Kontzeptua

Industrializazioa

Petrolioaren prezioen igoerak 1973an irekitako nazioarteko krisiak eragin handia izan zuen euskal ekonomian, batez ere haren industria-sarean. Euskal industriak garesti ordaindu zuen mundu osoko krisiak gehien kaltetutako sektoreetako batekiko mendekotasuna, metalurgiarekiko (1975ean, metal-industriek Euskal Herriko industria-produktuaren % 55 ematen zuten), baina, era berean, eragina izan zuen autarkiaren garaian metatutako atzerapen teknologikoak, espazio-banaketa desorekatuak eta aurreikuspenik eza iraultzeko ezintasunak: Europako industria-eskualde garrantzitsuetan laster hasi zen baliabideak eta kapitala produktibitaterik gabeko sektoreetara aldatzen. Baina euskal industria handiek, batez ere metalurgikoek, aduanen babesean eta estatuaren laguntzan ezarrita jarraitu zuten krisiaren lehen urteetan, harik eta atzeraezina bihurtu zen arte. Enpresa handiak desagertu ziren, eta beste askok izugarri murriztu zituzten langile kopuruak, eta produkzio-prozesuak kanpora atera zituzten; gutxi garatutako zerbitzu-sektoreak ezin izan zuen epe laburrean industriatik zetorren lan-eskuaren soberakina bereganatu, eta langabeziak muga jasangaitzetaraino egin zuen gora eremu industrializatuenetan; migrazio-fluxua alderantzikatu egin zen Gipuzkoan eta Bizkaian, hurrengo hamarkadan biztanleria galdu baitzuten, eta, alderdi horietan guztietan, mende bat baino gehiagotan ikusitako joerei amaiera eman zitzaien.

1990eko hamarkadan susperraldi ekonomikoa hasi zenean, hirugarren sektoreak industriaren lekukoa hartu zuen okupazio-iturri nagusi eta motor ekonomiko gisa, eta industria-sektorea gainditu zuen okupazioaren eta produktuaren balioaren parametroetan, industrializazioa hasi zenetik lehen aldiz.