanjelioa, protestantea), Frantzizko Laphitz (Bi saindu heskualdunen bizia: San Inazio Loiolacoarena eta San Frantzizco Zabierecoarena, 1867; Santa Genovevaren vicitza, 1868).